Euskaraz sortu eta loratutako filmak, Campos Eliseos antzokian

Euskaraz sortu eta loratutako filmak, Campos Eliseos antzokian

Natalia Salazar Orbe

Euskaraz sortu eta ekoitzitako lanak euskarazko ikus-entzuleen esku, doan. Horixe eskainiko du, beste urtebetez, Zine Kontari zinemaldiak. Bilbon egingo dute, datorren asteartetik ostiralera. Hirugarren ekitaldi honetan, zazpi proiekzio egingo dituzte, Canpos Eliseos antzokian: film luzeak eta laburrak izango dira. Euskarazko ekoizpen mota hori sustatzea du helburu erakustaldiak: euskaraz idatzitako istorioak euskaraz kontatzea.

Gai askotako lehen mailako sortzaileen lanak jarriko dituzte ikus-entzuleen eskura antolatzaileek. Beti bezperako koplak film laburrarekin emango diete hasiera saioei. Maialen Lujanbioren gidoia ardatz hartuta Ageda kopla taldeak zuzendutako lana da. Genero indarkeriaren salaketa gordina du ardatz.

Hark zabaldutako bidearen ostean iritsiko da euskara ikasleen artean bereziki ezaguna bilakatu den Kutsidazu bidea Ixabel. Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok euskaldun berri batek baserri giroan euskara ikasteko bizi dituen komeriak eraman zituzten pantailara. Joxan Sagastizabalek idatzitako eleberriaren moldaketa da asteartean ikusi ahalko dena.

Zazpi proiekzioen artean denetariko generoak aurkituko dituzte ikus-entzuleek. Sentimenduen barrenak sakon astinduko ditu, esaterako, Loreak filmak. Ane, Lourdes eta Tereren bizitzak goitik behera aldatuko dira astero-astero ezezagun batek modu anonimoan helaraziko dizkien lore sorten eraginez. Lore horiek ahaztutzat zituzten sentimenduak azaleratuko dizkiete. Asteazkenean izango da Jose Maria Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregik idatzi eta lehenengo biek zuzendutako filma ikusteko aukera. Lehenago, Zeinek gehiago iraun film laburra emango dute.

Estreinatu zutenean zalaparta handia sortu zuen Asier ETA biok ere izango da Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan. Aitor eta Amaia Merinok zuzendutako film horrek ideologia desberdinetako pertsonen artean jarrerak hurbiltzeko bide bat zabaldu nahi du. Arantza Ibarrak zuzendutako Betiko film laburraren ostean taularatuko dute.

Azken eguna haurrentzako lan batentzat gorde dute: Aita, zonbia naiz emango dute ostiralean, 18:00etan. Gainerako emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. SGAE Fundazioak eta Euskal Herriko Gidoigile Porfesionalen Elkarteak antolatu dute.

Galdeketaun lehiaketa

Euskara aisialdira eramateko beste jarduera bat ere martxan darabilte Bilbon: Galdeketaun lehiaketa. 12 eta 17 urte arteko gazteentzat egina dagoen aplikazio horren helburua da gazteok euskaraz jardun eta jolas daitezen. Funtzionamendua erraza da: hainbat galderari erantzun beharko diete erabiltzaileek denbora mugatu batean. Aplikazioak berak eskainiko dizkien zenbait erantzunen artean zuzena aukeratu behar dute. Urtarrilaren 31ra arte, nahi beste aldiz aritu ahalko dira jolasean. Hainbat sari eskura ditzakete parte hartzaileek.

Kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo, Bizkaia eta Athletic izango dituzte ardatz galderek. Bilboko Itsasadarra itsas museoaren, Euskal Museoaren eta Berreginen Museoaren parte hartzea izan dute aplikazioa sortzeko Bilboko Udalak eta nontzeberri.com atariak. Beraz, itsasadarra, bertako kultura eta historia ere landuko dituzte galderek. Aplikazioa jaitsi eta jolasean hasteko prest dago.