“Nahiz eta ez irabazi, gorengo mailan lehiatzea saria da”

“Nahiz eta ez irabazi, gorengo mailan lehiatzea saria da”

Asier Arrate Iruskieta

Saskibaloian aritu ostean, kirola egitearren hasi zen triatloietan lehiatzen Gurutze Frades (Durango, 1981). Hasiera batean denborapasa zena, bere ogibide bihurtu zen. Uste baino lehen lasterketak irabazten hasi zen, eta, 2011n Espainiako txapelketa irabazi ostean, lana utzi eta kirolari profesional bihurtzea erabaki zuen. Ordutik hona, gorako bidea hartu du Fradesen kirol ibilbideak. 2015ean Vichyko (Frantzia) Ironmana irabazi zuen, eta 2016an lehen aldiz sailkatu zen Hawaiin egiten den Ironmaneko finalera. Aurten, balentria errepikatu du, eta 22. postua lortuta itzuli da etxera.

Hawaiiko Ironmanetik bueltatu berri zara. Nolako esperientzia izan da munduko lasterketa gogorrenetakoan lehiatzea?

Distantzia luzeko lasterketa garrantzitsuena da, eta bertan biltzen dira munduko atleta onenak. Onenen aurka lehiatzea halako paraje batean izugarria da. Aurten prestaketa zorrotz eta luze bat egiteko aukera izan dut, eta, horregatik, indartsu iritsi nintzen. Lasterketa egunean, ordea, gauzak ez dira nahi bezala ateratzen. Estrategia bat prestatu nuen, baina azkenean, arazo fisikoengatik esperotakoa baino maila apalagoan lehiatu nintzen. Hawaiin goiko postuetan bukatzeko, zure lasterketa onena egin behar duzu.

Gogorra da lasterketa erdian ohartzea prestatu duzun estrategiak huts egin dizula?

Lasterketa ondo hasi nuen, baina bizikletaren zatira pasatu nintzenean nire errendimenduak behera egin zuen. Gogorra da lasterketa erdian ohartzea hainbeste entrenatu eta gero ez zarela zure ehuneko ehuna ematen ari. Hala ere, beste lehiakide batzuk ere gaizki ari ziren, eta pentsatu nuen korrikako zatian berreskuratu nezakeela galdutako denbora. Azkenean, 31. postutik 22. postura igo nintzen, eta esperotako errendimendutik urrun geratu banintzen ere, emaitzarekin pozik nago. Azken finean, sailkapenak ez du zehazten lasterketa on edo txar bat egin duzun.

Denboraldi ona izan da aurtengoa?

Bosgarren eta seigarren postuak lortu ditut denboraldiko bi lasterketa garrantzitsuenetan, Hegoafrikakoan eta Brasilekoan, eta azkenengoan nire marka pertsonal onena lortu nuen, bederatzi ordukoa. Hala ere, emaitzez harago, urte ona izan da atleta bezala hazi egin naizelako. Lehiakideen maila gorantz doa, eta Hawaiin lehiatu ahal izateko triatleta hobea bihurtu behar izan naiz.

Kosta egiten da denboraldiak eragiten duen tentsioari eta nekeari buelta ematea?

Ez da erraza aurreikustea zenbat denbora beharko duzun errekuperatzeko, baina urte asko daramatzat lehiatzen eta nire gorputza ohituta dago sufritzera. Hawaiitik bueltan, kosta egingo zait atseden hartzea. Nahiz eta iazko azaroan hasi nintzen entrenatzen, ondo sentitzen naiz eta lehiatzen segitzeko gogoa dut. Hala ere, datorren denboraldirako gorputza prest izan nahi badut, nahitaez atseden hartu beharko dut.

Zenbat entrenatzen zara?

Eliteko kirolari bezala goiz eta arratsaldez entrenatzen dut. Zorionez kirola asko aldatu da, eta egun ez gara entrenatu behar lehen bezain beste ordu. Orain, garrantzitsua ondo entrenatzea eta diziplina handia izatea da.

Horrenbeste aldatu dira entrenamenduak?

Profesionaltasun eta teknifikazio maila izugarria lortu da triatloian eta distantzia luzeko lasterketetan. Dena dago neurtuta: denborak, lasterketako atalak, errendimendua, eguraldia, aerodinamika… Are gehiago, egun lasterketa simulatzeko programak daude. Detaile guztiak zaintzen dira. Edonola ere, faktore humanoa hor dago. Ezin duzu aurreikusi zure aurkariek zer egingo duten edo zu nola sentituko zaren. Hawaiin hori gertatu zitzaidan.

Aurrerapen teknikoek kirolaren izaeran eragin dute?

Hainbat kiroletan piztu da eztabaida hori baina kirolariontzat hobekuntza hauek guztiak oso baliagarriak dira. Ni behintzat, liluratuta nago errendimenduaren zientzia deitzen den horrekin. Ez dut uste kirolaren izaeran eraginik duenik. Izatekotan, kirolean gorengo maila ematea ahalbidetzen digu.

Ironmanean aritzeko entrenamendua eta diziplina baino zerbait gehiago beharko da, ezta?

Borondatea. Ironman lasterketek, bataz beste, bederatzi eta hamar ordu bitartean irauten dute. Tarte horretan asko eta azkar pentsatzen da, eta psikologikoki sendoa behar duzu izan datorrenari aurre egin eta kontzentrazioa ez galtzeko. Nire kasuan, taldearekiko ardura dudala sentitzen dut. Jende askori esker nago nagoen tokian, eta ezin diet huts egin.

Talde handia duzu zure atzean?

Entrenatzaile pertsonal bat dut, eta Euskal Herrian nagoenean bertoko talde batekin entrenatzen naiz.

Asko bidaiatu behar duzu. Ekonomikoki nola moldatzen zara?

Nire ibilbidean zehar beti babestu izan naute eta inoiz ez didate aterik itxi, baina, maila profesionalean gora egitearekin batera, materialen eta bidaien gastuek ere gora egin dute. Babesleen eta sarien arabera antolatu behar naiz egun; zoritxarrez, kirol honek ez du beste kirol batzuen ospea. Hala ere, arazo ekonomikoak gorabehera, konbentzituta nago egiten dudanarekin. Soilik espero dut nire ibilbide profesionala nik nahi dudalako bukatzea, eta ez diru gabe geratu naizelako.

Zein izan da zure ibilbideko une gogoangarriena?

2015 oso urte berezia izan zen, hainbat lasterketa irabazi nituelako. Egun, gauzak desberdinak dira, baina, ez horregatik txarragoak. Gorengo mailan nagoenez, soilik lasterketa garrantzitsuetara joateko aukera dut. Nahiz eta ez irabazi, gorengo mailan lehiatzea saria da. Urteak aurrera doaz eta badakit nire ibilbideari geroz eta gutxiago geratzen zaiola, baina fisikoki inoiz baino indartsuago sentitzen naiz.