Filmetako batzuk

‘George & Paul’

Bi urtetik gorako umeentzat. Holandatik iritsi zaie Joost Van Den Boschek zuzendutako lan hau. George eta Paul ditu protagonista. Lagunak dira, eta egurrezko pieza txikiz egindako munduan bizi dira. Han dena da posible, irudimena erabiliz gero. Bost minutuko iraupena du, eta euskarara bikoiztu dute.

‘Spaneroo and Jo’

Bost urtetik gorako umeentzat. Stephane Piera du zuzendari Spaneroo and Jo film frantziarrak. Joe haur gor eta bakartia da. Bizitza errotik aldatuko zaio espazioko robot txiki bat bere patioan lurreratu ostean. Keinu hizkuntza du roborarekin komunikatzeko modu bakarra. Euskarara bikoiztuta emango dute.

‘Celebration’

Zazpi urtetik gorako umeentzat. Nina Bisyarina errusiarraren lanak Gabonak familiarekin ospatzea espero duen amona baten istorioa kontatzen du. Gonbidatuak ez dira iritsiko, eta haserre joango da ohera.

‘Elegia’

Nerabeen saila. Bi lagunen heriotzaren ondoren, dolu-sentimenduak itota, Julia ez dela tristura sentitzeko gai kontatuko du Alba Tejerok fikziozko film honetan.

‘We are human, after all’

Zine eskoletako saila. Txekian sortu dute Jan Mika zuzendari duen elkarrizketarik gabeko filma. Negu gogorreko lan mardulei aurre egin ondoren, erbi bat ohartzen da zein ondo bizi diren untxiak pertsonen etxaldeetan. Hala ere, dena ez da dirudien bezain ederra.

‘Guantanamo baby’

Errealizadore berriak saila. Sehaskan harrapatuta eta amaren gehiegizko arretagatik ezeroso sentitzen den umetxo baten istorioa kontatzen du hiru minutu baino gutxiagotan. Dierer Priming du zuzendari Austrian sortutako film laburrak. Ingelesez emango dute, jatorrizko hizkuntzan, eta euskarazko eta gaztelerazko azpitituluak jarriko dizkiote.

‘Superinsectos’

Telebistarako edukiak. Arazoak dituztenei laguntzen dieten superheroiak dira superintsektuak. Zailtasunen aurrean talde-lana ezinbestekoa dela erakusten du Ricardo Archart zuzendariak Argentinan egin duen lanak.

‘Blue-CNN’

Haurtxoak erakarriz. Bi urtetik gorako haurrak zinera erakartzearen garrantziaz jabetuta ikus-entzule horiengana ere jo du jaialdiak. Blue-CNN lanak urdinak naturan eta gizakien sorkuntzetan duen presentzia deskribatzen du Moth zuzendariak, Erresuma Batuan egindako lanean.