Tik-tak

Igor Elordui Etxebarria

Ume txikiak dauzkazuenok ederto ulertuko duzue kontatzera noan hau: goizeko… bota zortziak. Umeak esnatzeko ordua. Armosua prest dago mahaian; hamaiketakoa ere prest, motxilan; eskolara eramango duten arropa ere bai, armairuan. Norbera egin beharrekoak eginda, armosua hartutakoan harrikoa egitea baino ez da falta. Tik-tak. Ustez, denbora soberan gosaldu, hortzak eta aurpegia garbitu, jantzi, motxila hartu eta garaiz eskolara joateko. Bada, ez! Beti dago zerbait, esaterako, azken uneko kapritxoren bat, bat-bateko kakagura edo txizagura bat, galdu diren galtzerdi batzuk edota jantzi nahi ez den jertse bat. Zerbait oihukatu arazo egingo dizuna: begiratu erlojuari! Tik-tak.

Orain hasi dira eskolan orduak ikasten. Oraintsura arte, denbora, nire alabarentzat, bost minutuero gertatzen ziren gauzen segida bat zen. Erregutzen zuenean: “Bost minutu, aita”. Munduko gauza guztiak kabitzen ziren bost minutu horietan; kexatzen zenean, “aita, bost minutu baino ez?”, laburragoa irizten zion lagunekin eskolako atetik parkera egiten duen korrikaldia baino. Hori aldatzera doa, eta pena ematen dit. Laster hasiko da, orduari so, erlojuari atxikita bizitzen. Erlojuak eskumuturrean, erlojuak sukaldeko horman, erlojuak kanpandorreetan, erlojua mugikorretan, erlojua ordenagailuetan, geltokietan, eraikin ofizialetan, farmazietan… Tik-tak.

Akabo umearen xalotasuna. Orduen bidez dena da neurgarri, bizi izan garen denbora eta, gutxi gorabehera, biziko garena. Adibidez, ni, jada, kalkulu sinple-sinple bat eginda (365 egun x 24 ordu x dauzkadan urteak), 411.720 ordu bizi izan naiz. Kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko gizonezkoen bizi-itxaropena 80 urte pasatxokoa dela, 289.080 bat ordu dauzkat aurretik bizitzeko, kasurik onenean. Nahigabe apur bat eragiten dit hori jakiteak, baina atsekabe handiagoa eragin dit jakiteak munduaren akaberarako 2 minutu eta erdi baino ez direla falta. Tik-tak.

Bai, bada. Horixe da munduari mundu izateko falta zaion denbora, Chicagoko Zientzialari Atomikoen Buletinak (existitzen zirenik ere) 1947an sortu zuen erloju sinbolikoaren arabera. Zientzialari horien ustez (kontuz, badira tartean hamabost Nobel saridun eta), ez gara hain hurbil egon behin betiko kataklismotik 1953an SESBek eta AEBk euren botere termonuklearra (sic) elkarren lehian jartzeko zorian egon zirenetik. Erloju sinboliko horren baitan, gizateriaren deuseztatzea gauerdiko hamabietara ailegatzea da. Honetaraxe eraman gaituzte, 23:57 eta 30 segundo, gaur egungo baldintzek, apokalipsitik minutu bi eta erdira baino ez. Horren errua gerra nuklearraren arriskuak eta aldaketa klimatikoak daukate, baina badira beste pandemia batzuk ere, hala nola elikagaien urritasuna eta teknoterrorismoa. Buletineko kideek diotenez, probabilitate handiagoa dago munduaren amaieragatik hiltzeko aireko istripu edota eraso terrorista batengatik baino. Tik-tak.