Arginzoniz preso mantentzeko neurri berriez ohartarazi dute

Arginzoniz preso mantentzeko neurri berriez ohartarazi dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

Aritz Arginzoniz Elorrioko presoak hamar urte darama Espainiaren kartzeletan. Espainiako legeria beteko balitz, kalean behar lukeela ohartarazi dute haren senide eta lagunek. Eta, okerrenean, datorren urteko otsailean askatu behar luketela, Espainiako auzitegiek ezarritako zigorra oso- osorik beteta. Ortzi muga hori izan dute jarria senideek urtetan: 2018ko otsaila. Baina atzera kontua hasi eta amaiera sentitzen hasi zirenean, ezusteko kolpea jaso zuten. Frantziako epaitegiek ere epaitu egingo zutela jakinarazi zioten presoari iazko otsailean.

Zur eta lur geratu ziren bai presoa bera, bai haren senide eta lagunak. Sinetsi ezinik. Izan ere, euskal presoek ez dute antzeko kasurik ezagutu orain arte. Lehen aldia da euskal preso batek Espainiako zigorra amaitu, Frantziak estradizioa eskatu, eta Frantzian ere epaituko dutena. Alderantzizko kasuak sarri gertatu dira: hainbat izan dira Frantziatik Espainiara estraditatu dituztenak. Baina ez Espainiako zigorra betetzean Frantziak berak ere epaitzeko eskaera egin duen kasuak. Bat bera ere ez orain arte, Arginzonizen senideek azaldu dutenez. Hartara, Elorrioko presoaren kalterako ez ezik, beste hainbaten espetxealdiak luzatzeko lehen pausoa izan liteke. Arginzonizen kasuak aurrekaria sor lezake. “Espainiako eta Frantziako estatuek mendekuan oinarritutako espetxe politika eta epaiketen bidearekin jarraitzen dute”, ondorioztatu dute presoaren senide eta lagunek. “Aritz izango da estatuen mendeku gosearen urrats berri hau frogatzen lehena”.

Aitzol Iriondo Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) presoarekin batera. Elkarrekin epaituko dituzte biak abenduaren 18 eta 21 artean, Parisen. Hartarako, laster eramango dituzte Frantziako hiriburura. Arginzonizen senideen esanetan, hil honen hasieran.

Ez da lehen aldia Elorriokoa Espainiaren kartzeletatik Frantziaren kartzeletara lekualdatzen dutena. Iazko apirilean ere eraman zuten Paris kanpoaldeko Fleury Mergois espetxera. Lehenago, otsailean, Huelvatik Valdemorora eraman zuten, Madrila zergatik zeramaten ez zekiela. Orduan jakinarazi zioten Europako atxilotze agindu bat zuela eta estraditatu egingo zutela. Apirilean Parisera eraman, eta bost hilabetez izan zuten han. Le Vert epailearen aurrean deklaratu ondoren, Espainiara eraman zuten berriro.

Han jarraitzen du elorriarrak, Huelvan, etxetik ia mila kilometrora. Bakartze galeria batean, eguneko 19 orduz ziega barruan itxita. Aurki eramango dute atzera Parisera, eta senide, lagun zein herkideak ere joango dira Frantziako hiriburura, epaiketak irauten duen bitartean presoari babes ematera.

Horrez gain, Aritz Arginzoniz sustarretatik atara barik lelopean manifestazioa egingo dute Elorrion hilaren 26an, herkidea askatu dezatela eskatzeko. Bakegileek abenduaren 9an Parisera egingo duten martxarekin ere bat egin dute senide eta lagunek.