Etenik gabeko eztabaida

Etenik gabeko eztabaida

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Egutegian gorriz margotutako egunak gerturatzean, dantzan hasten dira zenbakiak berriz: zubian zenbat bisitari izango diren eta hotelak batez beste zenbat beteko diren neurtzen ibiliko dira turismoaren sektorean sartuta daudenak. Zenbakiaren arabera, pozago ala tristeago izango da egunotan ostalaritza. Atsedenik ez du turismoaren gaiak, batzuk beteta dauden ohe kopuruak zenbatzen ari diren bitartean mugak nola jarri eztabaidatzen ari baitira besteak. Azken hilabeteetako Bilboko Udaleko osoko bilkuretan lehen lerroan izan da gaia. Batasunik ez dago, ordea: udal gobernuko alderdiek ez dizkiote sektoreari mugak jarri nahi, eta lanean ari da hotel gehiago zabaldu daitezen. Oposizioak, aldiz, arazo bihurtu aurretik galga jarri nahi dio turismoaren gaiari. 2018a gakoa izango dela azaldu dute udaletik.

Nazioarteko hainbat ekitaldiren agertoki izango da Bizkaia 2018an: The World’s 50 Best Restaurants munduko 50 jatetxerik onenen sariketa ekitaldia, makina-erremintaren azoka, Europako Errugbi Txapelketaren finala eta MTV sarien banaketa izango dira bertan, besteak beste. Ostalaritza pozik izateko hamaika jarduera egingo dira lurraldean, hortaz. Bilbok gaur egun dituen 71 hoteletako gela guztiak betetzea aurreikusten dute. Are gehiago, aurrerantzean bisitari kopurua areagotzea dute helburu, eta ostatu gehiago eraikiko dituzte horregatik.

Aurreikuspenen arabera, zazpi ostatu irekiko dituzte, gutxienez, datozen hilabeteetan: Isozaki dorreen eta Guggenheim museoaren artean lau izarreko hotela egingo du Vincci kateak, El Corte Ingles dendaren atzealdean Sercotel enpresak eraikiko du egoitza, eta Areatza parkean Laboral Kutxak zuen egoitza hotel bihurtuko dute. Etenik ez du zerrendak. Donostiako Maria Kristinaren ezaugarriak dituen hotel bat ere egingo dute Campo Volantin pasealekuko Olabarri jauregian, eta aurreikusita dago Termibuseko lanak bukatzean parke berrian ostatu bat egitea.

Adostasunik ez

Zankoeta kalean ere oheak jarriko dituzte lehen bulegoak ziren eraikin batean, eta berdin Irala auzoko Kirikiño plazaren ondoan. Hotelen eraikuntzak dira aipatutako denak; hortaz, etxe turistikoen datuak gehitu behar zaizkie hotelek eskaintzen dituzten ohe kopuruei. Udalaren apustua argia dela azaldu zuen Xabier Otxandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak: mugak jarri ez, baizik inbertsioak erakarri nahi dituzte, hiriburuan hotel gehiago eraiki daitezen. “Bilbon ez ditugu Mallorca ala Bartzelonan dituzten arazoak”. Hain zuzen, arazo bihurtu ez dadin, prebentzio neurriak hartzeko proposamenak egin dituzte udalean EH Bildu koalizioak, Goazen Bilbaok eta UdalBerrik azken asteetan.

Elkar babestu duten arren, proposamen bana eraman dute oposizioko taldeek udalbatzara. Batetik, turismo eredu iraunkorra bultzatzeko ekotasa zerga gehigarria ezartzeko proposamena egin berri du UdalBerrik Bilboko Udalean. “Turismo jasangarria sortzeko estrategia garatu behar du udalak. Ekotasak bisitariak erabiltzen dituen udal zerbitzuak finantzatzen lagunduko luke”. Carmen Muñoz bozeramailearen esanetan, hartu beharreko lehen neurria litzateke zergarena. “Turismoa garapen ekonomiko, sozial eta kulturalerako elementua izan beharko litzateke”. Goazen taldeak ere turismo eredua aztertu eta aurrera begirako urratsak egiteko hausnarketaren beharra azaldu zuen osoko bilkuran, eta, ekotasaren proposamena babesteaz gain, etxebizitza turistikoen erregistro publikoa egiteko eskaera egin zuen EH Bilduk.

Hiru proposamenak baztertu ditu EAJ eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak. Juan Mari Aburto alkateak azkenaldian ohiko bihurtu zaion esaldiarekin itxi zuen eztabaida: “Ez dezagun arazoa den baino handiago bilakatu. Turismoa BPGaren %6 besterik ez da”. Koalizio abertzalea kexu da Zazpikaleetan eta Atxurin alokairuek izan duten gorakadagatik: abuztutik hona %24 egin dute gora Zazpikaleetan, eta %45, berriz, Atxurin. Neurriak hartu behar direla azpimarratu zuen Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak.”Abuztutik gaur arte prezioek gora besterik ez dute egin, eta datu horien aurrean zerbait egin behar dugu. Ezin dugu beste alde batera begiratu”.

Pisu turistikoak mugatzeko ordenantza du Bilboko Udalak, zeinak zehazten duen soilik lehen solairuan jar litezkeela etxebizitza turistikoak. Baina eztabaida fasean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren egitasmoan, Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean “muga gehiago” jartzea aztertzen ari dira. Edonola ere, udal gobernuak ez du alarmarik piztu nahi. Eman berri dituen datuen arabera, turisten “gutxiengoak” egiten du etxe turistikoen aldeko hautua: 2016an %8,3k hartu zuten ostatu etxebizitzetan, eta %61,7k, berriz, egoitza tradizionalen alde egin zuen: hotel, hostal eta pentsioetara jotzen dute bisitari gehienek.

Bada, abagune horretan sortu dute Asovitur elkartea, Bizkaiko etxebizitza turistikoen elkartea. Airbnb eta Bookingen gisako plataformetan etxebizitza alokatzen duten 30 lagunek osatu dute elkartea, baina beren jarduna zabaldu ahala, taldea hazi nahi dute. Bilboko hainbat auzokidek osatzen dute elkartea: besteak beste, Zazpikaleak, Indautxu, Deustu, Miribilla eta San Inazio auzoetakoek. Hiriburuko herritarrez gain, baina, Getxo, Lutxana, Bakio, Plentzia eta Sopelako hainbat lagun ere bildu dira plataforman. Erakundeek etxebizitza turistikoen aurka hartutako neurrien aurrean bat egin eta beren “inbertsio eta ondarea defendatzeko” sortu dute Asovitur.

Pisuen jabeak, elkartuta

Azken urteko lege aldaketek eta administrazio publikoek pisuen erregularizaziorako hartutako neurriek “babesgabe eta informaziorik gabeko egoera batean” utzi dituzte jabeak. “Elkartearen nahia Bizkaiko pisu turistikoen jabeen ordezkaritza eta defentsa egitea da, bai administrazio publikoaren aurrean eta baita enpresen aurrean ere”. Finean, pisuen jabeen eta erakunde eta enpresen arteko bitartekaritza lana egiteko tresna izango da elkartea.

Nazioarteko fenomeno bat da erabilera turistikoko etxebizitzen gorakada, eta, errealitate horri muzin egitetik urrun, egoera baliatu eta Bizkaia Europa mailako helmuga turistiko bihurtzeko urrats gisa aurkezten dute pisu turistikoen gaia. “Kalitateko zerbitzua eskaintzen dela bermatzeko eta sektorearen berrikuntzez aritzeko elkargunea izango da, baita ezarri berri den Turismoaren Legeak eskatzen dituen betebehar ekonomiko, fiskal eta juridikoen berri izateko ere”.

Bazkide gehiago biltzea da Asovitur elkartearen asmoa. “Asko gara, eta are gehiago izan nahi dugu, erakundeek ez dutelako gure jarduera laguntzen; kontrara, oztopatu egin nahi dute. Oraindik ere garaiz gaude gure inbertsio eta ondasunak defendatzeko. Izan ere, askorentzat bizibide bakarra bihurtu da etxe turistikoena”.

Zeresana ematen jarraituko du turismoaren gaiak datozen hilabeteetan ere. Mugatu ala ez, horra eztabaidaren muina: izan ere, batzuek ez dute arazorik ikusten, eta besteek, aldiz, aurrea hartu nahi diote arazoari.