Martetarren hurrengo belaunaldia

Martetarren hurrengo belaunaldia

Natalia Salazar Orbe

Atzean geratu dira tenis partida bat irudikatuta, jokalari bana marratxo gisa eta pilota bezala karratu ñimiño bat zituen bideo jokoaren tankerakoak. Jokalariek gora eta behera mugitzeko aukera besterik ez zuten horietan, pilota harrapatu eta aurkariaren zelaira botatzeko. Bideo jokoen historiaurrea irudituko zaie hori grafiko eta istorio ikusgarri eta erakargarriz osatutako jokoetan murgiltzen diren erabiltzaileei. Teknologia berriak izugarri garatu dira urte gutxian. Hastapen horiek atzean utzita, azken sormen lanak ikusi eta ezagutzeko aukera eskainiko du, beste urtebetez, AZPlay jaialdiak. Hain zuzen, Bideo-joko Independenteen Nazioarteko VIII. Lehiaketa egingo dute Azkuna zentroan, azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean.

Bi helburu nagusi ditu jaialdiak. Hala azaldu du Jose Maria Martinez Burgos jaialdiaren koordinatzaileak. “Bideo joko indie-ari [independentea] hedapena ematea eta azken sormen lanak ezagutaraztea da bat. Eta bigarrena, bertako garatzaileei babesa eman eta nazioartera begirako tranpolin bihurtzea”.

Bideo joko sortzaileen lanak ezagutarazi eta onenak aurkitu eta aukeratzeko topaketa izateaz gain, zale eta familientzako jaialdia ere bada AZPlay. Lehiaketa gauzatuko dute batetik, eta, bestetik, Medialab aretoan Jokuplay espazioa atonduko dute. Bisitariek bideo joko horiek bertatik bertara ezagutu ahalko dituzte. Gero eta presentzia handiagoa hartzen ari den kultur fenomeno gisa bideo jokoen aldeko apustuari eutsi dio sariketak.

Arte Garaikidearen Zentro gisa, artea eta teknologia garatzeko helburua dauka Azkuna zentroak. “Bideo jokoa testuinguru horretan gauzatzen diren hainbat adierazpen modu erakusteko erreferentea da. Mestizaje hori gertatzen den eremua bideo joko indiea da”. Ezaugarri argi batzuk dituzte lan horiek: “Sormen lanak berritzaileagoak eta esperimentalagoak dira. Aurrekontu handirik ez duten bideo jokoak izan ohi dira”. Horiek baliatuta, ikus-entzuleak mundu horretan hezi gura ditu jaialdiak: “Bideo jokoak ez dira indarkeriari lotutako erremintak soilik, eta eurei buruz izan beharreko ideia ezin daiteke mugatu horien mende dauden jokalari sutsuen irudira. Alde iluna izan dezakete, baina oso erabilgarriak ere izan daitezke”. Erreminta horiek eskaintzen dituzten aukerak plazaratuko dituzte AZPlay jaialdian.

Baliabide gutxirekin lanean diharduten bertako enpresei babesa eta bultzada ematen die jaialdiak. Eurentzako baliagarri izan daitekeen industria ehuna sortzen du, eta sektoreko enpresen nazioarteko proiekzioa ahalbidetzen. “Produkzio handiak egiten ari den enpresarik ez dago Euskadin”. Sinetsita daude haientzat lagungarria dela bideo joko independenteen jaialdian bertako sortzaileentzako sariketa propio bat antolatzea.

Jokoak, bisitarien esku

Azken joerak erakusten dituzten sormen lanak eskura izango dituzte bisitariek. Izan ere, aurten hautatu dituzten 25 garatzaileren bideo jokoak probatzeko aukera eskainiko dute. Munduko hainbat txokotatik iritsitako sormen lanak dira, eta plataforma ezberdinetan landuak. Sormenak du lan horietan indarrik handiena, ezin baitaitezke lehiatu ekoizpen etxe handiekin. Ezustez betetako munduak irudikatzen dituzte, eta istorio bitxiak kontatu.

Lanok ezagutu eta probatu ez eze, bideo jokook egin dituzten sortzaileek euren produktua ekoitzi bitartean egindako prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eskainiko du AZPlayk. “Finalistei gonbita egiten diegu bideo jokoa nola sortu duten azal dezaten. Eragina sortuko duten hitzaldi didaktikoak nahi ditugu. Izan ere, gerturatzen diren ikus-entzule gehienak ikasleak izan ohi dira”.

Bideo joko ikasleak, goraka

Euskal Herrian gero eta gehiago dira bideo jokoekin lotuta eskaintzen diren ikasketak. “Bizkaian soilik, 200 ikasle baino gehiago ari dira bideo jokoak egiteko ikasketak gauzatzen. Hitzaldi horiek oso irakasgarriak dira ikasleentzat. Eurentzako oso gertuko erreferentea dira hizlariak. Eurei hurrengo emango duten pausoa erakustea bezalakoa da”.

Beraz, erakusketa, sari banaketa, hitzaldiak zein epaimahaikideen konferentziak eta tailerrak hartuko dituzte jaialdiak irauten duen sei egunetan. Hain zuzen ere, tailerrak dira bereziki bisitarientzat antolatutako jarduerak. Lau tailer eskainiko dituzte aurten. Bideo-jokoaren Historia eta Etorkizuneko Bideo-jokoa Diseinatzen izango dira horietako bi. Carlos Gonzalezek emango ditu biak.

Beste biak Pantallas Amigas ekimenaren eskutik iritsiko dira. Batean, sakelako telefonoen eta bideo-jokoen neurrigabeko erabilerak eragin ditzakeen jokaera arriskutsuei buruz hitz egingo dute. Tailerraren lehen atalean landuko dute hori. Bigarrenean, era horretako aparatuak modu egokian eta neurri aproposean nola erabili erakutsiko diete parte hartzen dutenei. Ekimen horrek prestatu duen bigarren tailerrean, genero rolei buruzko hausnarketa egingo dute.

Azken urtean hainbat mugimenduk aldarrikatu dute emakumeek bideo jokoen industrian duten lekua. “Azter daiteke zer-nola tratatzen den emakumea bideo jokoen barruan, baina baita industria horren barruan duen papera ere”. Tailer horrek lagunduko du lan horretan egiteke dagoen bidea zehazten.

Zortzigarren urtea du AZPlayk. Urte horietan guztietan jaso dituzten bideo jokoei dagokienez, aldaketa nabarmena aurkitu dute. “Hasieran, 40 bideo joko besterik ez genuen jaso. Apurka, hedatze lana egin dugu, eta gaur egungo 432etara arte iritsi gara”. Kalitate aldetik ere nabari da aldaketa. Aurtengo partida hastear da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

Azkunazentroa.eus