Aurrekontuek gora egin dute, baina gastu mugak baldintzatuta

Aurrekontuek gora egin dute, baina gastu mugak baldintzatuta

Asier Arrate Iruskieta / Bilbo

Bizkaiko Foru Aldundiak  2018. urterako aurrekontu proiektua aurkeztu du: 7.813 milioi eurokoa, iazkoa baino 418,5 milioi handiagoa.  Oro har, %5,66ko igoera izango du. Hala ere, aldundiak zuzenean gastatzeko izango duen kopuruaren igoera murritzagoa da, behin diru sarrera horiek kuporako –152 milioi igo da ekarpena–, Eusko Jaurlaritzarako, udaletarako  eta zorra ordaintzeko erabili ostean. Datorren urterako jasotako 7.813 milioietatik, aldundiak 1.194 milioi gastatu ahalko ditu.

Aldundiko sailek gastatzeko  izango duten diru sailaren igoera Espainiako Kongresuak onartutako gehienezko gastuak mugatzen du. Gehienez %2,4 bideratu daiteke; gainontzekoa zorra ordaintzeko da. Lurraldearen zorra ez da hazi, eta datorren urteko aurrekontutik 154 milioi zorra kitatzeko erabiliko dira, eta 48 milioi, interesak ordaintzeko. Unai Rementeria ahaldun nagusiak aitortu du ez direla aurrekontu «idealak», eta baliabide gehiago edukitzea gustatuko litzaiekeela. Kupoaren eta gastuaren mugaren eragina azpimarratu ditu ahaldun nagusiak:«Diru gehiago bilduta gehiago gastatzeko izango genukeela diotenek hori jakin beharko lukete».

«Krisi garaiko aurrekontuen eta hobeago batzuen arteko trantsiziokoak» direla azaldu du Rementeriak. Ahaldun nagusiak nabarmendu du «baikor» dagoela aurrekontu proiektu berriarekin, baina  «arreta» ere izan behar dela. «Garai zail bat igaro dugu, eta, horregatik, garrantzitsua da oinarrizko gastuak ziurtatzea; oraindik ez gaude prest inbertsio handiei aurre egiteko», azaldu du Rementeriak: «Urteetan galdutako gastu ahalmena berreskuratzen ari gara».

Datorren urtean aldundiko sailek eskuragai izango duten aurrekontuak hiru ardatz izango ditu: gizarte ekintza, lurralde kohesioa, eta jarduera ekonomikoa eta enplegua. 1.194 miloi euroen %75 hartuko dute.

525 milioi Gizarte Ekintza Sailerako izango dira. Batik bat, haurrei, adinekoei eta desgaitasunak edota mendekotasunak dituztenei arreta handiagoa emateko ekintzak egingo dira, eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen jarduera finantzatuko da. Era berean, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren aurrekontuan diru sail asko erabiliko dira gizarte bazterkeriaren aurka egiteko eta aukera berdintasuna eta herritarren eskubideak bultzatzeko.

Bigarren ardatzean, ia 400 milioi euro izango ditu eskuragai  foru aldundiak lurraldearen kohesioa sustatzeko. Ardatz horretako beharrizanak betetzeko gastuak dira, besteak beste, garraio publikoak –Bizkaibusena eta Bizkaiko Garraio Partzuergoarena–, azpiegituren garapena eta errepide sarearen kontserbazioa eta plangintza, eta AP-8 eta AP-1 bidesarien diru  laguntza.

Ekonomia sustatzeko

Azkenik, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko, 71,8 milioi euro biltzen dituen diru saila proposatu du aldundiak. Atal horretan nabarmentzekoak dira Ezkerraldeko Parke Teknologikoa handitzeko eta  Ekintzailetzarako Nazioarteko Zentroa eta Energy Intelligence Center eraikitzeko proiektuak. Baita Zallako suhiltzaileen parke berria eta Busturialdeko herritarren arretarako bigarren bulegoa ere. «Krisiak proiektu horiek alde batera uztera behartu gintuen, eta pixkanaka berriz heldu behar diegu», adierazi du Rementeriak.

Sailen artean jaitsiera izango duen bakarra Garraio eta Mugikortasunarena izango da, aurten arte diru ekarpen handia izan duten lanak amaitu egin direlako, tartean metroaren hirugarren linea. Garraio eta Mugikortasun Sailak 133 milioi euro izango ditu eskura, iaz baino %11 gutxiago.

Asteartean erregistratu zuen aldundiak 2018. urterako aurrekontu proiektua Batzar Nagusietan. Aurrekontu proiektuari izapideak egiteko epea irekitzeko, foru diputatu bakoitzak bere sailen 2018. urterako diru sailei buruzko azalpenak emango ditu  batzarkideen taldeen aurrean.