Hezkuntza duina aldarri

Hezkuntza duina aldarri

Natalia Salazar Orbe

Hezkuntza publikoaren egoera “larria” salatu dute Steilas, ELA eta LAB sindikatuek ikasturtea hasi berritan. Horri aurre egiteko, oraingoz abendu bukaerara arteko mobilizazio egutegia aurkeztu dute. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak hezkuntza publikoaren aldeko apustua “sendoa” dela ere adierazi du asteon. Bestelako ikuspegia dute sindikatuek, eta, horiekin batera, mobilizazioetara gehitu den Bilboko Ibaiondoko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateak ere. Komunitate horretan bildutakoek, urteetan egin dituzten eskaerekin uztartu dituzte sindikatuen aldarrikapen orokorrak. Beharrezko azpiegiturak atondu eta berritzeko behar besteko inbertsiorik ez egitea eta eskola segregazioa saihesteko neurriak ez hartzea dira euren salaketa nagusiak. Festa giroan egin zuten protesta joan den ostiralean Atxuriko eskolan eta Emilio Campuzanon. Aurrera begira, sindikatuek deitutako mobilizazioak babestuko dituzte.

Euren barrutian eta beste batzuetan hezkuntza publikoaren utzikeria salatu du egoera barru-barrutik ezagutzen duen Jokin Alberdik. Ibaiondoko Eskola Publikoak Martxan plataformako kidea da. “Hamasei urte daramatzagu institutu berri bat eskatzen. Itunpeko hezkuntzan egiten ari dira era horretakoak, baina gurean ez. Azpiegituretan Jaurlaritzak egiten duen inbertsio publikoa eskoletan %50 jaitsi da krisiaz geroztik. Horrek dakarrena da itunpeko eskoletan eskaintza zabalagoa egotea publikoan baino”.

Berezitasun batzuk ditu, gainera, Ibaiondo barrutiak. Hazkunde demografiko handia egon da azken urteetan, baina esan dute Jaurlaritzak ez diola erantzunik eman egoera horri. “San Adrian, Iruarteta eta Pagasarribideko obrak oso atzeratuta daude. Duela lauzpabost urte eginda egon beharko zuketen. Bitartean, gure seme-alabak eta irakasleak oso baldintza txarretan daude”. Besteak beste, umeak bata bestearen gainean daudela eta gimnasio eta jantoki desegokiak dituztela salatu du.

Itunpeko eskolei administrazioak eman nahi dien bultzada handiago horretan Bilboko Udalak ere zeresana baduela deritzo Alberdik: “Udalak dio ez duela eskumenik gai horietan. Gezurra da, ordea. Berak liberatu behar ditu lurrak hezkuntzarako eraikin berriak egiteko. Eta ez da ari egiten. Edo egiten duenean, erraztasunak ematen dizkio itunpekoari. Bilboko Eskola Kontseilu guztietan urtero ikusten dugu nola itunpekoa haziz doan publikoaren aurretik. Baina berdin zaie”.

Politika aktiboagoak eta “konpromiso politiko tinkoak” eskatu ditu egoerari konponbidea emateko. Egoera deskribatu du horren arrazoiak argitzeko: “Eskola zoragarriak egiten badituzu auzo batean, denek joan nahiko dute bertara. Gainera, etorkinak edo baliabide gutxiko familien umeak kontzentratzen badituzu ikastetxe batzuetan, argi dago zein izango den emaitza”.

Oraintsu gertatutako zerbait azaldu du baieztapen hori justifikatzeko: “Urretxindorra ikastolan lanak egiten ari zirenean, familia batzuk lekurik gabe geratu ziren. Hezkuntza ordezkaritzak proposatu zuen barrakoiak jartzea Iruartetan, familia horien umeak hartzeko”. Iruartetakoek ez zuten onartu barrakoirik jartzerik, eta manifestazioa ere egin zuten. “Zergatik? 200 metro beherago beste eskola bat dagoelako. Bi lerro ditu, eta horietako batean eurentzako lekua zuten”.

Hala ere, kontua ez da hezkuntza publikoa eta itunpekoa kontra jartzea. Segregazioa bietan gertatzen dela ekarri baitu gogora. Hala, euren auzoetan ez dute nahi ghettorik ez eskola elitistarik. “Segregazioa errealitatea da. Ez da asmatutako zerbait. Klasismo hutsa da. Lauro ikastolan ere gertatzen da, baina alderantziz. Klase ertain eta altuak joaten dira bertara. Hori ere segregazioa da, bertako ikasleek ez baitute harremanik beren auzoan dauzkaten beste errealitateekin”.

Hala, gizarte maila ertainetara bideratutako itunpeko ikastetxeak bultzatzeari utz diezaion eskatu diote administrazioari, gainerakoan, eskola publikoa estigmatizatu eta beharrezko baliabideak kentzen dizkiotelakoan. Horrez gain, uste dute Jaurlaritzak aztertu egin beharko lukeela atzerriko populazioaren seme-alaben edo baztertze arriskuan dauden ikasleen arrazoizko kopuruak jasotzen ez dituzten eskolekin daukan itun eredua. Atxuriko ikastetxearen eredua goraipatu du, aniztasunak aberastua delako.