Euskarari arnasa emateko eguna

Euskarari arnasa emateko eguna

Asier Arrate Iruskieta

Euskara normalizatzeko bidea da egunero eta une oro erabiltzea. Hala ere, egun oraindik beharrezkoa da hari bultzada emateko egun bat ospatzea, abenduaren 3a. Egun horretan hil zen Frantzisko Xabierkoa, eta, kondairak dioenez, azken hitzak bere ama hizkuntzan egin zituen, hots, euskaraz. Horregatik, Eusko Ikaskuntzak erabaki zuen 1949an egun horretan ospatzea Euskararen Eguna. Ordutik hona, euskararen egoerak hoberantz egin du, baina, oraindik egiteko asko dagoela gogoratzeko Euskal Herri osoan ekitaldi ugari antolatzen dira. Aurtengo agenda ere ekitaldiz betea dago.

Urtero legez, erakundeek adierazpen bateratua aurkeztu dute Euskararen Egunaren atarian. “Elkarlana eta aktibazioa euskararen erabilera sustatzeko”. Horiexek izan dira aditzera eman duten adierazpenaren oinarriak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusietako ordezkariek aurkeztu dute igandeko ekitaldiaren ildoa izango den adierazpena. “Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko”, nabarmendu dute adierazpenean.

Datorren urtera begira

Aurtengo egitasmo esanguratsuena, ordea, datorren urtera begira aurkeztu duten aktibazio kanpaina izan da. 2018ko azaroaren 23an Euskaraldia 11 egun euskaraz egitasmoa abiatuko dute. Euskal Herriko hainbat herritan egingo den egitasmo erraldoiaren helburua izango da, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte dauden 11 egunetan euskaraz aritzea. Egitasmoan parte hartuko duten herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtuko dira. Lehenak euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo dieten pertsonak izango dira. Bigarrenak berba egiteko gai ez baina ulertzen dutenak izango dira, eta gainontzekoei euskaraz egiteko gonbidapena egingo diete.

Bizkaiko zenbait herritan dagoeneko martxan jarri dituzte aktibazio kanpainak, eta emaitza onak izan dituzte. Arrigorriagan eta Trapagaranen egin dituzte halakoak, eta lortutako arrakastaren erakusle, arrigorriagarrek berriz egingo dute aktibazio kanpaina gaurtik igandera. Derion, lau eguneko konpromisoa hartu dute euskaraz aritzeko, eta Deustuan, berriz, 11 egunekoa. Datorren urteko egitasmoaren formatu berari helduta ari dira egunotan.

Aurtengo Euskararen Eguneko egitaraua ez da mugatuko euskara aktibatzeko egitasmoetara. Bizkaiko beste hainbat herritan orotariko ekintzak prestatu dituzte. Gaurtik hasita, euskara ardatz duen agenda zabalaz gozatzeko aukera izango da. Portugaleten, esate baterako, 10:00etatik 14:00etara, Juanra Madariagaren ESPedizioa liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute udaletxeko bilkura artoan. Bilboko Bidebarrieta kulturgunean, Miren Agur Meabe eta Anjel Lertxundi idazleen eskutik, Hitzak hots poesia eta musika topaketak egingo dituzte. Biharko, Trapagaranen Euskararen Maratoia antolatu dute. Egun osoan irratsaio bat osatuko dute euskaraz.

Euskararen aldeko ekitaldi gehienak, ordea, Euskaren Egunean bertan izango dira. Horien artean aipatzekoak dira Barakaldo antzokian eskainiko dituzten bi ikuskizunak, Bilboko Zazpikaleetan antolatu duten lagun arteko bertso bazkaria, Bilbo Zaharrean prestatu duten egun osoko egitaraua eta Bizkaia aretoan Gure Sor Lekua, euskarazko lehen filma ikusteko aukera. Beste hainbat herritan ere egun osoko egitaraua prestatu dute. Hurrengo egunetan ere jarraituko dute ekintzek: Enkarterrin, musika topaketak egingo dituzte astelehenean Zallan. Erandion Berbodromoa izango dute. Azken finean, ekitaldi guztien helburua da euskaraz hitz egiteko aukera gehiago eskaintzea eta erabilera normalizatzea.