Hitzek esan ez dutenaren bila

Hitzek esan ez dutenaren bila

Natalia Salazar Orbe

Gorputceco icara / animaco lotsa / cerren eguin ditudan / amalau eriotza, / aditu ezqueroztie / diruaren otsa / bidera irten eta / botateco polsa, / ateraco niola / bestela biotza. Hala diote Xabier Lete, Antton Valverde eta Julen Lekuonak duela 40 urte grabatutako Bertso Zaharrak diskoari esker ospetsu egin zen Hamalau heriotzena bertsoetako baten hitzek. 1970eko hamarkada hartan jendaurrean zabaldu ostean ere izan dute ibilbidea. Hainbat abeslarik kantatu dituzte gerora. Jose Larrañagak 1825eko urriaren 31n Etxebarriko Altzibar baserrian egin zuen hilketa hirukoitza dute ardatz bertsook. Horiek entzuteak eragin zien zirrarak bultzatuta ekin zioten hitzok eta gertatutakoa ikertzeko lanei Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeek. Dokumental bat osatzeko lanetan ari dira, baina bi hipotesi argitzen lagunduko dien informazio bila jarraitzen dute. Modestok berak azaldu ditu: “Bertsoen egileari buruzko hipotesia, eta hiru hilketen arrazoi nagusiaren hipotesia”.

Jose Larrañaga mendaroarrak hiru pertsona hil zituen Etxebarriko baserrian: Miguel Galdos, 58 urtekoa; Katalina Gandiaga, 61 urtekoa; eta horien alaba Josefa Micaela, 31 urtekoa. Katalina ez zen berehala hil. Hilzorian zegoela kontatu zien inguruko baserrikoei zeinek egin zien eraso. Handik gutxira atxilotu zuten Larrañaga, Santanderren (Kantabria, Espainia). Bilboko kartzelan sartu, eta hurrengo urteko ekainean hil zuten, garrotez.

Jose Larrañagak edo Larrinaga, Bizkaiko agiri guztietan agertzen den bezala aitortu egin zuen bera zela hiltzailea. Hala ere, Arrieta aita-semeek uste dute ez direla argitu familia hura hiltzeko izan zituen arrazoiak. “Arrazoi sakon bat egon zitekeela pentsatu beharrean gaude”.

Bertsoetan aipatzen diren datu objektiboetako asko dokumentatu egin ahal izan dituzte. Besteak beste, datak, izenak, lekuak eta gertaerak. Hiltzailea epaitzeko sumarioa ere aurkitu dute. “Bertsoetan dirua aipatzen da hilketen arrazoi moduan. Baina Katalinak berak erantzuten dio hiltzaileari esanez badakiela han ez dela dirurik”. Bertsoen egileak jaso zituen adierazpenok.

Iruditzen zaie historia horren atzean bestelako funtsezko arrazoiren bat egon daitekeela. Hala, Larrañagaren profil psikologikoa egiten ari dira. Gertatutakoa hobeto ulertzeko argibideen bila ari dira.

Biktimak laurak izan zirela deritzote ikertzaileek: “Ez bakarrik egun hartan hil zirenak. Baita hilketa haiek egin zituena ere. Aitarik ez zuen, eta ama tabernan zuen lanean. Pobrezia larrian bizi zen, eta batere afektibitaterik gabeko ingurune batean hazi zen. Garai latzetan, gainera. Izan ere, ohikoak ziren gerrak eta goseteak. Baina horrek soilik eraman al zuen hilketa horiek egitera? Ba al dago beste arrazoiren bat?”. Horixe da argitu nahi dutena.

Egiletza, bigarren zalantza

Bertsoaren egiletzari buruzkoa da itxi gabe duten beste atala. Hiltzaileak berak egin zituen, ala norbaitek idatzi zizkion? “Kalitatezko bertsoak dira. Antologia guztietan azaltzen dira”. Kutsu erlijioso nabarmena ere antzematen zaie. Dialektologoek, bestalde, esan diete bertsoak gipuzkeraz idatzita daudela, Beterriko hizkeran. “Hala ere, Beterriko hizkera hau omen zen garaiko nolabaiteko euskara batua. Beraz, gure bilaketa ezin dezakegu mugatu Gipuzkoara soilik”.

Duela hiru urte bertso sorta horren jatorrizko bertsopaperaren kopia aurkitu zuten Arrieta aita-semeek Euskaltzaindiaren liburutegian. 1826an argitaratu zuten jatorrizkoa, Tolosako La Lama inprimategian. Ezagutzen den jatorrizko bertsopaper bakarra Chicagoko Unibertsitatean daukate. Luis Lucien Bonaparte printzearen alargunak enkantean saldutako liburutegia haiek erosi zuten. Eta liburutegi hartako piezetako bat ziren Etxebarriko gertakari haietan oinarria duten bertsopaperok.

Altzibar baserrian gertatutakoak oihartzuna izan du geroago, musikan ez eze, antzerkigintzan ere. “Duela 27 urte, Etxebarriko gazte talde batek istorio hau antzeztu zuen, Yolanda Arrietaren zuzendaritzapean, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan. Eta arrakasta handia izan zuen”. Fikziora eramandako jazoera haiek argitzen lagunduko dieten lekukoen oinordekoen testigantzen bila ari dira orain Modesto eta Bertol. Larrañaga, Gandiaga zein Galdos zirenen ondorengoekin hitz egin nahiko lukete. Lekuko haietako batzuen ondorengoak Mungian, Bermeon, Bilbon eta Gamizen bizi direla badakite. “Denbora asko pasatu da hilketa horiek gertatu zirenetik; 200 urte ia. Baina, azken finean, sei belaunaldi besterik ez: gure aitona-amonen aitona-amonek ezagututako gertakizunak dira. Informazioren bat duenari dei egin diote eurekin harremanetan jartzeko hamalauheriotzena@gmail.com helbidean zein 690-35 97 02 telefono zenbakian.