Film luze batzuk

‘Most Beautiful Island’

Ana Asensiok zuzendutako film luzea. Ameriketako Estatu Batuetan nortasun agiririk gabe bizirik irauteko borrokan diharduen emakume etorkin baten istorio lazgarria kontatzen du Ana Asensiok zuzendutako film luzeak. Jolas arriskutsu baten bidez eta iragan lazgarri batetik ihesi erredentzioaren bila dabilen emakume bat du protagonista. Astelehenean ikusi ahal izango da, BBK aretoan, 19:30ean hasiko den ekitaldi batean. Filmaren ostean solasaldia izango da, Asensio zuzendariarekin berarekin.

‘American Mary’

Jen eta Sylvia Soskaren eskutik. Dirua erraz lortzeko aukerak erakarrita, ebakuntza kirurgiko klandestinoen mundu ilunean murgilduko da Mary medikuntzako ikaslea. Ebakuntzek marka gehiago utziko dute protagonistarengan bere bezero bitxiengan baino. Soska ahizpen lana da American Mary. Kanadako zuzendari, ekoizle eta gidoilarien lana urriaren 17an ikusi ahalko da, BBK aretoan. 20:00etan hasiko da emanaldia, Bestealdetik film laburraren ostean.

‘The Love Witch’

Ana Biller da zuzendaria. Sorgin gazte batek bere edabe eta aztikeriak erabiltzen ditu gizonak beretaz maitemin daitezen. Hori da Ana Biller zuzendariak sortutako istorioaren abiapuntua. Kulturaren barruan emakumezkoen rolei buruz hitz egiteko egiten duen genero klasikoen erabileragatik bihurtu da ezagun; baita ideologia feminista estetika zinematikoaren eta plazer bisualaren barruan kodetzeagatik ere. Urriaren 20an emango dute.

‘La próxima piel’

Isaki Lacuesta eta Isa Campo. Desagertuta zegoen nerabe bat itzuli egin da zortzi urteren ostean. Denek uste zuten hilda zegoela. Bere desagertzearen ondorioz erabat markatuta geratu den familiarekin zuen bizitzari ekingo dio berriz ere. Hala ere, apurka zalantzak sortuko dira: desagertu zen haurra da itzuli dena edo iruzurti bat da? Urriaren 21ean argituko da zalantza hori. Egun horretan bertan, Isa Campo zuzendari, gidoilari eta ekoizleari Simone de Beauvoir saria emango diote. La próxima piel filma ez da beldurrezkoa, baina saritzen duten zuzendariaren lan bat ematen dutenez urtero, hau ere proiektatuko dute.

‘Salvación’

Denise Castro zuzendariarekin. Crisi ebakuntza arriskutsu bat egin behar diote. 14 urte besterik ez du. Ospitalean Victor ezagutuko du, bere adin bereko mutil bat. Banpiroa dela esango dio Victorrek, eta bestelako salbazio mota bat proposatu: hilezkortasuna. Crisek bizitza osoa baldintzatuko dion erabaki bat hartu beharko du. Horretarako, beldurraren, medikuen, amaren eta gaixotasunaren aurka borrokatuko da. Txikitan pairatu zuen bizipen gogor batetik sortu zuen opera prima hau Castrok.

‘Los viajeros de la noche’

Kathryn Bigelow. Baserritar apal baten semea norarik gabe dabilen banpiro talde batekin elkartu da, eta bere biktimen odolez elikatuko da emakume ezezagun eder bat ezagutu ondoren. Urriaren 19an emango dute. Kathryn Bigelowek zuzendari onenaren Oskar saria eta AEBetako zuzendarien sindikatuko zuzendari onenaren saria jaso ditu.