Norbere jardunari begira

Norbere jardunari begira

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Alde nabaria dago gizarte arazo bat jakinaraztearen eta aurre hartzearen artean, ez baita gauza bera salatzea ala alternatibak eraikitzea. Dikotomia horretan murgilduta daude turismoaren eta gentrifikazioaren auziak, kasurako: bi-biek sortutako arazoak ikusarazteko hainbat saio egin dituzte eragileek Bizkaiko hiriburuan azken hilabeteetan. Baina salatze hutsak ez du, berez, ezer konpontzen. Alegia, gentrifikazioa existitzen dela ozen esateak ez ditu prozesuaren ondorioak desagerrarazten. Egoerarekin jabetuta, alternatiba bila dabiltza gizarte eragileak, eta hirian gertatzen diren aldaketei zer-nola aurre egin aztertzeko bi saio jarriak dituzte jada: azaroaren 8tik 12ra herritarren lekualdatzeei aurre egiteko proposamenak aztertuko ditu Urbanbat plataformak San Frantzisko auzoan, eta abenduaren 2 eta 3an, berriz, turismoaz eta gentrifikazioaz hausnartzeko #EHTurist topaketak egingo dituzte.

Taberna giroan, lagunartean ala ordezkari politikoen artean, turismoari zein gentrifikazioari buruzko solasaldiak areagotu egin dira azkenaldian: auzoen izaera aldatzen ari dela, alokairuak gero eta garestiagoak direla edota nork bere auzotik lekualdatzea beste erremediorik izan ez duela diote, adibidez, Bilboko Zazpikaleetako eta Bilbo Zaharreko hainbat auzokidek. Hala sumatu du Gorka Rodrigez Urbanbat kolektiboko kideak, eta gaiari heltzeko bestelako ikuspuntu bat proposatzea erabaki du plataformak horregatik. “Ikusi da gizarte eragileek gentrifikazioaren aurkako iritzia dutela, baina beharrezkoa da proposamenak zeintzuk diren aztertzea”.

Arazoan baino gehiago, alternatibetan jarri du arreta gunea. “Protesta egiteaz harago, beharrezkoa da egoerari aurre egiteko estrategia kolektiboak adostea”. Eta norabide horretan antolatu dituzte aurtengo Hirigintzako eta Gizarte Berrikuntza jardunaldiak, Lekualdatzeak goiburupean. Seigarrengoa da aurtengoa, eta ekonomiaren eta turismoaren ondoriozko herritarren lekualdatzeak izango dituzten hizpide. “Gaurkotasuna duten eta hiriari lotuta dauden gaiak lantzen ditugu, eta, modu informalean bada ere, gure inguruan gero eta eztabaida gehiago daude gentrifikazioaren inguruan”. Hari horri tiraka, azaroko jardunaldietan gaiari heltzea erabaki dute Urbanbateko kideek. “Ez gara gentrifikazioan soilik zentratuko. Dezplazamendu guztiak hartu ditugu aintzat: turistifikazioa, espazio publikoaren pribatizazioa eta etxebizitzarekin dauden arazoak… aztertuko ditugu”.

Norbere buruarekin kritiko

Herritarrak ahalduntzeko eta aktibatzeko tresnak ematea da jardunaldien helburu nagusia. “Pedagogia falta nabari dugu: gentrifikazioaren kasuan, adibidez, prozesua zer den ere ez dakite herritar askok, eta halako fenomenoak zergatik gertatzen diren eta nondik datozen aztertzea oinarrizkoa dela deritzogu. Betiere, aintzat hartuta, prozesu horietan gizartea nola antolatzen den, administrazioak zein eginkizun duen eta kultur agenteek zer nolako erantzukizuna duten”.

Herritarren lekualdatzea geldiarazteko esperientziak azalduko dituzte jardunaldien lehen egunean, azaroaren 8an. Oreretako Gazteen Etxebizitza Komunitarioa proiektua (Gipuzkoa), Valentziako Solar dels Menuts eta Alicanteko Los Futuros Posibles (Herrialde Katalanak), Jaengo Recuperacion de Espacios Urbanos para la Ciudadania (Espainia), Madrilgo Buzon 21 elkartearen esperientzia, Bartzelonako Alojamientos Tacticos de Repoblación Inclusiva eta Veneciako Architetture Precarie (Italia). Sareak sortzea eta harremanak lantzea dute hartu-emanek helburu, Rodrigezen arabera.

Tokian tokiko esperientziez harago, adituen iritziak bilduko dituzte Urbanbat plataformakoek. Erresuma Batuko Michael Janoscka ikerlaria, Latinoamerikako eta Europako hiriak aztertu dituena, “desplazamendu indarkeria” gisa izendatu duenaz arituko da azaroaren 10eko zikloan, eta harekin batera izango da Alvaro Ardura Madrilgo Unibertsitateko arkitektoa ere. Gentrifikazio ereduak izango ditu Ardurak berbagai. Bestalde, Left Hand Rotation kolektiboa, kulturak gentrifikazio prozesuetan duen zereginaz arituko da.

Kanpo faktoreak aztertzetik harago, nork bere buruari erreparatzea beharrezkoa dela dio Rodrigezek, eta bota du baieztapen borobila ere. “Guk geuk ere gentrifikatzen dugu. Gentrifikazioa ez da besteek sortutako prozesua soilik. Onartzea mingarria izan daitekeen arren, neurri batean ala bestean, guk ere elikatzen dugun fenomenoa da”. Bizkaiko hiriburuko San Frantziskoko kasua jarri du Rodrigezek adibide gisa. “Auzoko kultur proposamen alternatiboek edo kultura aniztasunaren ideiak berak sortzen duten iruditeria erakargarria da jende talde batentzat eta gentrifikazio prozesuen oinarrietako bat da hori”. Urbanbat plataforma bera jarri du ikusmiran. “Gizarte berrikuntzari buruzko egitasmoak egiten ditugu guk eguneroko jardueran, eta, nolabait, auzo alternatiboaren ikuskera hori elikatzen dugu”.

Hortaz, kritikotasuna da kontzientzia hartzeko lehen neurria, Rodrigezen arabera. “Soluzioak bilatzen dituzten agenteak gara edo izan gaitezke, baina kontziente izan behar dugu arazoaren parte ere bagarela. Neurri batean, herritarren lekualdatze prozesuetan erantzukizuna dugu”. Rodrigezek nabarmendu du gaiaz eztabaidatzeko beharrezkoa dela eragile ezberdinen arteko elkarrizketa, baita administrazio publikoarekin izan beharrekoa ere. Bilboko Udalarekin harreman zuzena du Urbanbatek, eta gizarte eragile zein adituen proposamenak erakundearekin konpartitzea beharrezkoa dela uste du, politika publikoak diseinatzean errealitate guztiak aintzat har ditzaten.

Herritarren lekualdatzeak saihesteko estrategia kolektiboak adostu nahi dituzte Urbanbat plataformako kideek azaroaren 8tik 12ra bitarteko jardunaldietan. Lehen kolpea izango da aurtengoa, datozen urteetan gaiari heltzeko asmoa dutela azaldu baitu Rodrigezek. Urbanbat.org elkartearen webgunean dago jardunaldietan izena emateko aukera.

Esperientzien saretzea

Bilbo Zaharrean eta Zazpikaleetan gentrifikazioaren eta turismoaren kezka egon badagoela baieztatu du Rodrigezek behin eta berriz. Bada, ez dabiltza geldi auzokideak, eta gaiaz hausnartzeko #EHtourist topaketak egingo dituzte abenduaren 2an eta 3an: Euskal Herriko turistifikazioaren fenomenoa aztertu, esperientziak trukatu eta sarea osatzea dira, besteak beste, jardunaldien helburuak.

Bilbo Zaharreko hainbat bizilagun ari dira jardunaldiak lantzen, eta horien artean dago Iker Landajuela. Azaldu duenez, herritar multzo baten kezkatik abiatu da ekitaldia, eta, aurten, Bizkaiko hiriburuan egin dituzten bi jarduera jarri ditu aurrekari gisa. Bat: gentrifikazioaz eta turismoaz aritzeko hainbat aditurekin Bilbo Zaharrean egindako solasaldia, eta, bi: Last Tour enpresak, Bilboko Udalarekin batera, auzoan antolatutako Hirian festibalaren harira hainbat auzokidek egindako kanpaina. “Auzoko errealitatea kontuan hartu gabe antolatu zuten jaialdia, kultura kontsumoarekin erabat lotuz eta gentrifikazio prozesuen elementu gisa erabiliz”.

Horra abiaburua. “Interesa genuenak elkartu eta eztabaidan hastea erabaki genuen. Izan ere, Euskal Herriko hainbat herritan nabari da turismoaren eragina, baina nork bere errealitatea du”. Egoerari erantzuteko dinamikak tokian tokikoak izan direla dio, eta oraindik ere ez dela azterketa amankomunik adostu. “Turismo mota aldatzen ari da. Gaur egungo eredua ez da uda garaira mugatzen, urte osoan presente egotera pasatu da. Horrek hirigintza politika zehatz bati erantzuten dio, bulego batean adostutako erabaki politiko bati, alegia”. Jarrerak adostea beharrezkoa ikusten du horregatik.

Euskal Herriko esperientziak saretu eta indarrak biltzeko saioa egingo dute abenduko lehen asteburuko zitan. “Helburua da orain arteko esperientzia guztiak jasotzea eta saretzea, pixkanaka aurrera urratsak egiten jarraitzeko. Bakoitzaren arazo eta dinamiketatik abiatuta, trukerako gune bat sortu nahi dugu”. Bi bloketan banatuko dituzte jardunaldiak. Bilboren errealitatea landuko dute lehenik, “sarea sortu behar da hirigunean, gaur-gaurkoz ez baitago irakurketarik”. Eta Euskal Herriko esperientziak izango dituzte mintzagai gero. “Saretu egingo gara lehenik, eta aurrera begira zehaztuko dugu nola egiten dugun aurrera”. Larrungo kremailera trena kokatzen den Sarako (Lapurdi) herritarrekin eta irailean Donostiako Ez garelako turistak gure hirian jardunaldietan parte hartu zuten eragileekin daude hartu-emanetan.

Lehen harremanak

Turismo arduratsuari buruz gogoeta egitea beharrezkotzat jo du Landajuelak. “Hemen nola bizi garen erakutsi beharko genuke, hiriburuaren nortasuna ezagutarazi, Guggenheim museoa ikustera joaten den turismoa bultzatu ordez”. Bisitarien joan-etorriek herritarrengan duten eragina aztertzea ere beharrezkoa dela dio. “Herritarren egunerokoan zein eredu sozioekonomikoan nabari dira turismoaren ondorioak, eta auzoen nortasuna ere higatzen ari dira”. Aldaketa horiek guztiak aztertu eta nola aurre egin hausnartzeko lehen kolpea izango da abenduko saioa. “Behin elkartuta ikusiko dugu aurrerantzean zer egin. Edonola ere, martxo inguruan bigarren topaketa batzuk antolatzea da gure asmoa, anbizio gehiagorekin”.

Ekitaldiari buruzko informazioa ehtourist.wordpress.com webgunean jarri dute ikusgai.

Turismoaren eta gentrifikazioaren arazoa Bilboko auzokideen kezkagai dela agerian uzten dute datozen hilabeteetako bi topaketek, eta, salaketa hutsetik harago, bestelako ereduen bila dabiltzala bai bizilagunak eta baita elkarteak ere.