Olaia Zabalondo
Ameriketako Estatu Batuetako kulturan errotuta dagoen jaia da Halloween, eta, hedabideei esker, munduko beste hainbat lekutara iritsi da. Euskal Herrian aspalditik ospatu izan den jaia da Halloween; hemen, baina, Arimen Gaua deitu izan zaio.
AEBetatik eratorritako jai horretan, beldurra emateko asmoz, ohikoa izaten da jendea mozorrotuta ikustea. Jai horren eragina gero eta nabariagoa da inguruan, eta hainbat herritan jaialdiak antolatzen dituzte. AEBetan joan den martitzenean ospatu zuten Halloween. Hala ere, Bizkaiko zenbait herritan ospakizunak joan den asteburuan egin zituzten; beste zenbaitetan, berriz, asteburu honetan egingo dituzte, Bermeon esaterako.
Halloween hitzak Bermeon, metal musikarekin dauka lotura. Orain dela hamar urte, herriko Spookypheria Productions elkarteak Halloween jaia eta metal musika uztartzea erabaki zuen. Hala jaio zen Halloween Metal Fest jaia.
“Jaialdia antolatzen hasi ginenean, ez genuen uste hamargarren urteurrenera iritsiko ginenik”, azaldu dute Spookypheria Productions elkarteko Jabi Garciak eta Iraide Narbaizak. Ordurako, elkarteak Gorefest jaialdia antolatzen zuen. Hasierako ideia, udan egiten duten Gorefesten ostean kontzertuak eskaintzea zela diote. Gorefestak beldurragaz, goreagaz, suspenseagaz… gozatzeko aukera eskaintzen du. Halloweenek horrekin zerikusia ere badaukala iritzita eta herrian beste ekintza bat antolatzeko asmoz, Halloween Metal Fest jaialdiaren ideia aurkeztu zuten Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan.
Baietza jaso ostean, zinema eta musika uztartzeko jaialdi modura jaio zen Halloween Metal Fest. Lehenengo urtean, hortaz, bi kontzertu eskaintzeaz gain, dokumental bat ere jarri zuten, eta bigarren urtea ere antzera joan zen. Hirugarren urtean, hala ere, musikara mugatu ziren.
Hori bai, mozorrotuta joateko deia egin dute betidanik, eta, azken urteetan izan ezik, mozorro onenak saria jaso izan du. “Jendeak oso ondo hartu zuen mozorrotuta etortzearen ideia, eta mozorro oso onak egon dira”, diote. Azken urteetan, baina, asko jaitsi da mozorrotuta doazenen kopurua. “Izan daiteke jaialdia ez delako Halloween egunean bertan”.
Haziz joan den jaialdia
Urteekin indarra hartuz joan da jaialdia, eta kalitateak ere gora egin du. Hasieran, ematen zieten diru laguntzarekin konpontzen ziren antolatzaileak. Spookypheria, hala ere, haziz joan da, eta, kalitate handiagoko jaialdia osatzeko asmoz, beste ekintza batzuk ere antolatzen ditu Halloween Metal Fest “profesionalagoa” egin ahal izateko; 80s party, esaterako. Hala, lau lagunen arteko zaletasun moduan hasitakoa “handi” bihurtu da.
Aurtengoa, gainera, jaialdi berezia izango da: “Ez dira beti betetzen hamar urte”. Zapatukoa ibilbidearen laburpena izango da, eta dagoeneko jaialdian egondako lau talde igoko dira Bermeoko Kafe Antzokiko agertokira. Garciaren esanetan, egin zitekeen “kartel onena” aurkeztu dute.
10. urteurrena ospatzeko jaia bariku eta zapatuan egin gura zuten, baina, ezinezkoa zenez, apirilean aurkezpen kontzertu bat egin zuten biharkoa iragartzeko.
Halloween Metal Fest onena 2015ekoa izan zela gogoratzen dute sustatzaileek, eta aurtengoa ere horrelakoa izango dela uste dute, “hobeagoa ez bada”. Ohi legez, kontzertuen ostean, videojukebox-ak jarriko dituzte, hau da, Spookypheria Productions kultur elkarteko kideak eta horien zenbait lagunek aurkeztutako bideo emanaldiak. Hori 03:00 aldera izango da.
Jaialdiaren izena dagoeneko ezaguna da Bizkaian, eta Bilbo eta inguruetatik jendea joaten denez, aurten Bermeora iristeko autobusa antolatu dute. Gura duenak www.ikastravelling.com webgunean eman dezake izena.
Jaialdiaren sarrera 12 eurokoa da aurretiaz erosita, eta 15 eurokoa leihatilan. Hurrengo lekuetan eskura daitezke sarrerak: Bermeoko Kafe Antzokian eta Luma liburu dendan, Gernika-Lumoko Ospa tabernan, Mungiako Herriko Tabernan eta Bilboko Gothic Zonen.
Bermeoko Kafe Antzokian izango da jaialdia, bihar, eta 21:00etan zabalduko ditu ateak.