Atzerako kontuan sartuta

Atzerako kontuan sartuta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bost egun baino ez dira falta. Ia prest dute dena: idazleek eta musikariek erakusmahaietan izango diren nobedadeak aurkeztu dituzte azken asteetan, eta Gerediaga elkarteko kideek ondo atonduta utzi dituzte bai agertokia eta bai programazioa. Azken ukituak baino ez dira falta Durangoko Landako guneko 260 saltokiak liburuz, diskoz eta abarrez betetzeko. Asteazkenean irekiko ditu ateak Durangoko Azokak, 52. aldiz, eta milaka euskal herritar bilduko dira bertan hilaren 10era bitarte. Oparoa izango da aurtengo eskaintza: laurehun nobedade eta berrehun kultur ekitaldi baino gehiago izango dituzte herritarrek eskuragarri bost egunean. Aurtengo goiburua ere norabide horretan aukeratu dute: Sormenaren lurraldea DA!.

Berrikuntzekin dator aurtengo Durangoko Azoka. Argizaiola sariaren aldaketa da nobedaderik handiena. Euskal kulturaren aldeko lana saritzea izan da orain arte Argizaiolaren helburua; bada, urtebeteko sorkuntza beka bihurtuko dutela iragarri dute Gerediaga elkarteko kideek. Horregatik, aurtengo ekitaldian orain arte saritu dituzten sortzaileak gogora ekartzeaz gain, Argizaiola bekaren nondik norakoak aurkezteko ekitaldia ere izango da. Hilaren 8an egingo dute, Argizaiolak hartuko duen bideari erreferentzia egiten dion goiburua aukeratuta: Omentzetik ereitera. San Agustin kultur gunean izango da ekitaldia, 20:00etan.

Sariarena ez da berrikuntza bakarra izango, ordea. Egutegian ere aldaketa dakar aurtengo azokak. Orain arte ikasleen eguna azokako lehen egunean ospatu da, baina aurten bigarren egunean egingo dute; abenduaren 7an, alegia.

125 ekitaldi baino gehiago

Berrikuntzak soilik ez, ospakizunetik ere badu Durangoko Azokaren 52. edizioak, hamargarren urtea baitu Ahotsenea guneak. Hasierako filosofia berari jarraituz 125 ekitaldi baino gehiago jasoko dituztela azaldu dute antolatzaileek; besteak beste, zuzeneko 70 musika emanaldi eta 55 solasaldi, errezitaldi eta perfomance. Bost eguneko egitaraua dauka Ahotseneak zehaztuta, 11:00etatik 20:00etara bitartekoa, eta sarean jarri dute jada programa osoa eskuragarri.

Ahotsenea gunean ez ezik, Plateruenan ere kontzertuak egingo dituzte, ohi bezala: gauero, euskal talde batek formatu handiko emanaldia eskainiko du Kafe Antzokian. Governors izango da emanaldia eskainiko duen lehen musika taldea, hilaren 6an; Arkada Social arituko da ostegunean, eta Gernikako Audience taldeak bere azken lana aurkeztuko du ostiralean: Isla (Bidehust). Larunbatean eta igandean, Glaukoma, Zeze eta Javier Muguruza abeslariek hartuko dute txanda.

Musika ez da datozen egunetan Durangok jasoko duen ikuskizun mota bakarra izango, ordea. San Agustin aretoan kokatutako Szenatokia gunean hainbat antzezlan izango dira ikusgai bost egunetan. Jon Maia bertsolari urretxuarrak eta Josu Kamara zuzendari bizkaitarrak sortutako Ele! ikuskizunak irekiko du gunea, asteazkenean. Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Federico Garcia Lorca idazleen figurak oinarri hartuta sortu dute ikuskizuna. Irudieneaean, berriz, ikus-entzunezkoei buruzko hainbat jardunaldi egingo dituzte. Askoren artean, Handia eta Errementari euskarazko azken film handiei buruzko saio berezia egingo dute.

Haur eta gazteentzat egokitutako Saguganbara gunean irakurraldi eta tailer bereziak egingo dituzte, eta beste horrenbeste ekitaldi antolatu dituzte Azoka TB eta Kabi@ guneetan ere. Ostegunean, adibidez, Wikipedia Eguna egingo dute aipatutako azken gunean.

Atzerako kontua hasita dago. Bost egun besterik ez da falta Durangoko Landako guneak ateak ireki eta Euskal Herri osotik datozenen joan-etorriak zenbatzen hasteko; kultur eragile, ikuskizun eta hausnarketak 4.000 metro koadrotan elkartzeko.

Leire Bilbao: «Sormenaren erakusleihoa da;
euskal kultura martxan dabilen erakusgarri»

Haur literaturan ibilbide oparoa egina du Leire Bilbao idazleak (Ondarroa, 1978), eta, besteak beste, Maite Mutuberriarekin batera sortu duen Mokotxiki album ilustratuarekin (Pamiela) izango da Durangon.
Zer da Durango zuretzat?
Euskal Herrian dagoen sormenaren erakusleiho bat da. Urte guztian, eta ez bakarrik udazkeneko azokari begira, merezi duten hainbat lan ekoizten dira, bai liburuak eta bai diskoak. Euskaraz sortutako produktu horiek guztiek egiten dute euskal kultura. Gure kultura martxan dabilen erakusgarri da; ez dela egonarria bakarrik, dabilen harria baizik.
Saguganbaran solasaldia izango duzu. Zer garrantzi dute zuretzat halako tokiek?
Saguganbara oso espazio egokia da haur literatura plazaratzeko. Gurasoak umeekin datoz; lurrean esertzen dira lasai asko. Eta ilustratzailearentzat zein idazlearentzat ere leku goxoa da entzulearekin gertuko kontaktu bat izateko.
Zer garrantzi du zure lan berria bertan egoteak?
Mokotxiki album ilustratua plazaratu dugu Maite Mutuberria ilustratzaileak eta biok. Umeentzat lan identifikagarri bat egin nahi genuen, animalia handiaren eta txikiaren arteko harremana kontatuz, nahiz atzean gai sakonago bat egon: hizkuntza harrotasuna. Hizkuntza txikiek mundua handitzen dutela, alajaina.

La Basu: «‘Photocall’ bihurtu da. Badirudi
bertan egon ezean ez zarela existitzen»

La Basu ezizenaz esaten diote rap munduan Elena Caballerori (Bilbo, 1983). Euskara hutsean egindako lehen lanarekin izango da Durangon: Ni naiz izotz erregina.
Zer da zuretzat Durangoko Azoka?
Euskal kultura zabaltzeko oso garrantzitsua dela uste dut, eta beharrezkoa dela. Baina azken urteotan, Glaukoma taldeko Juantxo Arakamak esaten duen bezala, euskal photocall bihurtu da. Badirudi bertan egon ezean ez zarela existitzen, eta han egon behar duzula argazkiak egin eta jendeak sare sozialetan zabaldu ditzan: Zer da garrantzitsuago? Disko eta liburuak ala argazkiak?
Kontzertua duzu Ahotsenean. Zer garrantzi dute halako espazioek zuretzat?
Igandean aurkeztuko dugu Ni naiz izotz erregina. Uste dut aukera ona dela sortzaileentzat halako tokietan jotzea; euskal rapa oraindik ez da askorik hedatu Euskal Herrian, eta bide berriak zabaltzen ari gara… Hortaz, bertan izango gara rockeatzen!
Lan berria daramazu azokara.
Arestian esandakoaren haritik, azokarako disko eta liburu asko argitaratzen dira, eta bertan ez bazaude, badirudi ez zarela existitzen. Euskara hutsezko nire lehen lana da, ea zer gertatzen den. Diskoa autoekoitzitakoa da; ez noa zigilu diskografiko edo elkarte batekin. Beraz, ez dakit salmentak nola joango diren.

Jon Arretxe: «Ondo mimatu behar dira
irakurleak, gero eta gutxiago daude eta»

Idazle gisa, aspaldiko zita du Jon Arretxek (Basauri, 1963) Durangoko Azokakoa, eta aurten ere ez du kale egingo. Basauri sorterrian girotutako Arrutiren banda nobela beltza (Erein) argitaratu berri du Arretxek, eta azokan aurkeztuko du.
Zer da zuretzat Durangoko Azoka?
Aspaldi-aspaldiko lagun bat da Durangoko Azoka niretzat. Ikasle nintzen sasoian, irakurle eta euskaltzale gisa joaten nintzen; duela hainbat urte barraren beste aldera pasatu nintzen, eta hor jarraitzen dut.
Liburu berria daramazu azokara. Zer garrantzi du zure lana bertan izateak?
Azken urteotan beti eraman dut zerbait Durangora, eta arraroa egingo litzaidake huts egitea. Gainera, irakurle nahiko fidelak dauzkat: asko urtero pasatzen dira Durangotik, eta primeran pasatzen dut haiekin berriketan. Ondo mimatu behar dira irakurleak, gero eta gutxiago daude eta.
Ahotsenean ere izango zara abenduaren 8an. Zer garrantzi dute halako espazioek zuretzat?
Nik uste dut asmatu egin dela formatuarekin. Azokaren barruan ere badago aukera harreman zuzenetarako, baina Ahotsenean antolatu dituzten aurkezpen motak, musika ere eraibiliz, testuak errezitatuz… Oso-oso egokiak iruditzen zaizkit.

Gaizka Insunza: «Ahotsenea eta
bestelako guneak ezinbesteko osagai dira»

Audience musika taldeko kidea da Gaizka Insunza (Gernika-Lumo, 1978). Kuban grabatutako Isla diskoa (Bidehuts) aurketzuko du Durangoko Azokan.
Zer da Durango zuretzat?
Euskal kulturaren topaleku garrantzitsuena da. Produktu kulturalez gain, bestelako ekimenez osatzen da, eta giro ezin hobean egiten dela deritzot.
Zer garrantzi dute Plateruena eta Ahotsenea guneek?
Azokaren ezinbesteko osagai direla ikusten dut. Kulturaz gozatzeko, ediziozko kultur produktuak aurki daitezke azokan; diskoak, liburuak eta pelikulak tarteko. Baina, hori osatzeko, garrantzitsua da zuzeneko aurkezpenak egiteko espazioak egotea. Alde horretatik, Plateruenak, Ahotseneak eta bestelako guneek —Irudieneak, eztabaida guneak eta baita kaleak berak— ezinbesteko funtzioa betetzen dute kulturaren etengabeko sormen eta zabalkunde prozesuan.
Lan berriarekin zoazte Azokara. Zer garrantzi du zuen lanak Durangon egoteak?
Guretzat oso garrantzitsua da Durangon egotea Audience eta Bidehuts-eko kide moduan. Batetik, Kuban grabatu dugun Isla diskoa aurkezteko gogoz gaude. Bestetik, Bidehuts diskoetxeak Mirailak bilduma aurkeztuko du, non Bidehuts kolektiboa osatzen dugun taldeok zeharkako bertsioak egin ditugun.

Ibon Meñika: «Alternatiba errealak eta
kultura ekoizpen zabalak biltzen ditu azokak»

Urteroko egitasmoak Durangon partekatzen ditu GITE-IPES elkarteak, eta zita garrantzitsua da horregatik, Ibon Meñika (Zamudio, 1977) elkarteko kidearena arabera.
Zer da zuen elkartearentzat Durangoko Azoka?
Aurtengo leloak oso ondo biltzen du egitasmoaren zentzua: sormenaren lurraldea da, zalantzarik gabe. Liburu eta disko azoka izan ostean, orain sorkuntzaren adierazpen guztiak biltzen ditu, eta eskaintza ere areagotu egin da. Aldarrikapenak, herritarrentzako topaguneak, alternatiba errealak eta kultura ekoizpen zabalak biltzen ditu azokak, herritarren espresio gorena islatuz.
Irudienean izango zarete. Zer garrantzi dute halako tokiek?
Ikus-entzunezkoen garaian bizi gara; edozein jarduerak baliatzen du euskarri gisa. Irudienea gisako espazioak oso beharrezkoak dira egiten den sorkutza aurkeztu eta ezagutarazteko aukera izateko.
Gernikaren Egiak lanarekin zoazte azokara.
Egitasmo gisa daramagu Gernikaren Egiak: liburuxka eta ikus- entzunezkoa. Memoria historikoa dute ardatz biek ala biek. Ikus-entzunezkoak emakumearen memoriari eta herri mugimenduek duten paperari azpimarra egiten diote, besteak beste. Gernikaren unibertsaltasuna lagun, herri memoria lantzeko tresna bat eskaini nahi dugu.