Belaunaldi baten lekukotza

Belaunaldi baten lekukotza

Asier Arrate Iruskieta / Ainhoa Larrabe Arnaiz

Julen Kaltzada Ugalde, Busturian jaio omen nintzen San Bartolome auzuneko Etxebarriatze baserrian 1935eko uztailaren 18an […] Nire haurtzaroan gurean Marixunda zeritzon astoa geneukan”. Hala abiatzen da Julen Kaltzadak idatzitako Umezurtzen aberria (Txalaparta) autobiografia liburua. Bere bizitzaren pasarteak biltzen dituen lana argitaratu zuen joan den hilabetean Kaltzadak, Durangoko Azokaren atarian. “Aita, Doroteo Kaltzada, 1937ko abuztuaren 5ean fusilatu zuten frankistek Derioko kanposantuan, 39 urte zituela”. Bi urte zituen aita erail ziotenean, eta hala hazi zen, aitaren aldetik umezurtz eta debekatuta zegoen aberri batean; bi zentzuetan umezurtz. Bada, aberri debekatuaren aldeko jardunagatik da ezaguna busturiarra: militante antifrankista eta euskaltzale gisa. Ororen gainetik, ekintzailea. Azaroaren 13an zendu zen, haren bizipenak 207 orritan argitaratu eta gutxira.

Egindakoen eta bizitakoen zerrenda luzea du Kaltzadak. Apaizgo garaian jarrera sutsua erakutsi zuen frankismoaren aurka: 339 apaizek erregimenaren kontra sinatutako manifestuaren bultzatzaile izan zen, Derioko seminarioan egindako itxialdian parte hartu zuen 1968an, eta, hurrengo urtean, Bilboko gotzaindegiko gose greban izan zen. Ekintzailetza ordainarazi zioten, ordea: frankismoaren aurka egiteagatik hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta Burgosko Prozesuan ere auzipetu zuten, ETA laguntzea egotzita. Zamorako apaiz kartzelan (Espainia) izan zuten preso, ondoren.

Ez zuen geldiarazi horrek. Helduen euskalduntze eta alfabetatzean jardun zuen: AEK-ko arduraduna izan zen, eta Korrikaren sorreran parte hartu zuen. Omendu ere egin zuten apirilean egin zen 20. Korrikan, hark hartu baitzuen lekukoa euskararen aldeko lasterketa jaioterrira sartu zenean.

Kaltzadak argia zuen jarrera eta argi idatzita utzi du liburuan ere. “Errepublika garaian jaiotakoa nintzen, baina abade egin, 1958an egin nintzen, Frankismo garaian; beraz, gure gaztaroko bizitza Frankismoaren garaikoa izan zen. Hala ere, nik neuk behintzat, esan behar dut guk eskubideen alde jokatu genuela, giza, herri, langileen eta mota guztietako eskubideen alde, eta injustuki zapalduak zirenen alde, hau da, torturatuen eta eskubideen alde borrokatzearren espetxeratuak izan zirenen alde”. Hain zuzen, eskubideak defendatzeko deia jaurti zuen Kaltzadak berak, zendu aurretik, liburua aurkezteko egindako agerraldian. “Aldarrikapenak aldatzen joan dira eta horretaz jabetzen naiz. Baina garrantzitsua da beti borrokatzea ditugun eskubideen alde”.

Harena soilik ez, belaunaldi oso baten lekukotza utzi du Kaltzadak, haren bizitzako pasadizoak Euskal Herriaren eraldaketaren isla ere badirelako. Hala uste du Edorta Jimenez idazleak. Umezurtzen aberria liburuaren edizio lanetan aritu da Jimenez; busturiarraren 82 urteko ibilbidea laburbiltzeko bidelagun. Hark biribildu du liburua: euskal estatuari buruz Kaltzadak egindako hausnarketaren laburpena berak idatzi du, eta Maria Servini epaile argentinarrak frankismoaren krimenen aurka abiatutako testigantza bilketa ere bai. Hitzaurre berezia ere badu liburuak: Martin Orbe eta Xabier Amuriza kartzelan kide izan zituenak egindakoa. Garai hartako testigu bizia izandakoa da busturiarra, bien iritziz: “Liburuan pertsona eta pertsonaia ‘aparteko’ bat aurkituko duzue. Baita gure historia ‘borrokalariko’ aro luze baten lekukotza zuzeneko bat ere”.

Haurtzarotik apaizgora

Haurtzarotik abiatzen da kontakizuna, 1936ko gerraosteko Busturian. Gai sakonen eta arinen artean egiten du jauzi autoreak, etengabe. “Saiatzen ginen bilatzen lekuren batean marrazkirik edo zegoen, zeren eta esaten ziguten Kortezubiko Santimamiñen bazeudela. Baina ez genuen sekula holako ezer aurkitu. Ez genuen ulertzen Axpeko Koba zergatik izango zen Kortezubiko Santimamiñe baino gutxiago”.

Haurtzarotik apaizgai izan zenekora egiten du salto, eta nola bertan hartu zuen hizkuntzaren auziarekiko kontzientzia. “Garai hartan Arratiako Gaztelu Elexabeiti deitzen genion herriko apaiztegira joan nintzen 1946ko irailaren 30ean. Hamaika urte nituen. […] guztia egiten zen erdaraz! zelako lekura ekarri nauten! Apaiztegia ote, Busturiako eta hango inguruko abade guztiek euskaraz egiten badute?”. 1958an apaiztu zen Kaltzada, 23 urte zituela eta Orozkoko Murueta auzora eraman zuten lehenik; Iurretara gero. “Iurretan hasi nintzen garai hartako gertaerei buruz Anaitasuna aldizkarirako idazten ere. Inoiz Zeruko Argia-n ere bai. Garai hartan ez zegoen Egunkaria, Egin edo antzekorik, eta zerbait idatzi nahi zuenak horietan idatzi behar”.

Herri Gaztedi mugimendu katolikoan sartu zen Kaltzada, eta, 1960ko hamarkadatik aurrera, etengabekoa izan zen haren jarduna. Pozak eta penak, denak utzi ditu liburuan bilduta busturiarrak. “Aita kartzelara eraman zutenean, gure amak hartu zuen etxeko ardura eta berak atera zituen aurrera seme-alabak, familia osoa eta baserria. Nik ama beti ezagutu dut baserrian agintzen eta lan egiten. Berak izaten zuen ganaduaren ardura. Berak zorrozten zuen koadaina pika-mailuz. Berak eraisten zituen behiak. Berak saltzen zuen esnea Mundakan […]. Gure ama hil zenean, ni Zamorako kartzelan nengoen preso”.

1976an atera zen espetxetik, Amnistiaren Legearen ondorioz, eta AEKn igaro zituen ziegatik atera ondorengo urteak.

Kaltzadaren autobiografia norbanako baten gorabeherak biltzen dituen kontakizun bat baino gehiago da. Euskal Herriko azken urteetako historiaren protagonista eta lekuko gisa, euskal historiografia osatzeko pieza ere bada.

Hala utzi du idatzia Jimenez idazle mundakarrak, Umezurtzen aberria liburuaren azken atalean: “Munduan izango dira akaso Julenen kasuaren kasu berdin asko. Gurean hainbeste ere ez direlakoan nago. Hizketan eta oinen gainean ibiltzen ikasi gabe umezurtz geratu direnena, alegia”.