Arrontegi zubiarentzako errepide alternatiboa eskatu dute Batzar Nagusiek

Arrontegi zubiarentzako errepide alternatiboa eskatu dute Batzar Nagusiek

Natalia Salazar Orbe

Datozen urteetara begira mugikortasuna hobetzeko azpiegitura sare berria egin nahi duela iragarria zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Berak planteatutako hainbat proposamenek Batzar Nagusien onespena jaso dute. Horietako hiruk inbertsio handia eskatuko dute: Arrontegi zubiaren alternatiba izango den errepide berriak eta Usansoloko ospitaleraino eta aireporturaino metroa eramateak, hain zuzen. Alderdi gehienek babesa eman diete.

22 ebazpen proposamen eztabaidatu eta bozkatu zituzten azken osoko bilkuran, eta horietatik zortzi onartu zituzten. Horien artean, zeresanik handiena eman dutenetako bat izan da Ezkerraldea eta Eskuinaldea konektatuko dituen errepide bat egitekoa. Auto ilarak saihesteko anbizio handiko plan baten barruan kokatu zuen Rementeriak proiektua. Horren barruan, Bilbo hegoaldeko saihesbidea eta A-68 lotzea ere aurreikusi du. Bizkaiak “jariakortasuna, segurtasuna eta bizi kalitatea” irabaziko lituzkeela sinetsita dago Rementeria. Hala ere, zerga bilketaren bidez eskuratzen duten diru kopuruarekin lotu du azpiegiturok gauzatu ahal izatea.

EAJ, PP, PSE eta Talde Mistoaren babesa jaso du itsasadarraren bi ertzen arteko konexioa hobetzeko proposamenak. Hala, aldundiari eskatu diote “lehentasunezko” jarduertzat har dezala.

Aukera posibleak

PP alderdiko Javi Ruizek Arrontegiri alternatiba emateko dauden aukeren berri eman du: Lutxanako zubia da horietako bat. Egunean 20.000 ibilgailu hartzeko ahalmena duela aurreikusi dute. Axpekoa da beste bat; 35.000 ibilgailu hartu ahal izango lituzke. Lamiakoko ibai azpikoa da aukerarik garestiena; 50.000 ibilgailu hartu ahal izango lituzke egunean.

Bilduko 11 ahaldunak beste errepide hori egitearen kontra agertu dira. Josu Unanue batzarkideak eskatu du edozein azpiegitura berri planteatu baino lehen 2018. urtean lehentasuna izan dadila txartel bakarra ezartzea lurraldeko garraio publiko guztian. “Gure ustez, gure lurraldean beste lehentasun batzuk daude lurralde kohesioa eta mugikortasuna hobetuko lituzketenak. Gainera, neurri horiek askoz merkeagoak izango lirateke”. Ahal Dugu-ko bostak, bestalde, abstenitu egin dira.

Arrontegiren alternatiba izango den azpiegitura horrez gain, aldundiak Errepideetako Lurralde Plan Sektorialean planteatzen diren ondorioak ere kontuan har ditzala eskatu dute EAJk eta PSE-EEk. Bertan, trenbide alorrean datozen urteetan egongo diren beharrizanak aztertuko dituzte.

Proposamenak jasoa du metroa Loiuko aireportura eta Usansoloko ospitalera iristeko eskaera. Podemos Ahal Duguk azaldu du metro lineak hedatzearen alde egon arren azpiegitura berriak eraikitzearen kontra daudela. Haien ustez, mugikortasun kontzeptua da berrikusi behar dena.