“Sakelakoak txupete digital gisa ditugu”

“Sakelakoak txupete digital gisa ditugu”

N. S. O.

Pantallas Amigas ekimenak gaztetxoentzako bi tailer eskainiko ditu AZPlay jaialdiaren barruan. Teknologien gehiegizko erabilera saihestea du helburu batak. Besteak, bideo jokoen bitartez genero berdintasuna sustatzea. Urko Fernandez Pantallas Amigas ekimeneko proiektu zuzendariak (Donostia, 1977) eman ditu tailerroi buruzko azalpenak.

Zer jo behar da teknologien gehiegizko erabilera edo abusutzat?

Zenbait aplikazio edo bideo jokoren gehiegizko erabilera eragina izaten ari da adin guztietako pertsonen burmuinaren sari sisteman, motibazioan, memorian zein horiekin lotutako beste zirkuitu batzuetan. Zenbait adingabe kezkatuta bizi dira Interneteko euren bizitzarekin: etengabean dute buruan zer gertatu den euren sare sozialetan edo zer gertatuko den eta gero zer kontatuko duten. Interneten erabilerarekin lotutako arazoak dira, ez teknologiok sortutako arazoak.

Guraso askok jatetxeetan edota medikuaren itxaron gelan daudenean umeak entretenitzeko erabiltzen dituzte aparatuok. Erabilera hori egokia al da?

Sakelakoak eta tabletak txupete digital balira bezala erabiltzen dira. Ez dute kontuan hartzen horren atzean gure denborarik, arretarik eta energiarik gehiena harrapatzen saiatzeko gure ahultasunak ustiatzen asmatu duen industria oso bat dagoela. Umeak heztea ez da izan erraza inoiz, eta ez dago lasterbiderik: ez sakelakoen garaia baino lehen, ezta teknologia horiek hainbat egoera korapilatzen dituzten garaiotan ere. Baina denbora eskaini behar zaio, eta egoera bakoitza erabili behar da gero eta hiperkonektatuago dagoen mundu honek eskatzen dituen tresnak euren esku jartzeko.

Gaur egun oraindik agerikoa al da neskak bigarren planoan geratzen direla teknologiak garapen pertsonalerako zein enplegu garapenerako erabiltzeko orduan?

Haurtzaroan eta nerabe aurreko garaian hasten dira euren bizitzari buruzko erabakiak hartzen. Adin horretan euren etorkizun profesionalaren aukeraketa baldintzatzen dien genero estereotipo asko eta asko aurkitzen dituzte. Neskatxek ikusten dute gizartean emakumeek borrokatu egin behar dutela batetik, lan arloan duten erantzukizunarekin, eta, bestetik, etxeko erantzukizunekin. Bestalde, gizonek euren denbora eta talentu osoa bidera ditzakete anbizio profesionaletara. Neska gazteek normalizatu egiten dute egoera hori, eta paper hori onartzen. Mutilek dituzten bestelako aukerei uko egiten diete. Zenbait lanbide emakumeekin lotzen dira, eta beste batzuk, gizonekin, genero estereotipoei erreparatuta soilik. Teknologiaren munduan alde hori are handiagoa da. Justifikazio sasizientifikoak erabiltzen dira esateko neskek ez dutela balio zenbait lan edo teknologia erabiltzeko. Beharrezkoa da estereotipo hori haustea errepikatu eta neskek zein mutilek indartu aurretik.

Zein eragin du egoera horrek euren garapenean eta gizartean?

Ez badiogu heltzen arazoari 8 eta 12 urte artean dituztenean, nesken ahalduntzea saihesten jarraituko dugu, eta mutikoek dituzten eskubide eta aukerak eurei ukatzen. Inflexio puntu hori igarota, pertsona gisa duten gaitasun handienera iristeko aukerak oso mugatuta ikusiko dituzte.