Lurraren gaineko begirada pedagogikoa

Lurraren gaineko begirada pedagogikoa

Natalia Salazar Orbe

Gailur malkartsuak, puntadunak zein zapalagoak. Tontor bakarra zein askotarikoak elkarren ondoan dantzan. Ostarte garbi baten erdian altxatzen diren gailurrak, zein hodeiek ia ikusezin egiten dituztenak. Larre zabalen gainean altxatzen direnak, zein haitz sendoek eusten dituztenak. Mendia bere aldaera guztietan. Horixe du ardatz aurtengo Begira Photo jaialdiak. Betiere, gizakiak natura horrekiko duen harremanari erreparatuta. Are gehiago, naturarekiko izan beharko lukeen harremanari buruz kontzientzia hartzera bultzatu nahi du gizakia jaialdiak. Atzo abiatu zuten jardueraz betetako egitaraua.

Iaz hasitako trilogiari jarraipena ematen dio zazpigarren edizio horretako Mendia gaiak. 2018an itxiko dute zikloa, Ura gaiarekin. Helburu zehatzarekin aukeratu dituzte gai horiek. Hala azaldu du Leo Simoe zuzendariak: “Logika ekologikoa logika ekonomikoari eta horrek ingurunean sortzen dituen ondorio suntsigarriei gailentzen zaien begirada proposatzen du Begira Photok. Hala, argazkilaritza sormena Lurraren gaineko begiradaren pedagogia itzel bilakatzen da. Zer begiratu baino gehiago, nola begiratu erakusten duen pedagogia da”.

Azaroaren 18ra arte, erakusketak, mahai inguruak, hitzaldiak, argazki liburuen aurkezpenak, tailerrak eta jardunaldiak egingo dituzte Durangon, Iurretan, Zornotzan eta Bilbon. Argazkilaritza Saiakeren I. Begira Photo saria ere eman dute, argazkigintzaren arloko sorkuntza eta ikerketen hedapena sustatzeko xedez.

Hiru erakusketa Bizkaian

Lurrari duen balioa aitortzeko eta hura babesteko eginahaletan harri koskorra jartzeko lau erakusketa antolatu dituzte. Horietako hiru egingo dituzte Bizkaian: Durangon, Zornotzan eta Iurretan.

Gailurrak osatu dute Martin Rueda, Alba Moreno & Eva Grau, Carla Andrade eta Davide Maria Ferrari artistek. “Mendietan barrena murgiltzea eta naturarekiko estimu artistikoa duten lau belaunaldiren beste horrenbeste begirada dakartza erakusketak”.

Bestalde, Tontorrera iristea eratzeko, nazioartean egindako deialdi batera aurkeztutako lanak baliatu dituzte. Espazio publikoan jartzeko formatu handian diseinatutako instalazioa asteartetik aurrera ikusi ahalko da.

Jon Gorosperen N. Mountains erakusketak jaso du jaialdiak lehenengoz antolatu duen saria, eta horrexek borobilduko du Bizkaiko lagina: “Euren artean kontrastatu eta hitz egiten duten bi irudi taldek osatzen dute: batetik, Europako Iparraldeko paisaiak daude; bestetik, 60 graduko latitudetik gora Lurra argiztatzen duen arraseko argia dago”.

Argazki-liburuak azkenaldian izaten ari diren gorakadatik kanpo geratzerik ez du nahi izan Begira Photok. “Formatu hori sendotuz joan da, eta argazkilaritza garaikide berriari oso lotuta doakion sormen eta adierazpen modu gisa osatuz joan da”. Artistek euren lanak erakusteko euskarri egokia izateaz gain, “esperimentazioa eta sormena lantzeko leku egokia ere badira”. Eskuetan hartu eta aztertzeko euskarri horien erabilgarritasunaz jakitun, Begira Photo Magazin aldizkaria argitaratu dute aurten. Irudiei buruzko eztabaida eta azterketaren aldeko apustua garatu dute hala.