Bizkaiko garraio sistema publikoan txartel bakarra eskatzeko foroa sortu dute

Bizkaiko garraio sistema publikoan txartel bakarra eskatzeko foroa sortu dute

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lau garraio mota erabili daitezke Bizkaiko hiriburua alderik alde zeharkatzeko: Bizkaibus, Bilbobus, Metroa eta Tranbia. “Bide bera egiteko lau garraio baldin badaude ere, prezio bat du bakoitzak”. Hala laburtu du Bizkaiko garraio sarean dagoen egoera Raul Mendezek, sortu berri den foroaren izenean. Hainbat sindikatuk, elkartek eta auzokidek sortu dute lurralderako txartel bakarra izateko eta garraio sistema bateratua eratzeko foroa. Egitasmoaren aurkezpena egin dute asteon, eta norbanakoen zein elkarteen atxikimenduak biltzen jardungo dira datozen hiletan. Aspaldikoa den eskaera bururaino eraman nahi dute oraingoan.

Gaur egun Barik txartel bateratua dagoen arren, garraio sisteman ez dago tarifa bateraturik. Argi utzi nahi izan dute ideia hori. Mendez: “Bere garaian txartel bakarra Creditrans zela saldu ziguten, eta orain sinetsarazi digute Barik dela. Baina nahita nahasten dute euskarri bakarra dena eta txartel bakarra izan beharko lukeena”.

Gauzak horrela, txartel bakarrak sei oinarri bete behar dituela adostu dute foroa sortu duten elkarteetako ordezkariek. Bat: garraiobidea zein den aintzat hartu gabe, ibilbide berdinek tarifa bakarra izan behar dute. Bi: gero eta garraio publiko gehiago erabili, orduan eta gutxiago ordaindu behar dute herritarrek. Hiru: bidaien prezioak pertsonen errenten arabera antolatu behar dira. Lau: garraio sistema publikoaren koordinaziorako erakunde bakarra sortu behar da, herritarren parte hartzea bermatuko duena. Bost: zerbitzuaren kalitatea eta enpleguaren kalitatea bermatu behar dira. Sei: Bizkaia osorako erabilgarria den txartela diseinatzea ezinbestekoa da.

Oraingoz, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek egin dute bat manifestuarekin: Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, Eguzkik, Ekologistak Martxanek, Ernaik, Gazte Komunistek, Ikasle Abertzaleek eta Ikasle Ekintzak. Baina indarrak biltzen jarraituko dute aurrerantzean ere. “Txartel bakarraren oinarri modura zerrendatu ditugun sei ezaugarrien alde lan egiteko prest dauden talde eta pertsona guztiek elkarlanean jarduteko eremua da sortu berri dugun foroa”.

Aspaldikoa da garraio sarea bateratzearen aldeko aldarrikapena, Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lehendakariak azaldu duenez. 2008an Garraio Publikoaren Liburu Zuria osatu zuen federazioak. Bertan, 1995 eta 2008 arteko garraio publikoaren egoera aztertu eta Txartel Bakarraren aldeko adierazpena onartu zuten orduan garraio publikoan ordezkaritza zuten sindikatuetako ordezkari guztiek. Azaldu duenez, eskaera behin eta berriz eraman dute erakundeetara. “Udaletara, Foru Aldundira eta Eusko Legebiltzarrera eraman dugu gaia, eta denetan onartu dituzte txartel bakarra ezartzearen aldeko mozio eta proposamenak”. Baina egoerak bere horretan jarraitzen duela salatu du. Horrez gain, metroaren 3. linearen irekieraren ondorioz izan diren prezio gorakadak salatu dituzte.

Azken bultzada

Datozen hilabeteak garrantzitsuak izango direla azpimarratu dute foroko kideek; izan ere, Diputazioak Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa prestatu behar du 2018. urte osoan, eta plana osatzeko gizarte mugimenduen eta herritarren iritzia aintzat hartzea besterik ez dute espero eragileek zein herritarrek. Abagune hori baliatu nahi dute foroan bildutakoek eta txartel bakarraren proposamena plan estrategikoan txerta dadin lan egingo dutela iragarri dute. “Beste bultzada bat eman nahi diogu txartel bakarraren eskaerari, eta oraingoan behin betikoa izango delakoan gaude”.