Zaindu

Nerea Ibarzabal

Zaintza, errespetua, goxotasuna, onarpena eta inguru seguruak. Bazoaz ikasten, eta oraindik gutxi diren arren, badira kontzeptu horiek praktikan jar ditzakezun zirkuluak zure bizitzan. A ze zortea. Hain zara besteei emana, non ez baitzara konturatzen zure zirkuluan beti dagoela norbait egin nahi ez dituen gauzak egitera bultzatzen duzuna, konbentzitzen dakizu. Eta buruarekin ezetz esatera doanetan, bere partez erantzuten duzu “bueno, bai”, sarritan gainera.

Zure zaintza eremuko askori esaten diezu zeinen ondo egiten duten hau eta bestea, eta zenbat dakiten, eta zerbait txarto egiten dutenean ere, ei, ez da ezer gertatzen. Benetan esaten duzu gainera. Baina berari? Berari ez diozu ezer barkatzen. Ehunka aldiz egin duen zerbaitetan ere ez zara bere gaitasunez fio, ze oraingoan seguru ez duela ondo egingo. Huts egin zuen hartan bezala, a ze lotsa pasatu zenuena. Beste zaintzaileek esaten diote balio duela, baina badakizu zurikeriatan dabiltzala denak, kontrakoa esateak min emango liokeelako. Ezagutzen duzu nolakoa den.

Nahi dutena egiteko askatasuna eman behar zaie lagunei, honi ez gehiegi ordea. Ez du jakiten nola kudeatu, eta hobe kate motza. Ze bestela berriro aterako da kalera bere arropak konbinatzen duen edo ez inporta gabe, edo iaz bezala, sekulako mozkorra harrapatuko du eta auskalo zeinekin amaitzen duen muxuka. Gogoratzen nola egurtu behar izan zenuen ondorengo asteetan? Bere ekintza denak kondenatu zenituen, eta bere iraultza saiakeraz damutzeko eskatu.

Batzuetan urrunegi iritsi zarela uste dut. Ia ez diozu beretzako denborarik hartzen uzten, hartzekotan, gainerako eginbehar guztiak amaitutakoan, besteei zor dien dena egin eta gero. Eta gainera edozeinekin konparatzen duzu, bere hutsuneak azpimarratuz eta arrakastak lainotuz. Bide batez, ohartu al zara batzuetan nola begiratzen diozun, goitik behera eta behetik gora, nazka aurpegiz? “Gaur makillatu zaitez pixka bat, e”. Hori, eta gehiegi jaten uzten ez zenion garaia hobe aipatu ere ez egitea. Hilabetetan ez zenion txokolaterik jaten utzi, e!

Besteak zaintzen tematzen zara, baina zure zirkuluan badago bat inork baino gehiago behar zaituena, eta jakingo duzu honezkero zu zarela. Baina zuk segi guardia zibila bidaltzen zure baitako erreferendum eta iraultza txiki guztietara. Zure eremu super goxoetan zarena onartu gabe jarraitzeko asmoa baldin baduzu, gauza bat opa dizut bakarrik: beste inork ez zaitzala hain gaizki maita.