Lubakietako egia kanporatuz

Lubakietako egia kanporatuz

Natalia Salazar Orbe

Tiro hotsa mendian barrena. Izua. Tentsioa. Bete beharreko misioa argi, eta sinisten dena defendatzeko prest, heriotza ate joka sutsuki tematu arren. Lubaki baten babesean, bukaera gero eta gertuago. Halaxe pentsa daiteke sentituko zituela bizitzako azken ordu edo uneak Pedro Millan Beitia gudariak. Joan den asteburuan atera zituzten haren gorpuzkiak Zeanuriko Altungana mendiko lubaki batetik. Zenbaki bat izan da gakoa haren identifikazioa zehazteko: 21.967. Euzko Gudarostearen identifikazio plaka zen. Haren bidez jakin ahal izan da non eman zuen azken hatsa duela 80 urte desagertutako Elantxobeko gizon hark.

Emozioz betetako unea ez ezik, ezustekoz betea ere izan zen gorpua lurpetik ateratzeko unea. Izan ere, ustez gorpu bakarra zegoen eremutik bost atera zituen Aranzadi zientzia elkarteak. Aurkikuntza garrantzitsutzat jo zuten elkarteko kideek. Gorpu gehiago ere aurkitu izan dituzte beste saio batzuetan. Hala ere, istripuetan edo leherketen ondorioz hildakoak izaten ziren. Orain aurkitu dituzten gudari horiek borrokan hil ziren.

Perezagua batailoiko kidea zen San Millan Beitia. Eta harekin batera aurkitutako beste lau gudariak ere talde berekoak izango zirela sinetsita daude adituak. Identifikazio plaka gehiago aurkitu zituzten lubakian. Horiek, ondo garbitu eta zaharberritu ostean, modua eman dezakete heriotzaren atarian eta geroko urte luzeetan Elantxobeko gudariari lagundu zioten pertsona horiek identifikatzeko.

Hainbat tresna

Plaka militar horiekin batera, gudariek egunerokoan erabiliko zituzten hainbat tresna aurkitu dituzte Altungana mendiko lubakian. Besteak beste, zenbait orrazi eta orrazi kargagailu, kartutxoak, kartutxotegiak, altzairuzko kasko bat eta aluminiozko platerak eta mahai tresnak zituzten ondoan gorpuzkiek.

Euskal Prospekzio Taldeak egin zuen aurkikuntza, errutinazko miaketa lanak egiten ari zela. Irailaren 15a zen. Bilaketa lanok ez zituzten egin edonon. Altungana mendia kokaleku estrategikoa zen 1936ko gerran. Zumeltza (Dima) eta Barazar mendateen artean dago. 1937ko martxoaren amaieran, Perezagua batailoia Barazar ingurura bidali zuten, armada frankistak lehenik Bilbon eta geroago Santanderren (Kantabria, Espainia) sartzeko hasitako eraso handiari aurre egiteko.

Batailoi hori Euskadiko Alderdi Komunistari atxikita zegoen. Gehienbat meatze herrietatik eta Nerbioi ibaiaren ezkerraldetik zetozen afiliatu eta zaleek osatzen zuten. Lubakian jasotako material guztia garbitu eta ikertuta, San Millan Beitiaren ondoan aurkitutako gudariak nortzuk ziren argitzea dute orain eginbehar nagusi Aranzadi zientzia elkarteko kideek.

1937ko apiril hartan galdu zen bost horien aztarna. 80 urte geroago, sortzez elantxobetarra izan arren Bilbon bizi zen San Millan Beitiaren iloba bat izan zen gerran galdutako osaba hura hobitik ateratzeko unearen lekuko. Malkoei ezin eutsita bizi izan zuen unea. “Erabat hunkituta nago. Oso hunkituta”. Berba horiek besterik ezin izan zuen esan emakumeak. Ezer gutxi zekien Pedro San Millan Beitiari buruz, Euskal Herriko hainbat familiatan gertatu ohi den bezala. 27 urte zituen gudariak aberria defendatzera frontera alde egin zuenean. Haren berri izan gabe urteak eman zituzten, eta gerran hiltzat eman zuten azkenean.

Lur azpian geratu ziren duela 80 urteko bataila haren arrastoak, gerran hildakoak eta haren ondorioak urte luzez estalita egon diren antzera. Argibideak eman, gertatutakoa jakin eta biktimei aitortza egiteko hainbat egitasmo eta elkarte sortu dira herri askotan.

Lan horretan ari da Eusko Jaurlaritza ere. 2002an hasi zen 1936ko gerran desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen. 2015. urtearen bukaera aldera, hilobiak aurkitu eta ikertzeko 2015-2020 Euskal Plana aurkeztu zuen. Aurten, gorpuak hobietatik ateratzeko bost saio egin dituzte. Horietako hiru Bizkaian izan dira: Larrabetzuko Urkullu mendian, otsailaren 4an; Lemoako Lemoatxa mendian, ekainaren 4an; eta Zeanurin egin zuten orain arteko azkena, joan den asteburuan. Azaleratu guran dabilen historiari zirrikituak zabaltzen jarraituko dute hala.