Filmaketa abiatzear da

Filmaketa abiatzear da

Natalia Salazar Orbe

Arreta guztia kameratoia.eus webgunean jarrita. Aurkezpena eta egin beharreko lanaren ildo eta oinarriak noiz argitaratuko zain. 11:00ak iritsitakoan jarriko du ikusgai Topaguneak informazioa. Lanari ekiteko unea iritsiko da orduan. Erlojuaren kontrako lasterketa. Irudimenari astindua emateko ordua. Ikasitakoa edo ikusitakoa praktikan jarri eta lanik erakargarriena, bitxiena edo ezustekoa emango duena garatzen hastekoa. 48 ordu besterik ez dute izango lehiakideek Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallyaren zirkuitua osatzeko.

Kameratoia iritsi da, hamahirugarrenez, euskarazko zine egile eta sortzaile gazteei agertoki bat eskaintzera. Luxuzkoa du edizio berri honek berak ere antzeztokia. Izan ere, aurten Euskal Zine Bileraren baitan antolatu dute; Lekeition. Arrazoia bistakoa da. Hala azaldu du Leire Lardizabal Euskaltzaleen Topaguneko kideak: “Zine Bilerak eta Topaguneak helburu berak ditugu euskarazko ikus-entzunezkoen inguruan: jendea euskarazko ikus-entzunezkoak egitera bultzatzea”. Zine Bilerako lehiaketak ematen du bultzada hori. Hala ere, gabezia bat antzeman zuten lehiaketa horretan: ez zuen bermatzen gazteentzako tartea. Hala, bata eta bestea uztartzea erabaki dute. “Elkartu eta indarrak batzeko proba bat da. Batak bestea osatzeko. Guri zinemaldi baten testuingurua eskaintzen digu, eta, guk eurei gazteentzako espazio bat euskarazko ikus-entzunezkoak lantzeko”.

Gazte horiek ez dute izango lan erreza osatu beharreko ikus-entzunezkoa garatzeko. Erronka handia dute: “Bete beharreko ezaugarri mordoa jaso ditugu. Horietatik lau, gutxienez, bete beharko dituzte talde bakoitzaren lanek. Ez da izango lan erraza. Irudimena landu beharko dute”.

Aukeren beharra

Gazteentzako aukera bat zabaltzen du Kameratoiak. “Askok ikasketak burutu dituzte eta probatu egin gura dute, baina ez dute aukera handirik. Izan ere, sarri maila altuko lehiaketak egoten dira, eta horrek atzeraka botatzen ditu. Beraz, helburua da euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko eta ezagutzeko lehen aukera hori eskaintzea”.

Beste xederik ere badu, ordea: euren burua ezagutaraztea. “Kameratoia irabazten duen taldearen lana Laburbira zirkuituaren aukeraketara pasatuko da”. Alegia, euskarazko ikus-entzunezkoak eta sortzaileak ezagutarazteko zirkuitura. “Jende askok ikusten ditu lan horiek eta zabalkunde handia ematen zaie”. Euskal Herriko hainbat herriz gain, iaz Londres, New York eta Errusiaraino ere iritsi ziren lanetako batzuk.

Denek ala denek “meritu handia” dutela uste du Lardizabalek, dena pentsatu, antolatu eta egiteko 48 ordu besterik ez dutela kontuan hartuta. Gaur bertan abiatuko dute atzera kontua.

Kameratoiak bete dituen hamahiru urteetan aldaketa ugari ezagutu ditu. Hasieran, herriz herri egiten zen. Azken lau edizioak Durangon egin dituzte. Eta, aurtengoa, Lekeition egingo dute. “Teknologia aldetik ere salto handia egon da. Gaur egun, sakelako batekin film bat filma dezakezu”.

Aurtengo aldaketarik nabarmenena aurkezpen ekitaldiarena izango da. Orain artean, lehiakideei aurkezpenera joateko eskaera egiten zien Topaguneak. Aurten, aurkezpena sarean eskegiko dute. Han emango dute landu beharreko gaiaren eta bestelako jarraibideen berri.

Gai eta jarraibide beren inguruan sortzen diren lan desberdinek egiten dute bitxi lehiaketa. Iaz animaziozko lan bat ere saritu zuten. “Hain estilo anitzeko istorio desberdinak ateratzen dira! Hori iruditzen zait bitxiena. Guztiz ikuspegi desberdina ematen diete batzuek eta besteek”.

Zine Bilera

Ikus-entzunezkoen sormena euskaraz. Horixe bultzatzera datoz asteburuan Lekeitio zipriztinduko duten jarduerak. Benito Ansola Beka nori emango dioten jakinaraziko dute bihar. Urriaren 14an hasita hainbat lanen erakusleku izan den Zine Bileraren barruan. Saria jasotzen duenak 3.000 euroko aurrekontua izango du aurkeztutako zine proiektua gauzatzeko. 19:30ean egingo dute sari banaketa, amaiera ekitaldian. Bestalde, gaur Handia filma estreinatuko dute. Lekeitio euskarazko zinearen hiriburu bilakatu da, hala, egun batzuez.