Ahoak eta belarriak, euskalduntzeko prest

Aitziber Laskibar Lizarribar

Euskararen ezagutzari eta erabilerari buruz azken urteetan egin diren azterketek agerian utzi duten errealitatea pozgarria bezain kezkagarria da. Gero eta gehiago dira euskaraz dakiten herritarrak. Erabili, ordea, gero eta gutxiagok erabiltzen dute. Hori iraul daitekeela erakusteko ahaleginean arituko dira, datorren ostegunetik aurrera, Deustuan. 11 egun euskaraz bizitzeko hautua egingo dute ehunka herritarrek 23an hasi eta euskararen egunera arte, abenduaren 3ra arte. Helburua argia da: nor bere errealitate eta gaitasunetik abiatuta, hizkuntza ohiturak alda daitezkeela frogatzea; euskaraz egiten dena baino askoz gehiago egin daitekeela erakustea, norbanakoen jarreran dagoela gakoa.

Euskarak 365 egun dinamikaren barruan sortutako 11 egun euskaraz egitasmoa gero eta herri eta auzo gehiagotan ari da zabaltzen. “Beroketa” gisa, oraingoz. “Froga” gisa. Izan ere, urtebete barru izango da saio handia, benetako erakustaldia. Euskaltzaleen Topagunea buru-belarri ari da horretan. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan egingo da 11 egun euskaraz, euskararen erabilera areagotzeko bidean gizartea aktibatzeko helburuarekin.

Berritzailea da egitasmoaren nolakotasuna, eta berria sustatzaileen elkarlana. Euskaltzaleen Topagunea eta Eusko Jaurlaritza ari dira elkarrekin. Elkarlan zabalagoaren bila, gainera. Gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko proiektu bateratua izan nahi du; tokian tokiko elkarteen eta nazio mailakoen artekoa; eta euskalgintzan zein bestelako esparruetan ari direnen artekoa. Alegia, egitasmoak zeharkakoa nahi du izan; gune eta eremu guztiak zipriztinduko dituena.

Urtebete barru izango da hori. Baina, dagoeneko, hainbat herri eta auzo daude dinamikan murgilduta. Datorren urtekoari begira batzuk, eta horri aurre hartuta besteak. Horixe da, hain zuzen, Deustuaren kasua. Ostegunean hasiko du 11 egun euskaraz, hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegin praktikoan.

Lutxo Egiaren hazia

2015ean du lehen hazia herriz herri hedatzen ari den ekinaldiak. Duela bi urteko udan, Transitoak performancea egin zuen Lutxo Egia idazleak Bilbon. Hilabetez euskara hutsez bizitzea hartu zuen erronka; Bilbon hegemonikoa den hizkuntza, gaztelera, hil oso batez ez erabiltzea. Aberatsa izan zuen esperientzia. Nekeza batzuetan, baina uste baino positiboagoa. Espero ez zituen jarrera baikorrak jaso zituen gutxien espero zuen guneetan. Zailtasunak zailtasun, Bilbon ere euskaraz bizitzea posible dela erakutsi zuen ekitaldi harekin. Eta euskaraz hitz egiteko edota entzuteko prest dagoen jende asko dagoela.

Egiak marraztutako bideari heldu, eta euskaltzaleak aktibatzeko ekimenak hasi ziren, apurka. Donostiako Egia auzoa izan zen aktibatzen goiztiarrena, iazko urte hasieran. Zortzi astez, zortzi txandatan, 365 pertsonak parte hartu zuten euskaraz bizitzeko esperientzian. Lehen egitasmo horren arrakasta pizgarri izan zen beste askorentzat, eta han-hemen errepikatu dira saioak.

Bizkaian, Arrigorriagan eta Trapagaranen gauzatu dute esperientzia. Eta arrakasta izan dute. Horren erakusgarri, Arrigorriagan errepikatu egingo dute hiru egunez, euskararen egunaren ingurumarian. Derion, lau eguneko apustua egin dute oraingoz. Hilaren 30etik abenduaren 3ra bitartean 365 lagun euskara hutsez aritzeko erronka hartu dute. Horrez gain, euskaraz aritzeko aukera ematen duten denda eta tabernen mapa egin dute. Sustatzaileen hitzetan, 150 establezimendutatik erdietan dago euskaraz aritzeko aukera. Aiaraldean, 30 egunez ari dira euskararen erabilera sustatzeko programazioan, Bizkaiko eta Arabako herriak txandaka elkarlanean. 4.000 lagun aktibatu dituzte. Orozkon eta Urduñan hainbat ekitaldi egingo dituzte kalean zein ikastetxeetan, eta Urduñako udal ordezkariek ere bat egin dute ahobizi eta belarriprest figurekin.

Aurtendik 11 eguneko erronkari eusteko apustuari heldu diote Deustuan. Duela urtebete hasi ziren ekinaldia auzora eramateko lanean. Berbaizu euskara taldeak 25. urteurrena beteko zuela eta, 72 ordu euskaraz egitea pentsatu zuten. Baina Topagunea 11 egunekoa prestatzen ari zela jakin, eta horrekin bat egin zuten. “Guk ere proba moduan 11 egunekoa antolatzea erabaki genuen”, azaldu du Jon Intxaurragak, sustatzaileetako batek. Irailean aurkezpena egin zutenetik ari dira buru belarri.

Espero baino arrakasta handiagoa bildu dute, dagoeneko. Auzoko berbalagunak, ikastetxeak, dendak, gazteak, hizkuntza eskola batu dira ekimenera. Baita Laboral Kutxa eta Kutxabank ere. Bi kutxen kasuan, ekitaldiaren berri emango diete langileei, parte hartzera gonbidatuz.

Edonola ere, zenbakiak dira arrakastaren erakusle argiena. Sustatzaileek 200 parte hartzaile lortzeko erronka jarri zioten bere buruari, eta dagoeneko 500 lagunek eman dute izena 11 egunez ahobizi edo belarriprest izateko. Topagunearen proiektuaren lanketak aurrera egin ahala zehaztasunez betetzen ari da, eta jakina da datorren urteko ekimenean bi parte hartzaile mota izango direla: euskaraz hitz egiteko gai direnak eta ulertzeko gaitasuna dutenak. Pin mota banarekin bereiziko dira multzo bakoitzekoak, elkarri euskaraz zuzentzeko nahia adieraziz. Oinarri hori hartuta, gero eta gehiago dira hizkuntza ohiturak aldatzeko prest agertzen ari direnak.