Ona batzuentzat, onartezina besteentzat

Ona batzuentzat, onartezina besteentzat

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zaborren kudeaketan egoki ari da Bizkaia, agintean direnen esanetan. Talde ekologisten eta Zero Zabor plataforman biltzen diren gizarte eragileen ustez, aldiz, oso gaizki; norabide aldaketa premiazkoa da. Zaborrei buruzko datuek elkarren aurkako interpretazio eta balorazioak eragin ohi dituzte, eta hala gertatu da oraingoan ere, foru aldundiak Bizkaiko Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralari buruzko balorazioa egin duenean. Gabezia batzuk onartu arren, planaren inguruko balorazio baikorra egin du aldundiak. Helburu “gehienak” bete dituela nabarmendu du, eta gustura agertu da Batzar Nagusietan azalpenak eman dituenean: “Estatuak eta EAEk ezarritako 13 helburuetatik 10 bete dira”. Zero Zabor plataformak oso bestelako analisia egin du. “Euren beharren araberako azterketa” egitea aurpegiratu dio aldundiari; ohartarazi du ez direla bete planaren helburuak, eta gezurretan eta manipulazioetan aritzea egotzi dio Bizkaiko instituzioari. Hondakinen kudeaketa erabat aldatu behar dela iritzita, plan berria aldarrikatu dute Zero Zabor plataforman batzen diren taldeek, aldundiak proposatutako luzamendua gaitzetsita. Zenbaki dantzak eta kontrako interpretazioak mahai gainean daude.

2005 eta 2016 arteko planari buruzkoa da aldundiak egindako balorazioa. Iaz amaitu zen Bizkaiko Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralaren epea, eta planari dagokion hirugarren eta azken ikuskatzea egin berri du aldundiak. “Helburu bakarra ez da bete”, adierazi du Elena Unzuetak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak: zabortegietara inolako tratamendurik gabe isurtzen den hondakin kantitateari dagokiona da, diputatuaren hitzetan, bete ez den helburu bakarra.

Tratatu gabeko gehiegi

Zabortegietara iristen diren hondakin guzti-guztiak aurrez tratatuta egon beharra zehazten du planak. Aldundiak aitortu duenez, zuzenean zabortegira doazen hondakinen kantitatea txikituz joan den arren, %19 isurtzen dira horietan. Datu txar horren zergatiak azaltzerakoan, langileengan utzi du erantzukizuna Unzuetak: TMB tratamentu mekanikorako plantako langileek azken urtean egindako greba luzea gogoratu, eta horrek hondakinak zabortegietara bideratzera behartu duela esan du.

Planak zehazten dituen beste bi helburu “partzialki” soilik bete direla azaldu du Unzuetak: aparailu elektrikoei dagokien atalak eta beira, papera, metala, plastikoa eta egurrari dagokienak gabeziak dituzte. Bilketa selektiboa areagotzeko lanean, biztanleko urtean 4,6 kilo aparailu elektriko eta elektroniko jasotzeko beharra zehazten du 2016ra arteko plangintzak. Ez da helburua lortu: biztanleko 3,36 kilo jaso dira. Bestalde, bai paperaren eta kartoiaren birziklatze tasak eta bai beirarenak %60 behar luke izan, gutxienez. Aldundiak zabaldutako datuen arabera, paperarenak eta kartoiarenak ez du %54a gainditu, eta beirarenak, %59a.

Gainontzeko alorretan zehaztutako helburuak bete direla adierazi du foru diputatuak. Batzuetan, gainera, aise gainditu direla. Esate baterako, Espainiako Estatuak zaborraren balorizazioak %60 izan behar duela zehazten duen arren, Bizkaian sortzen diren hiri hondakinen %80,9 aprobetxatzen direla nabarmendu du.

Herritarrek sortzen duten zabor kantitatea egonkortuta dago azken urteetan, Unzuetak zabaldutako datuen arabera. Eta hori, ekologistek ez bezala, baikortzat du diputatuak. Zehazki, urteko 527 kilo hondakin sortu zuen iaz bizkaitar bakoitzak, aldundiaren esanetan; 2001ean sortzen zuen zabor kantitate bera. “Nabarmentzekoa da per capita 1,13an mantentzea lortu dela”, adierazi du aldundiak. Horixe zehazten zuen bigarren plan integralak. Hondakin komertzialek urteko 220.000 tonaren muga ez gainditzeko beharra ere batzen du egitasmoak, eta iaz 130.018 tona jaso zirela dio Unzuetak. Hiri hondakinak 697.000 tona baino gutxiago izateko beharra dago, eta 605.232 tona zenbatu zituen aldundiak. Hiri hondakinen %40 gutxienez birziklatzeko helburua ere gainditu da, haren hitzetan: %43,78 birziklatu ziren iaz.

Europak konpostatzeari ezarritako %4ko gutxiengotik, aldiz, urruti dago Bizkaia: %1,1ean. Eta kopurua handitzeko neurriak iragarri ditu. Urtea amaitu aurretik Lea Artibain proba egingo duela jakinarazi du: egindako haragi eta arraina ere konpostatzeko hondakinetara batuko ditu, edukiontzi marroietan uzten direnak gehitzeko. Probak emaitza onak ekartzen baditu, gainontzeko eskualdeetara ere hedatu dezake neurria aldundiak.

Datuak plazaratu, eta Bizkaiko hondakinen kudeaketa Europako arauekin parekatuta dagoela adierazi dute aldundiko ordezkariek. “Baina badago zer hobetu ere”. Eta, horretarako, 2005etik 2016ra artekoa zen Bizkaiko Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integrala 2020ra arte luzatzea proposatu du aldundiak. Europako araudian aldaketak aurreikusten direla azaldu du Unzuetak, eta Europak 2030erako ezarriko dituen helburuekin bat etorriko den plangintza egin ahal izateko nahi duela Bizkaiko plana luzatu.

“Gizartea engainatu nahia”

Bizkaiko 50 talde ekologista, sindikatu, alderdi eta bestelako gizarte eragilek osatzen duten Zero Zabor plataformak gogor egin du aldundiak iragarritako luzamenduaren aurka: “Plan zaharkitua 2020. urtera arte luzatzea benetako egoerari aurre egin nahi ez izatea da. Norbera eta gizartea engainatu nahi izatea da hori. Benetako aldaketa sakonak behar direnean, ezin dira luzapenak onartu”.

Eguzkiren ustez, era berean, ez da ulergarria 2020ra arteko luzamendua. Plana urtebetez luzatzea begi onez ikusiko luke, hondakinen kudeaketaren metodologian aldaketa sakonak egin eta “prozesuaren bertikaltasuna” iraultzeko. Baina 2020ra artekoa “onartezina” iruditzen zaio: “Benetan adabakiak jartzean oinarritzen den eta Zabalgarbi erraustegiaren beharrei begirakoa den eredua betikotzea esan nahi du”. Areago, Eguzkiren ustez, “estatistikak makillatzeko jokoan” aritzen da aldundia hondakinei buruzko datuak zabaltzerakoan, tartean bestelako interesak daudelako. Beraz, ezer baino lehen, zaborren inguruan dauden “interes pribatuak” baztertzea, hondakinak gutxitzea eta zabortegiak alboratzea oinarri izango duen eredu bat aldarrikatu du, konpostaren eta birziklatzearen alde benetako apustua egingo duen eredu bat; eta ohartarazi du iraultza horretarako ez duela zentzurik 2020ra arteko luzamenduak.

Bizkaiko Zero Zabor plataformaren ustez ere, autokonplazentzian oinarritutako azterketa egin du aldundiak, eta horrek galarazi egiten du benetako egoera aztertzea eta hondakinak modu eraginkor eta iraunkorrean kudeatzea.

Unzuetak emandako zenbait datu kolokan jarri ditu, gainera. %43,78 birziklatzen dela zalantzan jarri du, esate baterako. Planak zehaztutako gutxiengoa %40 dela zabaldu du aldundiak, baina horri konpostatzearen %4 gehitu behar zaiola jakinarazi du plataformak; hortaz, %44 dela, benetan, birziklatu beharrekoa. Baina ez hori bakarrik: 2013an eta 2014an aldundiak %68 birziklatu zela esan zuela gogoratu du, eta agerikoa dela gezurretan aritu zela. Zero Zaborrek uste du oraingoan ez dela %40ra iritsi.

Plataformaren ustez, datu iruzurti gehiago ere zabaldu ditu aldundiak. Etxeetako obretan sortzen diren hondakinei buruz emandako zenbakiek, esaterako, zalantza eragin diote. Araban mota horretako 16 kilo hondakin sortzen dira urteko pertsonako, eta Gipuzkoan, 27. Aldundiaren arabera, Bizkaian halako 60 kilo hondakin sortu ditu pertsona bakoitzak, batez beste. “Etxeko igeltserotzak zoratu egiten gaitu bizkaitarrak?”, galdetu du ironikoki. Zenbaki horien atzean eraikuntza zaborrak ere gordetzen direla ondorioztatu du, eta ohartarazi du Europako arautegiaren arabera horiek ezin direla zaku berean sartu.

Tratatutako hondakinei buruzko zenbakiak ere ez dira zuzenak, Zero Zabor plataformaren ustez. Azaldu du tratatzera eramaten den zabor asko ezin dela birziklatu, eta zabortegietara eramaten dela. 2014an, esaterako, 30.626 tona bota ziren horrela zabortegietara. “Halako irteerak 0 dira 2016an”, jakinarazi du. “Ez al da birziklatze datu handiagoa emateko tranpa?”.

Beste hainbat zenbaki ere zalantzan jarri ditu Zero Zaborrek. Baina haren ustez okerrena Bizkaian hondakinen kudeaketaren bizkarrezurra dena da: erraustea. Aldundiak kaleratutako txostenak errealitate hori gordetzen duela salatu du. Egiazki, Bizkaiko hondakinen kudeaketaren “oinarria” duela 25 urte sustatutako Zabalgarbi erraustegia dela dio. “Eta zomorroak zaborra behar du elikatzeko”. Hartara, zaborra gutxitu eta birziklatzeko eginbeharra eta erraustegia “sustraitik kontrajarriak” direla adierazi du, eta hargatik behar dela hondakinen egungo kudeaketa irauliko duen bestelako eredu bat.