Jolasa ez den azoka

Jolasa ez den azoka

Lander Muñagorri Garmendia

Jaialdiaren izenak berak dio: serioa eta dibertigarria. Jarrera horiek biak hartzen ditu Fun & Serious nazioarteko bideo joko independenteen jaialdiak. Izan ere, sektorea aisialdiarekin lotzen dute askok, baina negoziorako esparrua ere bada. Eta alor horiek landuko dituzte Bilboko Euskaldunan egingo den jaialdian. Horregatik izan daiteke jaialdia serioa eta dibertigarria era berean: bideo jokoetan jolasteko aukera eskainiko duelako, baina baita negozio ereduari buruz hitz egiteko ere. Gaur hasi eta astelehenean amaituko da “nazioartean bere lekua egiten ari den jaialdia”, Alfonso Gomez jaialdiko zuzendariaren hitzetan.

Baieztapen hori datutan ikus daiteke, Bilbon egingo den jaialdi horretan sektoreko 600 enpresa eta 50 hizlari batuko baitira. Asko, atzerritik etorritakoak. Jaialdiak bideo jokoen sektorearen analisia egingo du, eta negozio eredua nola bideratu aztertuko duten mahai inguru eta hitzaldiak ere egongo dira. Baina, ezeren gainetik, bideo jokoei buruz hitz egingo da. Horrekin guztiarekin, bideo jokoek zinemak eta musikak duten estatus bera lortzea nahi du Gomezek: “Industriak merezi duen garrantzia izan behar du”.

Gaur abiatuko da jaialdia, eta industriaren inguruko mahai inguruak egingo dira Euskalduna jauregian. Industriako agenteak bildu nahi dituzte Games Industri Forum bilkuretan: diseinatzaileak, bideo jokoen garatzaileak eta inbertitzaileak arituko dira bertan, besteak beste.

Baina sektoreko jarduerei buruzko hausnarketez gainera, jende gehien jolastera joango da Euskalduna jauregira. Gaurtik igandera, jaialdian urteko berrikuntza handienak probatu ahal izango dituzte erabiltzaileek. Hau da, bideo jokoetan jolastu ahal izateko 200 postu egongo dira bertara joan nahi dutenen eskura. 45.000 jolas ordu izango dira eskuragarri, eta iazko datuak berdintzea aurreikusten dute antolatzaileek: 30.000 parte hartzaile bildu baitziren.

Astelehenean, sari banaketa

Jolasa eta negozioa biak batera uztartuta daude Bilboko Fun & Serious jaialdian, baina, horrekin batera, sariak ere egongo dira. Bideo jokoen arloko pertsona ezagunenei omenaldia egiten die urtero, eta aurten ere hala izango da. Hiru omendu izango dituzte aurten. John Romero izango da sarituetako bat, Wolfenstein 3D, Quake eta Doom jokoen garatzailea, eta lehen pertsonako tiroketa modalitatea asmatu zuena. Jordan Mechner Prince of Persia bideo jokoaren sortzailea ere bertan izango da. Bi sortzaile ezagun horiekin batera, Jeffrey Kaplan Overwatch eta World of Warcraft joko ezagunen sortzailea ere sarituko dute Bilboko jaialdian. Sari banaketa astelehenean egingo dute, Guggenheim museoan, gala batean.

Aurtengo Fun & Serious jaialdiko herrialde gonbidatua Alemania izango da. Europan bideo jokoen sektorean gehien garatutako merkatua duen herrialdea da.