“AP-8a errentagarria zaio aldundiari”

“AP-8a errentagarria zaio aldundiari”

Asier Arrate Iruskieta

Milaka gidarik erabiltzen dute, egunero, Bilbo eta Donostia lotzen dituen AP-8 ordainpeko autobidea, baina denek ez dute berdin ordaintzen. Autobideko kontzesioa 2003an bukatu zen, eta kudeatzaile pribatuetatik Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eskuetara pasatu zen. Hala ere, aldundiek bidesari sistemari eustea erabaki zuten. Juan Mari Legorburu kide den AP-8 Peajerik Ez plataformak bidesariak kentzea du helburu.

Durangaldeko eta Lea Artibaiko gidariak diskriminatuta zaudetela diozue. Zergatik?

2003an kontzesioa bukatu zenean, Bizkaiko Foru Aldundiak debalde eskuratu zuen autobidea. Nahiz eta kosturik ez izan, bidesaria kobratzen segitzea erabaki zuten. Bitartean, lurraldeko beste hainbat tokitan, aldundiak hainbat bide azkar, seguru eta doako eraiki ditu; Txorierrikoa, Cadaguakoa eta Mungiakoa, esaterako.

Bidesariak ez al dira beharrezko azpiegiturak mantentzeko?

Begi bistakoa da autobideek gastuak dituztela, eta, errepide azkar eta seguru bat nahi izanez gero, nahitaezkoak dira mantentze lanak. Autobideak mantentzeko bidesariak kobratzearekin ados gaude, baina zergen bitartez egin daiteke. Bereziki AP-8aren kasuan. AP-8a kostu gabe eskuratu zuten, eta, egun, mantentze lanen kostua bidesarietan bildutakoa baino gutxiago da. Aldundiaren datuen arabera, 2016. urtean Ermua eta Usansolo artean 46 milioi kobratu zituzten bidesarietan. Aldiz, mantentze lanetan 11 milioi gastatu zituzten.

Zergatik mantendu du aldundiak bidesari sistema?

AP-8a errentagarri ateratzen zaio aldundiari. Lehen aipatu bezala, bidesariak irabaziak ematen dizkio, eta irabazi horiek baliatzen ditu kostu handiko beste bide batzuk mantentzeko. AP-8an irabazten dena beste toki batzuetan gastatzen da.

Zergatik erabaki zenuten plataforma sortzea?

Hamabi urteko ezinegonaren ostean, plataforma abiatzea erabaki genuen orain bi urte. Irtenbiderik ematen ez zutenez, mugitzen hastea beste aukerarik ez genuen. Une honetan, 25.000 sinaduratik gora ditugu jasoak, eta babes zabala.

Ez ordaintzea, hori da zuen eskaera?

Bai, amortizatutako autobide bat da, eta ez du zentzurik kobratzen segitzeak. AP-8a ez da aldundiarena, bizkaitar guztiena baizik.

N-634aren egoera eskasa ere aipatu duzue AP-8a dohainik izan dadila eskatzeko arrazoi gisa.

Egun, lanera azkar eta modu seguruan joan nahi badugu, ordaindu egin behar dugu. Bestela nazionaletik joan behar dugu, horrek dakarren denbora galtze eta arriskuarekin. Nazionalak bi bide ditu, eta egunero 44.000 auto pasatzen dira bertatik. Puntako orduetan, zoramena da. Gaur egun, segurtasunak ez luke luxu bat izan behar, eskubide bat baizik. Gainera, Bizkaiko ekonomiarentzako eta Euskal Herriko kohesiorako ere onuragarria litzateke doako autobide bat.

Zergatik uste duzue bidesaria ez kobratzea ekonomiarentzat eta kohesioarentzat ona litzatekeela?

Ekonomikoki autobidea kobratzeak ez dio inolako mesederik egiten Bizkaiari. Bidesaria ez ordaintzarren, astebururo, milaka bizkaitarrek Kantabria [Espainia] aldera jotzen dute. Durangaldeko herri bat bisitatzea bost bat euro da, eta Gipuzkoako bat, berriz, ia 20 euro. Asturias eta Kantabriakoak bisitatzea, berriz, dohain. Agintariek erabaki behar dute zer duten nahiago; dirua berton ala kanpoan gastatzea. Ezin da kohesiorik lortu Euskal Herrian geratzea baino merkeagoa bada Espainiara joatea.

Bildu zarete aldundiarekin edo beste erakunderen batekin?

Saiatu gara Imanol Pradales eta Unai Rementeriarekin batzartzen azaltzeko gure asmoak eta argitzeko beraien planak, baina ez dugu erantzunik jaso. Arazoari irtenbide bat emateko gurekin zuzenean hitz egin beharrean, aldebakarrez tarifa finkoa ezarri dute.

Bizkai eta Gipuzkoa artean bidaiatzeko AP-8rako tarifa finkoa engainu bat dela salatu duzue.

Tarifa finkoa ezartzea astoari erremolatxa jartzea bezala da. Erabiltzaileek gutxiago ordaindu behar dute, noski, baina autobidea ordaintzen segitu beharko dute. Ez dago arrazoirik amortizatutako autobide bat kobratzen segitzeko. Kobratu behar badute, kobra ditzatela Bizkaian azken hamabi urteetan eraiki dituzten azpiegitura berriak.

Gainontzeko alderdi politikoen aldetik jaso duzue erantzunik?

Entzun dituzte gure eskariak, eta ez dira aurka agertu, baina, hortaz aparte, ezer gutxi. Arartekoarekin ere bildu ginen. Hasiera batean, gure salaketarekin bat egin zuen, eta autobideak bizkaitarren arteko diskriminazioa sortzen duela ebatzi zuen. Gero, ordea, atzera egin zuen, eta diskriminaziorik ez zela argudiatu zuen, autobidea enpresa pribatuek kudeatzen dutelako. Bidegi eta Interbiak enpresak dira, baina ez pribatuak, aldundiarenak baino.

Protestekin jarraituko duzue?

Gure asmoa mobilizazioekin jarraitzea da. Horren begi bistakoa den bidegabekeria bat ezagutarazi egin behar da. Bidesaria kobratzeak ez du zentzurik. Izatekotan, interesak daude, baina horiek ezin dira herriaren aurka joan.