Atzamarrak berotzen

Atzamarrak berotzen

Natalia Salazar Orbe

Belaunaldi gazteek lanean dihardute Euskal Herriko tradizioei eusteko. Ohi baino parte hartzaile gutxiagorekin bada ere, Euskal Herriko Trikitilari Gazteen 26. Txapelketako finalean lehiatuko dira datorren astean, Zaldibarren. Sei bikote ariko dira, aurrez aurre, trebeziarik onena zeinek erakusten duen lehian. Bizkaiko trikitia, porrusalda, arin-arina eta fandangoa interpretatu beharko dituzte denek. Fandangoa Joseba Iparragirrek konposatutako Idiazaldibar kanta izango da.

Hurrengo asteko domekan egingo duten saioan 11 eta 19 urte arteko gaztetxoak ariko dira. Kategoria berean lehiatuko dira denak. Hala azaldu du Javi Vidal Zaldibarko kultura teknikariak: “Pandero joleentzat ez dago gutxieneko adin mugarik. 7, 8 zein 9 urtekoek ere parte har dezakete. Trikitilariek, ordea, gutxienez 13 urte izan behar dituzte”.

Zuzenean sartu dira finalera sei bikoteak. “Lehen, kanporaketak egiten ziren, baina, orain, zuzenean finalean lehiatzen da”. Iaz hasi zuten formatu hori, izena ematen duten trikitilariak ere gutxitu egin direlako.

Gipuzkoatik iritsiko dira lehiakide guztiak. Azkenaldian ohikoa bihurtzen ari da Bizkaiko ordezkaririk ez egotea. 17:30ean abiatuko dute lehiaketa, Olazar pilotalekuan.

Neguko azoka

Astebete lehenago kolorez jantziko dituzte herriko kaleak. XIX. Neguko Azokak barazki, edari eta gutiziaz beteko ditu inguruak, etzi. 25 saltoki jarriko dituzte guztira. Durangaldekoak izango dira, urtero legez, ekoizle gehienak: “Besteak beste, Mallabitik, Elorriotik eta Berriztik iritsiko dira”. Gauza bereziren bat ekoizten baldin badute, eskualdetik kanpokoak ere onartzen dituzte. “Esaterako, Gatikatik eta Nafarroatik ere etorriko dira”. 11:00etatik aurrera, fruitu, barazki, gazta, ogi, txakolin, ezti zein pate saltzaileek euren produkturik onenak jarriko dituzte bisitarien eskura.

Berritasunak izango dira aurten. Zaldibarko Eitzaga auzoko baserritar batek sagar zukua zer-nola egiten den erakutsiko du, bertatik bertara. “Sagarrak ekarri eta bertan txikituko ditu. Prentsa batekin zanpatu, eta zukua aterako die. Ez dauka alkoholik, sagar zukua da. Eta nahi duenak dastatzeko aukera izango du”. Sagardoa egiteko prozesuaren abiapuntua erakutsiko du, beraz. Zuku hori kupel batean gorde eta ondu aurrekoa, hain zuzen ere.

Trikiti txapelketak eta azokak, biek oso harrera ona izaten dutela ekarri du gogora Vidalek. Txapelketak kanpoko bisitari asko erakartzen ditu. “Frontoia bete egiten da, eta oso giro polita sortzen da horren inguruan”. Eguraldiak zeresan handia izaten du azokan. Hala ere, “jatekoa eta edatekoa eskaintzen duen guztiak harrera ona izaten du herrian”. Ekoizleak ere gustura geratzen dira urteroko bilkura horrekin. “Produktuak zuzenean baserritarrei erostea bultzatzen dute”.

Bi ekitaldi horiek zita paregabe bilakatuko dira herrian abiatzear dauden festei hasiera emateko. Azaroaren 29an, 19:00etan jaurtiko dute suziria, eta horrek iragarriko du herria jai giroan murgildu dela. Bazkariak, kalejira trikitilariekin, pilota partidak eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Euskararen Egunarekin emango diete bukaera ospakizunei. Umeak izango ditu protagonista aldarrikapena eta festa uztartzen dituen egun horrek: goizerako, herri kirolen parke tematikoa antolatu dute, eta, arratsaldean, Kalean uso, etxean otso antzezlana ikusteko aukera izango da. Negu aurreko giroa epeltzeko prest daude zaldibartarrak.