“‘Black friday’-k atzean duen prekaritatea azaleratu nahi dugu”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Batzuek pagotxak topatzeko modua ikusten duten lekuan, Mikel Ruiz Oar-Artetak (Bilbo, 1996) prekaritatean sakontzeko aitzakia ikusten du. Kontsumismoaren adierazle argitzat duen black friday-ren aurrean, protesta egitera deitu du Eragin Bilboko Gazte Prekarioen Asanbladako kideak. Gaur egingo du manifestazioa Eraginek, 20:00etan, Bilboko Plaza Biribiletik abiatuta.

Bilboko Gazte Prekarioen Asanbladak, Eraginek, protesta antolatu du ostiralerako gaurko. Nortzuk osatzen duzue Eragin?

Lanagatik edo lan egin ezinagatik eguneroko bizitzan egoera prekarioan bizi garen hainbat gazte biltzen gara Eraginen. 15-20 gazte inguru batzen gara, prekaritatearen kontrako dinamikak sortzeko edo prekaritatea azalarazteko dinamikak sortzeko. Duela hiru urte sortu zen taldea, eta dinamika konstanteak sortzen ditu Bilbon.

Nolatan bururatu zitzaizuen batzordea sortzea?

Ikusten genuen gazteengan, baina ez bakarrik gazteengan, prekaritatea gero eta barneratuago genuela. Normaltzat hartzen genuela. Prekaritate hori salatzeko, prekaritatearen ezaugarri direnak azalarazteko eta Bilboko hiri eredu honen atzean dagoen gazte prekaritatea salatzeko sortu genuen asanblada. Helburu nagusiak dira prekaritatea salatzea, gazteok gazte izate hutsagatik pairatzen dugun lan esplotazioa ikusaraztea eta hori gizarteratzea.

Zeintzuk dira prekaritatearen ezaugarri horiek?

Kontraturik gabeko lan pilo bat daude, kontratutik kanpo egindako lan orduak, soldata miserableak… Horiek izaten dira normalean jende gehienak prekaritatearekin lotzen dituenak. Baina, hortik kanpo, prekaritatera daramaten beste egoera asko daude: ordutegiak egunean bertan aldatzea edo zein ordura arte lan egingo duzun ez jakitea, nagusiarekiko menpekotasun handia edukitzea, zaintza lanei ematen zaien ikuspegia… Adibidez, klase partikularrak ematea edo haurrak zaintzea ez da lantzat hartzen, eta jendeak ez du errespetatzen.

Halako egoerak normaltzat hartzen ditu gizarteak?

Bai. Eta batez ere gazteok. Jende askok pentsatzen du gazte izateagatik normala dela, berdin duela, bost urtez egongo direla horrela eta gero izango dutela lan normala. Hortik aurrera izango direla langile. Guk esaten duguna da langileak garela lan egiten dugun une oro, eta gure eskubideak errespetatu behar direla besteenak bezala.

Ostiralerako gaur manifestazioa antolatu duzue, Black friday, black future leloarekin. Zer duzue esateko black friday-ren inguruan?

Duela bi edo hiru urte iritsi zen blac friday-ren ideia indartsu Euskal Herrira eta Bilbora. Bilboko Udalak eta bestek ere horren sustapena egin dute… Gizarte kontsumistaren adibide garbia da, eta gu kontsumismo horren aurka gaude. Baina ez hori bakarrik: kontsumismo horren atzean dagoen esplotazioa ere salatu nahi dugu. Bilboko Kale Nagusi osoan zehar dauden denda guztietan dago lan prekaritatea adibidez, eta horiexek dira black friday gehien sustatzen dutenak. Horregatik egingo dugu manifestazioa Kale Nagusitik eta Ertzilla kaletik; multinazionalek erosi egin dituzten kaleak direlako, eta bultzatzen duten eredu kontsumista horren aurkako salaketa egin nahi dugulako. Black friday modukokek atzean gordetzen duten prekaritatea ere azaleratu nahi dugu.

Zergatik diozu black friday bezalako ekintzek areagotu egiten dutela prekaritate hori?

Ulertu behar da, askotan, eguneko enpleguak sortzen direla halako egun handietarako; lau orduko enpleguak sortzen dira, adibidez, eta, gainera, instituzioek zenbaki horiek sortutako lanpostu bezala saltzen dituzte askotan. Baina lau orduko edo sei orduko lanak izaten dira; gainera, lanaldia gaueraino luzatzen da askotan inolako arrazoirik gabe… Beraz, horrelako egunak sortzeak ez du kontsumismoa beste helbururik, eta lan miserableetan oinarritzen dira horretarako.

Zein da egoera hau guztia iraultzeko modua?

Guk gazteen asanblada bezala dei egiten diegu gazteei antolatzeko, prekaritatearen kontra borrokatzeko hainbat esparrutatik. Guk badugu harremana sindikatuekin eta abar, baina ez dugu haiekin elkarlan zuzenik egiten. Uste duguna da gazteon borroka eta langileen borroka dela honi irtenbidea emateko bidea. Aldaketak estrukturala izan behar du. Adibidez, kontsumismoaren kontra egin behar dugu, eta langileen prekaritatearen kontra langileek berek antolatu behar dute. Eragin sortzeko arrazoietako bat izan da, baita ere, gazte asko urrun sentitzen direla sindikatuekiko eta betiko langile borrokekiko; ez daukatela bertako parte izateko sentimendu hori. Beraz, guk uste dugu sortu behar direla espazio propioak gazteentzat langileen borrokara batzeko edo prekaritatearen kontra borrokatzeko.

Uste duzu herritarrak kontziente direla egoera horretaz?

Uste dut gizartean oso barneratuta dagoela gizarte prekario batean bizi garela, gazteen enplegua oso prekarioa dela, baina jendeak normaltzat hartzen duela eta pentsatzen duela “tira, gazte zaren bitartean onar daiteke esplotazio hori”. Adibidez, datuen arabera, %30 gutxiago kobratzen dugu gazteek lan berdinagatik, eta, gainera, batzuetan lana kalitate handiagoarekin egiten dugu ikasketa maila altuagoak ditugulako eta abar. Baina gutxiago kobratzen dugu gazte izate hutsagatik. Guk horren salaketa egin nahi dugu, eta jendeari helarazi hori ezin dela normaltzat hartu eta horren kontra borrokatu behar dela. Bestetik, gazte askok lan batzuk onartzen dituzte, batez ere aldi baterako lanak udan, lan baldintzei erreparatu gabe, lan horiekiko duten ikuspegiagatik: pozik egoten dira ateratzen duten diru apurrarekin, asteburuan gastatzeko, oporretara joateko edo diru estra bat izateko modua baita. Baina ez dute haien burua langile bezala ikusten. Beraz, uste dugu gizarte ikuspegiaren arazoa dela, eta txikitik hasita egin nahi dugu horren kontra.

Edonola ere, zerbait aldatuko bada, denek egin beharko diete uko onartezintzat jotzen diren baldintzak dituzten lanpostuei edo denek egin beharko dute hori aldatzeko apustua.

Bai. Gainera, oraingo langabezia tasa handiarekin argi dago altxatzen dena erraz kalera dezaketela eta beste bat kontratatu. Azken erreformekin erraza da protestatzen duena kalera botatzea. Guregana etorri da jendea hori salatzen: lan baldintzak hobetzeko saiakera egiteagatik kaleratu dutela eta gainera ordainsari miserable baten truke… Horrek erakusten du arazoa benetan gizarteratu behar dela, eta, banakako erantzunak beharrezkoak diren arren, erantzun kolektiboak bilatu behar direla.