“Ibon hiltzen uzteko prest daude euren curriculuma ez zikintzearren”

“Ibon hiltzen uzteko prest daude euren curriculuma ez zikintzearren”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Esperantzari heldu nahi dio Gotzon Iparragirrek (Ondarroa, 1967), baina epe laburreko irtenbiderik ez du ikusten. Hiru pertsonak dute anaia kaleratzeko agindua emateko aukera; zigorra etxean betetzea ahalbidetu eta espetxean hil dadin saihestekoa: Espetxe Zaintzarako epaileak, Alcala Meco kartzelako zuzendariak eta bertako mediku zuzendariordeak. Horietako bat “gutxieneko humanitateak” jotzea da duen esperantza bakarra.

Ibon Iparragirre, preso duzuen anaia, hil ala bizi dagoela ohartarazi duzue azkenaldian. Zergatik diozue hil ala bizi dagoela?

Dagoeneko berbarik gabe geratzen ari gara Ibonen egoera deskribatzeko. Erabili izan dugu egoera larria, oso larria, muturrekoa… Eta kasu honetan esan dezakeguna da bere bizitza hari batetik zintzilik dagoela. Eta hari horrek zenbat iraungo duen auzi medikuek ere ez dakite. Orain arte, Ibonen egoera larritzat jotzen genuen, urte bat eta bost urte arteko bizi itxaropena zuelako. Urtebete pasatu zenetik aurrera, edozein momentutan gerta zitekeen amaiera tragikoa, eta, alde horretatik, egoera oso larria zela genioen. Baina, kasu honetan, auzi medikuen azken txostenaren arabera, medikuek eurek ere ezin dute bizi diagnostiko bat egin. Ez dira ausartzen gutxieneko epe bat ematera. Alegia, bizi diagnostikorik ezin zaiola egin esateak esan nahi du hil ahal dela bi urte barru edo bi egun barru. Ez daukatela inolako oinarririk esateko Ibonen bizitzak gutxienez zenbat iraungo duen.

Zergatik ezin zaio egin bizi diagnostikorik?

Daukan gaixotasunaren ezaugarriengatik. Beste gaixotasun batzuetan nolabait aurreikus daiteke gaixotasunaren eboluzioa, baina kasu honetan ezin liteke. Auzi medikuen azken txostenak eman duen datu batekin dauka lotura: azkenaldian, defentsa jaitsiera izugarria izan du. Lehen ere baxu zituen. Azken urtean 50 inguru eduki ditu. Oso gutxi dira; kontuan hartu osasun egoera erdi-normala izan dezakegunok 800 edo 1.000 defentsa izango ditugula gutxienez. 2014ko martxoan espetxealdi arindua kendu eta atxilotu zutenean, eskas zebilen: 500dik behera zituen; 450-500 inguru, baina nahiko egonkortuta. Hortik aurrera, ordea, kartzelan egon den bitartean, jaitsiz-jaitsiz joan zaizkio defentsak, eta 50 inguruan egonkortu zitzaizkion joan den urtean. Baina ekainaren hasieran pneumonia izan zuen, ospitalean egon zen astebetez, eta hor izan zuen beherakada. Ostean egin dizkioten odol analisietan ikusten da defentsa horiek hogeira jaitsi zaizkiola.

Zer eragin dezake horrek?

Ez dauka kasik defentsarik. Eta kontuan hartu behar da emaitza horiek irailaren 15ean egindako odol analitika batenak direla. Beste hilabete baino gehiago pasatu da ordutik. Beraz, une honetan eduki ahal ditu hogei defentsa, eduki ahal ditu hamabost, edo eduki ahal ditu hamar. Horrela ulertzen da auzi medikuek ezin izatea diagnostiko bat egin.

Zergatik?

Edozein momentutan infekzio oportunista bat harrapatzen badu… Adibidez, gauean kristoren eztarriko minarekin eta buruko minarekin egon naiz; ez dakit atzo klasean altuegi hitz egin nuelako izango zen edo nolabait hoztu nintzelako. Ez dakit zergatik, baina atzo gauean eztarriko minez joan nintzen ohera. Horrelako infekzio txikiren bat dugunean, ibuprofeno bat hartu eta pixka bat zainduta errekuperatzen gara gu, gorputzak dituen defentsei esker. Baina berak ez du defentsarik, eta horrek sistemaren kolapso bat eragin ahal dio. Edozein momentutan izan daiteke, edozein infekzioren eraginez: izan daiteke eztarriko infekzio bat; izan daiteke txizarena, eta halakoak eduki ditu; izan daiteke biriketakoa, eta aurten bertan izan du pneumonia; izan daiteke zauri bat infektatzea; izan daiteke katarro bat konplikatzea…

Horrelako edozer gauzak eraman dezake heriotzara? Katarro batek, adibidez?

Bai, hala da. Eta kontua da ez dutela erreakzionatzeko tarterik izango. Hor dago koxka. Horren defentsa gutxi izanda, infekzioren bat hartzen badu, oso arin garatuko da. Eta, espetxeko osasun zerbitzuak ezagututa, jakinda bizkortasuna ez dela haien ezaugarria, gure kezka da eurek erreakzionatu orduko Ibon egotea itzulerarik gabeko egoera batean. Horregatik eskatzen dugu lehenbailehen etxera ekartzeko. Eta, etxera diogunean, argi dugu ospitalera eramango genukeela ezer baino lehen, zuzenean. Han egon dadila egon behar duen denbora guztia, errekupera dadila eta defentsak har ditzala.

Gaur egun espetxeko erizaindegian dago?

Erizaindegian ez da behin ere egon. Espetxe batzuetan badago modulu bat erizaindegia dena, horretarako prestatuta dagoena bere ziega eta guzti. Baina Alcala Mecon ez dago erizaintza modulurik. Erizaintzara doazela esaten dutenean gortina baten atzera eramaten dituzte, boxen moduko leku batera. Horrela egon zen behin hilabete inguru. Baina ez dute arretarik jasotzen. Argi geratu zitzaigun zelako mediku arreta jasotzen duten, pneumonia izan zuenean. Maiatzaren 11n joan zen erizaindegi horretara, hiru egun zeramatzan sukarrarekin, eta, nahiz eta egunero pasatu erizaintzatik, ez zioten sukarra hartu ere egin. Etengabe eztulka ikusi arren, ez zioten ezer detektatu. Azkenean, berak egin behar izan zuen eskakizun berezi bat esanez txarto zegoela eta begiratzeko. Orduan ikusi zuten pneumonia zeukala, eta bidali zuten Gregorio Marañon ospitalera.

Mediku zerbitzuak oztopoak jartzen ari direla salatu duzue. Horregatik da?

Eta askoz gehiagogatik. Beste detaile bat kontatuko dizut: hogei defentsa dituela dakigu, baina ez kartzelako medikuak esan digulako edo ospitaletik emaitzak ailegatu zaizkiolako. Ibonek, hilero arropa zikinekin-eta ateratzen duen poltsan, bere gauzen tartean sartu zuen txostena. Argi geratu da kartzelaren aldetik eta espetxeetarako zuzendaritzaren aldetik ez dagoela inolako borondaterik informazio hori erabiltzeko eta are gutxiago guri transmititzeko. Horrek ere erakusten du zein neurritarainokoa den Ibonek jasaten duen medikuen laguntzarik eza. Oso esanguratsua da.

Eta beste detaile bat, oso garrantzitsua: 2011ko urrian bere osasun egoera larriagatik 100.2 artikulua ezarri eta zigorra etxean betetzeko aukera eman ziotenean, Ibonek 51 defentsa zituen. 51 defentsarekin etxera bidali zuten. Orain hogei dauzka asko jota, eta ez dago Basaurin ere, Alcala Mecon dute. Handik Euskal Herrira ere etorri egin behar da, eta bidaia horiek ez dira batere samurrak izaten. Parametro guztiek erakusten dute Ibonen egoera hari batetik zintzilik dagoela, eta hari hori edozein unetan eten daiteke.

Zergatik eman zioten zigorra etxean betetzeko aukera orduan eta orain ez?

Aurreko kaleratzea 2011ko urrian izan zen. Gogoratu 2011ko azaroaren 20an Espainiako hauteskundeak izan zirela eta Mariano Rajoyk irabazi zuela. 2011ko urrian Aieteko prozesuaren garaian geunden, eta Zapatero zegoen Espainiako Gobernuan; PSOE. Mercedes Gallizo zen Espetxe Zaintzarako zuzendaria. Ibonen egoera larria zen. Zigorra etxean betetzeko aukera ez zen oparia izan. Baina, txikia izan arren, bazegoen nolabaiteko borondate politiko bat halako kasu humanitarioen aurrean erantzun egokiago bat emateko; nolabait, gauza normalizatzeko borondate bat. Baina 2011ko azarotik oso bestelako testuinguru batean gaude. PP dago boterean, eta ez du halakorik baimenduko. Beraz, Ibon askatzeko erabakia bestelako erabaki profesional batetik bakarrik etor daiteke.

Noren esku dago erabakia?

Hiru pertsonak daukate ardura: bata da Espetxe Zaintzarako epailea, Jose Luis Castro Antonio. Berak sinatuko balu, Ibon dagoeneko etxean egongo litzateke. Ibon askatzeko agindua emateko aukera duen beste pertsona bat Alcala Meco kartzelako zuzendaria da. Abokatuak harekin bildu dira, eta saiatzen ari dira bide hori lantzen, zuzendariak bai baitaki zein egoeratan dagoen Ibon. Eta kartzelako mediku zuzendariordea da Ibon etxeratzeko aukera duen beste pertsona. Berak esandako berbek argi erakusten dute egoera. Hau esan zion amari hitzez hitz: “Baina zer esaten ari zait niri Castro epailea, berak edukita mutil hau etxera bidaltzeko ahalmena? Badakizu zer gertatzen den? Mutil horren arazoa da Ibon Iparragirre deitzen dela. Beste izen bat edukiko balu, mutil hori kalean legoke”. Eta berak hitzez hitz esana da: “Marroia ez diezadatela niri pasa”. Inork ez du erabakia hartu nahi. Etxera joatea dagokiola ikusi arren, inor ez da ausartzen erabakia bere gain hartzen, badakitelako ez daukatela aginte politikoan daudenen babesik. Denek izango dute karreran gora egiteko asmoa edo, eta badakizu, gora egiteko aginduak bete behar dira. Alde horretatik, ez kartzelako zuzendariak, ez medikuak ezta Castro epaileak berak ere ez dute pausorik eman nahi. Adierazgarriak dira astelehenean bertan mediku zuzendariordeak amari esan zizkionak. Hiru aldiz gutxienez aipatu zion marroi hitza. Behin eta berriz esaten zuen “marroia pasatzen ari zaizkit”.

Hiru horietatik baten sinadura nahikoa da Ibon kaleratzeko?

Nahikoa! Baina inork ez du nahi bere gain hartu ardura.

Gero beraiei buelta etorriko zaien beldur direlako?

Noski. Gero beraien gainera botako dira Abc edo Vocento taldea edo dena delakoa, eta horrek izen ona zikintzen du. Ez dute hori nahi, eta Ibon hiltzen uzteko prest daude euren curriculuma ez zikintzearren.

Urteetan abisua ematen aritu ondoren Ibon kartzelan hilko balitz, erantzukizunak eskatu ahalko litzaizkieke…

Bai, noski. Abokatuak joan den astean sartu zuen eskakizunean argi eta garbi esaten da Iboni tratu krudel eta gizagabea ematen ari zaizkiola, hori tortura gisa tipifikatuta dagoela eta aske utzi behar dela. Okerrena gertatuko balitz, beste instantzia batzuetara joko genuke segur aski, baina dagoeneko berandu. Tira, orduan dagoeneko… Joan behar bada, joango gara… Joango gara; errudunak ez ditugu pasatzen utziko hori gertatzen bada, baina, hala bada, zereginik ez dagoenean izango da.

Bera zer moduz dago psikologikoki?

Amarekin telefonoz hitz egin duenean hobeto zegoen. Asteburuan bisitan egon da ama, eta oso gaizki zegoen. Ez dakigu zalaparta honegatik izan den, berriro komunikabideetan irten delako… Pentsa egunkarian ikusi zuenean Ibon, hilzorian. Gainera, berak ez zekien hogei defentsa zituenik ere, zeren, beste gauza batzuen artean, ikusmena galduta dauka, eta ez da mediku txostena irakurtzeko gai. Beraz, jakin zuenean hogei defentsa dituela eta ikusi zuenean egunkariek diotela kolokan, hilzorian dagoela… Orduan berak ere esaten du: “Azkenean hemen bukatu beharko dut? Benetan hemen bukatuko da nirea?”. Alde horretatik, oso triste eta urduri zegoen; pentsa dezakezu. Zapatuan, amak deitu zidan bisitatik atera zenean, eta lur jota zegoen. Ez zen gai Ibon nola zegoen kontatzeko ere.

Egoera horren guztiaren aurrean, non duzue jarria esperantza?

Esan dizudan moduan, abokatuak espetxeko zuzendariarekin hitz egitera joan dira… Ez dakit, esaten da esperantza dela galtzen den azken gauza. Egia esan, ez dakit nondik etorri ahal den, baina… Konponbidea oraindik urruti ikusten dut, zeren lehenengo pausoa euskal herriratzea litzatekeela pentsatzen dut. Ekarri egin behar dute lehenengo. Eskumuturrekoa jartzeko ere… Zeren esan behar du non biziko den… Tramite horiek guztiak egin beharko ditu, eta argi dago ez dela Madrilen biziko. Bizitzekotan biziko da Ondarroan edo Ondarroa inguruan. Orduan, nik ikusten dut oraindik hainbat tramite egin beharrekoak egin gabe daudela, eta, alde horretatik, epe laburrera ez naiz optimista. Baina pentsatu nahi dut auzi medikuaren txostenak hain argiak izanda eta defentsak nola dituen ikusita, pentsatu nahi dut norbaitek edukiko duela gutxieneko humanitate bat esateko “tira, jango dut nik marroi hau”. Zeren haientzat marroia izango da askatzea, baina hiltzen bazaizu ere marroia izango da, ezta? Eta nahi dut pentsatu norbaitek erabakiko duela, edukiko duela nortasun gutxiengo bat, humanitate gutxiengo bat esateko “tira, nik hartuko dut ardura, eta hau etxera doa”. Baina ez dakit zein izan daitekeen, egia esan.