Beldurra, andreen begietatik

Natalia Salazar Orbe

Beldurraren ondorioz dardarka, heroiren batek noiz salbatuko duen zain dagoen emakume bat; munstro baten eskuetan hauskor dirudien neska bat… Emakumea, biktima moduan; inoiz ez, edo gutxitan, bederen, ageri ohi da ahaldundutako protagonista gisa zine areto komertzialetan nagusi diren beldurrezko filmetan. Zinean islatzen diren gizarte estereotipoak baztertu eta emakumearen begirada ere barneratzearen garrantziaz jabetuta heldu dio beldurrezko filmen generoari Zinemakumeak Gara jaialdiak. Areto komertzialetan nekez aurki daitezkeen emakumeek zuzendutako filmei ikusgarritasuna emateko helburua du zikloak: Bilbon izango da, astelehenean hasi eta hurrengo asteko astelehenera arte. Film luzeak, laburrak, mahai inguruak eta zine kritikak eskaini eta egingo dituzte egun horietan guztietan.

Ana Gutierrez da jaialdiaren zuzendaria. Eta beharrezko deritze oraindik emakumeen lanei lekua egiten dieten era horretako ekitaldiei. “Emakumeek gero eta sari gehiago jasotzen dituzte jaialdietan euren filmengatik. Hala ere, zoritxarrez, film horiek guztiak ez dira iristen areto komertzialetara. Asko jaialdietan geratzen dira. Eta horiek ere garrantzitsuak dira, baina ez dira iristen publiko zabalarengana”. Errealizazioaren eta zabalkundearen artean dagoen desberdintasun hori arindu nahi dute. Gutierrezek argi du: “Gizartearen erdia baino gehiago garen emakumeon begirada hori eman nahi dugu; gizonezkoen begirada soilik ikustera ohituta baikaude. Emakumeek gai oro zer-nola lantzen duten ikusi nahi dugu. Hala, era honetako jaialdiak beharrezkoak dira oraindik”.

Izen handiko zinemagileak eta haien lanak ikusi ahalko dira Bilbon. Horien ondoan, hasten ari diren emakume sortzaileen film laburrek dakarten aire freskoari ere lekua egingo diote. Lau euskal zuzendariren lanak emango dituzte: Mar Gonzalez de Larramendiren Bestealdetik ikusi ahalko da asteartean; Norma Vilaren Jules D. eta Maria Zabalaren Bright Lights prestatu dituzte asteazkenerako. Eta Azahara Gomezen Extático lanari egingo diote lekua ostiralean. BBK aretoan egingo dituzte emanaldi horiek guztiak.

Amonaren barruan lehen begiratuan ikusten dena baino zerbait gehiago dagoela ikusten duen neska. Kontu handiz egurra lantzen ari den arotz baten lana etengo dute bat-batean atean entzuten diren soinuek. Emakume bakarti baten bizimodu lasaia aztoratu egingo da bere etxean pitoi kume bat aurkitzen duenean. Presentzia misteriotsu horrek bere desira ezkutukoenak piztuko ditu. Denetariko gai eta argudioak aurkituko dituzte ikus-entzuleek. Irudimena askatuta, betiere, feminismoaren ikuspegitik landuta sortutako lanak dira denak ala denak.

Zine zuzendari handien artean, Kathryn Bigelow estatubatuarra nabarmendu dute antolatzaileek. Zuzendari onenaren Oscar saria orain arte irabazi duen lehen emakumea da. Ana Asensio antzezle, zuzendari eta gidoilari madrildarrak, bestalde, Most Beautiful Island lana aurkeztuko du jaialdiaren lehen egunean. Astelehenean eskainiko duten ikuskizuna estreinaldi garrantzitsutzat jo du Gutierrezek. South By Southwest AEBetako jaialdian film onenaren saria irabazi zuen. Protagonista bera ere han izango da, filmari buruz hitz egiteko.

Simone de Beauvoir saria

Horrez gain, aurtengo Simone de Beauvoir saria Isa Campo zuzendari, gidoilari eta ekoizleari emango diote. Isaki Lacuestarekin batera zuzendutako La próxima piel filmaren emanaldia ere egingo dute saria banatzeko ekitaldiaren aurretik. Beldurrezkoa ez den jaialdiko film bakarra izango da Campo eta Lacuestarena.

Zine emanaldiez harago doan programa dakar Zinemakumeak Gara zikloak. Beldurraren generoaren gorakada horretan sakontzeko helburua ere badu-eta jaialdiak. “Emakumea beldurraren generoa zer-nola iraultzen ari den aztertzeko hitzaldiak eta konferentziak egingo ditugu. Mahai inguruak zein zine kritikariak ere izango dira. Alde teorikoari ere heldu nahi diogu. Adituak, espezialistak eta kritikariak izango ditugu. Besteak beste, Violeta Kovacsics izango dugu gure artean. Aditu horien laguntzarekin aletuko dugu zer dagoen zuzendari horien eta zine horren atzean”.

Zinematografiaren teorian, historian eta dokumentazioan doktorea da Kovacsics, irakaslea Bartzelonako unibertsitatean, eta ACCEC Kataluniako zinema kritikaren eta idazketaren elkarteko presidentea. Asteartean egingo dute hitzaldi solasaldia harekin.

Emakumea eta munstroa mahai inguruan, generoari eta generoen rolei buruzko eztabaida piztuko dute, asteazkenean. Hiru hizlari ariko dira horretan: Desiree de Fez zine kritikaria, Itxaso del Castillo kazetaria eta Norma Vila Euskal Herriko Zinema Eskolako diplomaduna.

Begoña del Teso zine kritikaria izango du protagonista osteguneko saioak. Bere beldur kutunenak zeintzuk diren azalduko die bertaratzen direnei.

30 orduko lehiaketa

Adituen hausnarketa sakon horiekiko aurrez aurre, Xprest Aux film laburren VI. zinemaldia abiatuko dute hilaren 22an, igandearekin. Emakumeek zuzendutako film laburren lehiaketa da. “Emakume askok hartzen dute parte. Zine eskoletakoak eta antzeko lanetan ari direnak dira gehienak. Urtetik urtera lan gehiago aurkezten dituzte. 30 ordutan egin behar dituzte filmak. Egun polita izaten da gazteei errealizazioan aritzeko gogoa pizteko. Arrakasta handia ari da izaten”.

Hurrengo egunean, astelehenean, emango diote bukaera jaialdiari. Ehundik gora lanen artean aukeratutako zortzi film laburrik onenen emanaldia egingo dute.

Beldurra, 22 urteren ostean

22 urteko ibilbidearen ostean, aurten lekua egin diote beldurrezko zineari. Jakin badakite ikus-entzule askok gustuko ez duten generoa dela. Hala ere, azken urteetan nabari dute goraka doala genero horretan lanean diharduen emakumeen kopurua. Gorakada kuantitatiboa gertatzeaz gain, filmotako gaiak lantzeko moduak ere aldatu dituzte andreek. “Rolen aldaketa ekarri du horrek. Emakumea biktima izatetik pertsona aktibo izatera pasatzen ari da”. Eta gaiak ere orain artean genero horretan ikusiak ez zirenak hasi dira agertzen, gizonezkoaren begiradaren monopolioarekin apurtuz.

Orain artean aldaezinak ziruditen arketipoak aldatuta, iraultza ekarri dute emakumeon lanek. Feminismoarentzako itxaropenezko ostertza zabaldu dute. Beldur klasikoaren imajinarioa amesgaizto berriz kutsatu dute, eta eragin dramatiko sakona duen hizkuntza baliatu dute horretarako. Emakumeak gizartean dagokion lekua lortzeko prozesuaren beste bide bat zabaltzen ari da jaialdia. Gero eta ugariagoak diren zinemagileen lanak ikusgarri bihurtuko dituzte.

Egitaraua
Hainbat film emanaldiz gain, emakumea beldurrezko generoan izaten ari den esku hartzeari eta haren begiradari buruz hausnartzeko hainbat saio ere egingo dituzte, Bilbon, Zinemakumeak Gara  zinema jaialdian.

Urriak 16, astelehena
19:30. Hainbat film laburren emanaldia: Grammy eta The Stylist. BBK aretoan.
Ostean. Most Beautiful Island film luzearen emanaldia eta solasaldia filmaren zuzendari Ana Asensiorekin. BBK aretoan.

Urriak 17, asteartea
11:00. Haurrentzako saioa Cine Txiki Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan. Ikastetxeetako ikasleentzako saioa.
19:30. Hitzaldia: Emakumeak izuan. Ostean, Bright Lights eta American Mary film laburren emanaldia. BBK aretoan.

Urriak 18, asteazkena
19:30. Mahai ingurua: Emakumea eta mustroa. Eta, ostean, bi film laburren emanaldia: Jules D. eta Evolution. BBK aretoan.

Urriak 19, osteguna
19:30. Begoña del Tesoren hausnarketa: Nire beldur kutunenak. Ostean, Madre de Dios eta La peau sauvage film laburren eta Los viajeros de la noche film luzearen emanaldia. BBK aretoan.

Urriak 20, ostirala
19:30. Zinema emanaldia: Creswick eta Extático film laburrak eta The Love Witch film luzea.

Urriak 21, larunbata
19:00. The Beast eta La próxima piel film labur eta luzearen emanaldia. Ostean, Simone de Beauvoir saria emango diote Isa Campo zinemagileari. BBK aretoan.

Urriak 22, igandea
18:30. Salvación film luzearen emanaldia eta Xprest Aux film laburren lehiaketaren hasiera. Bilborock aretoan.

Urriak 23, astelehena
19:30. Emakumeek egindako
film laburren emanaldia. Azkuna zentroan.