“Etorkinen harreran erakundeen aurretik goaz askotan”

Lander Muñagorri Garmendia

Etorkinen harreran laguntza eskaintzeko gobernuz kanpoko 63 erakundeek osatzen duten sarea da Harresiak Apurtuz. Aurten hogeigarren urteurrena ospatzen ari dira, “inoiz baino lan gehiago” duten garai batean, gainera. Aitor Oribe (Bilbo, 1982) sareko zuzendaritzako kidea da, eta salatu du koordinakundea sortu zen garaitik atzera egin dela etorkinen eskubideetan. Egoera bideratzeko gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana goraipatu du.

Hogei urte bete ditu Harresiak Apurtuz koordinakundeak. Atzera begira zer balorazio egiten duzu?

Sarea etengabe eraikitzen aritu gara, horko kide diren erakundeei etengabe laguntza eskainiz. Urte hauetan murrizketa ugari izan dira etorkinen eskubideetan, eta baita murrizketa ekonomikoak ere. Baina murrizketa horiek gehien nozitu behar izan dituztenak etorkinak izan dira, jende askok hala uste ez arren.

Zenbaterainokoa izan da atzerapauso hori?

2012an Espainiako Gobernuak onartu zuen dekretu baten arabera, estatukoak ez ziren biztanleei medikua edukitzeko eskubidea ukatzen zitzaien. Euskadin saiatu ziren hori aldatzen, urte bateko erroldatzea eskatuz, baina pentsa zer den urte batez medikurik gabe egotea! Egoera horretan, larrialdietara jo behar dute etorkinek, eta herritarren irudipena da larrialdiak etorkinez beteta daudela. Hogei urte hauetan atzera egin da, eta krisi ekonomikoarekin areago, aitzakia topatu dutelako murrizketak egiteko.

Eta hori guztia errefuxiatuen krisi betean…

Hala da. Errefuxiatuen kasua okerrago da, gainera, eskubide gehiago dituztelako. Geurez denok ditugu eskubideak, baina errefuxiatuek estatutu propioak dituzte, eta kasik estatu bateko kide balira bezala dira. Baina traba administratibo asko daude errefuxiatuak onartzeko. Gizarte zibilak elkartasuna erakutsi du kasu honetan, eta eskaera egin die erakundeei ildo honetan lan egin dezaten, baina irudipena dut askotan ez dugula behar bezala erantzun.

Zergatik diozu hori?

Maila pertsonalean uste dut gizarte moduan lokartuta gaudela. Eskubideak guri murriztu dizkigutenean ere ez dugu behar bezala erantzun; beraz, pentsa aurpegirik ez duen bati murriztuz gero. Hala ere, gizarte zibilak erantzun eredugarriak ere eman ditu, eta etorkinen harreran erakundeen aurretik goaz askotan. Hizkuntzak ikasteko klaseak ematen dituzten erakundeak daude, kalean bizi direnentzako pisu eta ostatuak antolatzen dituztenak…

Horietako asko Harresiak Apurtuz sareak koordinatzen ditu. Esan daiteke agintariek egin beharko luketena egiten duzuela askotan?

Bai, hala da. Eta hori ona da, denetariko zerbitzua eskaintzen dietelako koordinakundeko erakundeek. Esaterako, medikuntza arloko laguntza daukagu, eta sendagaiak ematen dizkiegu.

Hala ere, hori arriskutsua izan daiteke, gobernu batek bete beharreko funtzioa halako erakundeen esku utz dezakeelako. Zein da bilatu beharreko oreka?

Koordinatuta lan egitea gustatuko litzaidake. Halako zerbitzuak eskaintzen baditugu, behar batzuk daudelako eskaintzen ditugu, baliabideak gaindituta daudelako; baina baita arazo bati behar besteko erantzuna ematen ez zaiolako ere. Guk asko lagundu dezakegu, baina gobernuari ardura gehiegi utz diezaiokegu, eta behar batzuei gizarte moduan erantzun behar diegu. Nik herritar moduan erantzun behar dut, eta horretarako ardura batzuk hartuko ditut. Hori bilatu behar dugu.

Alde horretatik, bi urte dira hirugarren sektore sozialeko legea martxan jarri zela. Nola lagundu dizue horrek zuen jardunean?

Gauzak asko argitzen ditu, zerbitzu bakoitza zein erakundek bete behar duen esaten baitu. Une honetan, trantsizio egoera batean gaude, ardurak eskualdatzen ari baitira. Eskubide denei erantzun behar zaie, eta, behar adina baliabide ez badaude, horiei erantzuteko balio du legeak. Eta kasu bakoitzean zer egin behar den esaten du, eta nork bete behar duen ardura hori.

Hogei urte bete dituzue aurten. Nola ikusten duzu etorkizuna hemendik aurrera?

Harresiak Apurtuz dinamikaren urteurrena lan askoko garai batean iritsi zaigu. Talde lan eta koordinazio ardura asko dauzkagu, arazo asko aurre egiteko. Hogei urtean lan gehien dugun garaia da, osasun arloa koordinatzeko taldea dugulako, erroldarentzako beste bat, diru sarrera bermatzeko errententzat beste bat, etorkin gazteen zailtasunei aurre egitekoa… Hogei urte barru nahiko genuke erakundeekin daukagun harremana baliatuta horiei irtenbideak ematea. Zer gertatuko den ez dakit, baina badakidana bada garaian garaiko gobernuek momentuko testuinguruaren araberako erantzuna emango dutela. Hori da penagarriena, eskubide sozialak testuinguru ekonomikoari lotuta daudela oraintxe. Hala ere, espero dugu aukera izango dugula politikan eragiteko, baina hori ez dago gure esku.