Itzubaltzetako gaztetxea berreraikiko du Getxoko Udalak

Itzubaltzetako gaztetxea berreraikiko du Getxoko Udalak

Asier Arrate Iruskieta

Garrek jan zuten, apirilaren 19an, Itzubaltzeta auzoko gaztetxea (Getxo), Gobela errekaren ertzean zegoena. Sutean ez zen inor zauritu, baina beldurra zabaldu zen eraikina berritzeko udalaren eta gaztetxeko asanbladaren artean zegoen adostasuna kolokan geratuko ote zen. Getxoko Udalak ziurtatu du gazte asanbladarekin daukan konpromisoari eutsiko diola eta Errekaganeko pabiloiak berriztatuko dituela.

Oraingoz, lanak ez dira hasi, baina udalak Bilboko Metroaren baimena jaso du gaztetxe berria eraikitzeko. Imanol Landa alkateak gogoratu du, eraikina berreraikitzeko adostasuna badago ere, URA agentziaren eta Trenbide Sarearen oniritzia behar dutela. Izan ere, gaztetxearen eraikina errekaren ertzean eta Bilboko metroaren trenbidearen alboan dago. Apirileko sutean, lau geltoki itxi eta trenen zerbitzua eten zuten. Bilboko Metroaren baimena lortuta, URA agentziarena falta da, baina udalak ziurtatu du gaztetxeko asanbladarekin adostutakoari eutsiko diola.

Udalaren eta gaztetxeko asanbladaren arteko hitzarmenak 2008ko uholdeetan du jatorria. Eusko Jaurlaritzak lanak abiatu zituen Gobela ibaiaren hazkundearen kalteak saihesteko. Lanek gaztetxea hutsaraztea ekarri zuten, eta, eraikinen bat okupatzeko aukerarik ez zegoela ikusita, Itzubaltzeta Gaztetxearen Aldeko Plataforma sortu zuten. Plataformak hainbat herritarren atxikimendua eta babesa lortu zuen, eta, horren ondorioz, asanbladak negoziazio prozesu bat abiatu zuen udalarekin.

2013an, aurretiko hitzarmen bat sinatu zuten udalak eta plataformak, eta, horri esker, Gobelako lanek irauten zuten bitartean, udalak Etxe Merkea eraikina utzi zion gaztetxeko asanbladari. Udalak gaztetxea eraikita zegoen lurzorua erosi zuen, 1,4 milioiren truke, 2016ko abuztuan. Lurzorua erosita, lanak hastekoak ziren, baina apirilean eraikinak su hartu zuen. Udalak azaldu du sutearen ondoren zutik gelditu ziren eraikinaren zatiak “jausteko arrisku bizian” zeudela, eta teknikarien txostenen aginduz bota egin zituztela. Hala ere, berreraikuntza proiektuak “bere horretan” segitzen duela gaineratu dute. Gaztetxeko asanbladako kideek azaldu dutenez, suteak berrikuntza proiektua atzeratu du. “Konpromisoa mantentzen da, eta gure aldetik indar guztiak jarriko ditugu herrian gaztetxea egon dadin”, adierazi diote Hitza-ri asanbladako kideek.

Une honetan, lanak “prozesu burokratikoan murgilduta” daudela azaldu dute gaztetxeko kideek. URA agentziaren baldintzak betetzeaz gain, proiektuak bide luzea du aurretik: arkitektura estudioek beren proiektuak aurkezteko aukera dute, eta ostean proiektu horiek hiru fase gainditu beharko dituzte. Behin erabakita zein enpresak eraikiko duen, gaztetxeko kideak beraiekin bilduko dira eraikinaren antolaketa zehazteko. “Lehen zati hau, batez ere, eraikinaren kanpoaldeari lotua dago”, azaldu dute gaztetxeko kideek. Oraindik ez da ezer zehaztu, baina, hedabide batzuek zabaldu dutenez, eraikin berriak mila metro koadro inguru izango ditu, eta bi solairuko altuera. Errekaganeko pabiloi zaharren toki berean eraikiko da, eta altuera antzekoa izango du.

Hitzarmena sinatzear

Eraikina berreraikitzea udalaren esku badago ere, barruko antolamendua gaztetxeko asanbladak udalarekin sinatuko duen hitzarmenean bilduta dago. Gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, hitzarmena “laster” sinatzea espero dute. Kideek azaldu dute oraindik bi puntu falta zaizkiela adosteko udalarekin; eraikinaren lagapena, eta erabilera ordutegia. Azken hori auzokideekin ere adostu beharko dute.

Udalak baieztatu du gaztetxeko asanbladarekin”elkarlanean” lantzen ari direla eraikin berriaren lagapena arautuko duen hitzarmena. Jakinarazi duenez, dokumentuan jasoko dira alde bakoitzak izango dituen betebeharrak. Oraingoz, hitzarmena sinatu gabe dago, eta lanen epeak eta aurrekontua ere zehaztu gabe daude. Hala ere, bi aldeek gaztetxe berri bat eraikitzeko konpromisoari eutsiko diotela ziurtatu dute.