Izarren sorreren lekuko

Izarren sorreren lekuko

Natalia Salazar Orbe

Musika jaialdietako karteletako protagonistak gertutik areto batean entzutea. 500 ikus-entzule baino gutxiagoren artean beste bat. Musikariekin ia kontaktu zuzena. Agertokia metro gutxi batzuetara. Anplifikadorearen dardara bihotzeko taupadekin bat eginda. Ikuskizunaren xarma aurrez aurre. Aretoetan egiten diren kontzertuek jaialdi erraldoiek lortu ezin duten gertutasuna dute. Artistekiko hurbiltasun hori ekarri du berriz ere Bilbora Bilboloop jaialdiak. 16. aldia du. Bihar izango du bigarren egun handia Kafe Antzokia agertoki nagusian. Jaialdiko hiru kontzertu nagusiak bertan eskainiko dituzte Jerry Williams, Hinds eta Cavaliere taldeek.

Hinds aurkeztu du kartelburu gisa Susana Amigok. Jaialdiaren antolatzaileetako bat da bera. “Gurean ohikoak izaten diren ikus-entzuleak baino zale gazteagoak dituen taldea da. Beraz, larunbateko saioan gaztetxo asko egongo dira. Eta gustuko dut. Izan ere, garrantzitsua da belaunaldi berriak erakartzea”.

Emakumeen presentzia

Emakumez osatutako taldea da, gainera. Horri ere erreparatzen diote Bilboloopekoek. “Emakumez osatutako taldeen eskaintza urriagoa izaten da. Aurkitzen baldin baditugu, beti saiatzen gara horrelakoak ekartzen”.

Jerry Williams ere bada asmo horren eredu. “21 urteko emakume ingelesa da. Sinestezina da zelan abesten duen, taldea bera… dena da ikusgarria. Arrakasta handia izango duela uste dut”. Ezustea emango duela sinetsita dago.

Cavalierek borobilduko du biharko kartela. Athom Rumba taldeko kide ohi Alvaro Segoviak sortu du taldea, musikaren munduan urte asko egin dituzten beste artista batzuekin batera. “Beraz, ezagunagoa da”.

Sorreran izan zuen helburu berari eutsi dio, aurten ere, jaialdiak: agertokietan azaleratzen ari diren taldeak eramatea Bilboko aretoetara. “Talde komertzialak ez direnak eta jendeak ezagutzen ez dituenak ekartzen ditugu. Publiko handiarengana irits daitezkeen taldeak dira, baina oraindik iritsi ez direnak, sortu berriak direlako edo hedatze txikia dutelako”.

Europan ohikoak dira era horretako jaialdiak. “Formatu hori nahi duten ikus-entzuleentzat da”. Amigo jakitun baita publikoak asmo anitz izan ditzakeela kontzertu bat ikustera doanean. “Jaialdietara joan zaitezke sozializatzera, lagunak egitera, mutiletan edo neskatan egitera, edo beste hainbat gauzatara”. Musikaz gozatzea bada jaialdi batera gerturatzeko arrazoi nagusia, Bilboloop aukera aproposa dela deritzo. “Musika talde bat urrutitik edo pantaila batean ikustea, edo 400 pertsonarekin batera areto batean ikustea alderaezina da. Luxua deritzot aretoetako aukerari”.

Crystal Fighters moduko taldeak igaro dira Bilboko jaialditik. “Hona ekarri genituenean inork ez zituen ezagutzen. Eta orain jaialdi handietan aritzen dira”. 2009an kontzertu hura ikusi zutenek izan zuten aukera paregabea ekarri du gogora. “Ez da gauza bera talde bat azaleratzen ari denean ikustea edo gain behera doanean”.

Ohiko xedeari heldu arren, berritasunik izango du aurten Bilboloopek. Orain artean asteburu bakarrean biltzen zen jaialdia bi asteburutara luzatu dute. Azaroaren 3an egin zuten lehen saioa, eta bihar izango dute bigarrena.

Musikaren inguruan errotutako ekitaldiak agertoki nagusitik kanpo ere izango du lekua. Kafe Antzokiko kontzertuetarako motorrak berotzeko saioak izango dira, lehenago, ondoan dagoen Ambigu tabernan. “Bertako musikari gazteei aukera bat emateko modua da”.

Hala ere, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte egunotarako. Horietako zenbait bitxi samarrak dira, gainera. Design Room X Resa Bartzelonako taldeak antolatutako saioak egingo dituzte, esaterako, Blas de Otero unibertsitate egoitzan. “Ikasleen egoitzak diseinatzaileen showroom bihurtzen ditu formatu horrek. Oso bitxia da”. Bertako zein kanpoko diseinatzaileek bat egingo dute han. Ikasleen logeletan erakusgarri eta salgai jarriko dituzte euren arropak.

Hastapenetik gaur egunera

Hamasei urteko ibilbidean hainbat talde pasatu dira Bilboloopek eskainitako agertokietatik. Bilboko musika panorama ez zen gaur egungo bera jaialdia martxan jartzeko beharra ikusi zutenean. “Gure asmoa zen Bilbon eskaintzen ez zen musika motarekin zerbait antolatzea”. Gaur egun hiriko musika eskaintza askoz ere handiagoa dela aitortu arren, jaialdiak bizirik irauteko arrazoi nahikoa badagoela sinetsita dago.

Urtero bilaketa sakona egiten dute munduan barrena, edo, zehatzago, duten aurrekontu murritzaren ondorioz, Europan dagoen musika eskaintza aztertzeko. Pop-rock estilo zabalaren barruan etiketatu daitezkeen taldeei begira egoten dira. Musika abileziak etorkizun oparoa izan dezaketela iradokitzen dutenei egiten diete lekua jaialdian. Musika komertzialetik harago nabarmentzen diren musikariak arituko dira Bilboloopen.