Susmagarria ez ezik, salagarria

Igor Elordui Etxebarria

Bizkaiko Hitza-n partekatzen dugun txokotxo honetan —Susmagarria iritzi-artikuluan—, Nerea Ibarzabalek Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ingurumarian jazo zen istorio bat kontatu zigun joan den astean. Gogora dakart ostera ere: final-laurdenetako sei saioetatik emakumeek lautan lehen postua lortu dutela eta, bertsozale batek bi gizonen arteko elkarrizketa entzun zuen, zeinetan, gizonetako batek “hainbeste andre aurrean…” bota zuen, eta besteak ihardetsi: “Susmagarria…”. Anekdotaren(?) haritik, Nereak, beti bezain zorrotz eta dotore, hausnarketarako gaia plazaratu zuen: susmagarria benetan da pentsatzea emakumeek kirolean marka handi bat egiten dutenean, maila altuko lanpostua lortzen dutenean, bertsotan ondo moldatzen direnean… feminismoa modan dagoelako dela.

Bada, bertsolaritzaren analogiarekin segituz, puntua hartu diot gaurkoan txokokideari. Joan den astean, fikziozko euskal liburu salduenen zerrenda eman zuten. Sei eleberri: Jenisjoplin, Koadernoa zuri, Gelditu zaitezte gurekin, 33 ezkil, Nola heldu naiz ni honaino eta Bidean ikasia. Sei idazle, hortaz, gaur-gaurkoz salduenen (eta pentsatzekoa da irakurrienen) zerrendan: Uxue Alberdi, Arantxa Iturbe, Ana Malagon, Miren Gorrotxategi, Kattalin Miner eta Arantxa Urretabizkaia. Sei emakume. Hori ere, Nereak zioen bezala, sorpresa exotiko legez hartu behar ote dugu? Ez, bada, jaun-andreok! Bertsolaritzan gertatzen den moduan, literaturan, euskal literaturan bederen, hau ez da moda kontu hutsa. Hau da eboluzio bat, zenbait diziplinatan gertatzen ari den emakumearen ahalduntzearen erakusgarri bat.

Baina horrenbeste dago egiteko, ez noa ezer berria esatera. Kristalezko sabaia hortxe dago, batez ere, agintari, hedabide, zale… maskulino askok nagusiki maskulinotzat jotzen dituzten esparruetan. Adibidez, nola ez, kiroletan.

Pasadizoa pasadizoaren truke: egunotan eskuz banakako lau t’erdikoa jokatzen ari da, gizonezkoena zein emakumezkoena. Iaz, sasoi honetan nire lagun batek eskuz binakako emakumeen pilota txapelketari zabalkundea ematen laguntzeko eskatu zidan. Euskal Herri mailako lehenbiziko txapelketa hartan 80 pilotarik baino gehiagok parte hartu zuten (baita Euskal Herrira kanpotik etorri ziren hainbatek ere). Hiru hilabete baino gehiago, 53 partidatan, lehian aritu ostean, finala Zornotzan jokatu zen, martxoaren 5ean. Jokatu ahala, hedabideetan oihartzuna irabaziz joan zen txapelketa (zerbait lortu genuelakoan gaude, beraz), eta finalaren egunean pilotalekua jendez lepo zegoen, eta ETBk zuzenean eman zuen. Handik hilabetera jokatu zen gizonezkoen txapelketa, eta enpresei eskatu genien emakume txapeldunek ohorezko sakea egiteko aukera ematea. Txapeldunak bizkaitarrak zirenez gero, Athletic Clubi ere egin genion proposamena. Oraindik erantzunaren zain gaude. Ea aurten.