Aurrera doa olatu artifizialen eta haize tunelaren gunea egiteko proiektua

Aurrera doa olatu artifizialen eta haize tunelaren gunea egiteko proiektua

Aitziber Laskibar Lizarribar

Badira lau urte inbertsiogile errusiar batek Bilborako proposamen bitxi eta deigarri bat mahai gainean jarri zuela: Itsas Museoaren ondoan aisialdirako gune bat egin nahi zuela jakinarazi zien hiriburuko agintariei; olatu artifizialak sortuko zituen igerileku bat eta jausgailuz salto egitearen sentsazioa eragingo lukeen haize tunela egin nahi zituen. Handia zen erronka, eta zaila. Baina oztopo nagusietako bat gaindituta, gertuago du bere nahia gauzatzeko aukera.

Publikoak dira museoaren kanpoaldeko lurrak eta dikeak. Eta, itsasadarrari lotuta egonik, Kosta Zuzendaritzaren menpe daude; Espainiako Ingurumen Ministerioaren menpe. Han edozein ekintza egin ahal izateko, hark eman behar du baimena. Baimen horrexen zain zegoen inbertsore errusiarra, bidean aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Eta lortu du oniritzia.

Orain, Bilboko Udalarekin bildu eta harekin akordioa egiteko asmoa du. Museoa ez da udalarena, baina bera da inbertsiogile nagusia. Dirutza jartzen du urtero museoak ateak zabalik izan ditzan, batez ere beste bi babesle garrantzitsu zirenek hala izateari utzi ziotenetik. Museoaren egoera ekonomiko txarraren ondorioz, diruz laguntzeari utzi zioten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak iaz, eta udala da diru iturri nagusia.

Museoaren babes premia

Museoaren urteroko kostu finkoa 836.000 euro da. Babesle nagusiak Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Remolcadores Ibaizabal, Portu Agintaritza eta Merkataritza Ganbera dira. 495.000 euro jartzen dituzte horien artean. Udala da diru gehien jartzen duena: 170.000 euro. Iaz, museoaren egoera ekonomikoa hil edo bizikoa zela eta, 75.000 euro gehiago jarri zituen. Gauzak horrela, Errusiako inbertsiogileak Bilboko Udalarekin akordioa egitea lortuko balu, Itsas Museoak ez luke proiektua onartzea beste aukerarik izango.

Orain arte, udalak ez du ezezkorik esan. Museoa berpizteko mahai gainean zuen proposamenetako bat zela baieztatu izan du orain arte, baina ez du argitu proiektuaren alde dagoen ala ez. Hori bai, kulturgunearen diru sarrerak handitzea premiazkoa dela ohartarazi du maiz, eta azken urtean ingurua berpizteko proposamen erakargarriren bat bilatzen ari zela esan izan du.

Olatu artifizialen eta haize tunelaren proiektuak aurrera egiteak arnasa emango lieke museoaren kontuei. Egoitzaren kanpoaldeak dituen ia 5.000 metro koadroen zati bat kudeatzearen truke, hilero dirutza ordaindu beharko luke inbertsiogileak. Bestalde, udalak proiektua onartzen badu, ingurua berpizteko balioko duela sinetsi duelako izango da. Hala adierazi izan dute udal ordezkariek: bisitariak gehituko dituen proiektu bat nahi duela museoaren ingururako.

Errusiako enpresariaren proi-ektuaren informazio gehiago ez dago: batetik, isilean gorde duelako; bestetik, urteotan hainbatetan aldatu dituelako proiektu nagusiaren ingururako proposamenak, baimenak eskuratzeko. Kafetegi edo jatetxea egiteko aukera mahai gainean izan du, esaterako, eta hotel bat egitekoa ere bai.