Motelago dabilen hiriburua

Motelago dabilen hiriburua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bilbo 30 hirigunea izango da 2018an; alegia, hirigune barruko errepideetan orduko 30 kilometroko abiadura muga orokortuko dute datorren urtean zehar. Hala baieztatu berri du Bilboko Udalak. Hiri garatuen pareko jarri nahi dute Bizkaiko hiriburua, eta 2030erako airearen kalitatea %50 hobetzeko erronka ere hartu dute. Hiri eredu “osasuntsuagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa” sortzeko Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana osatzen ari da udala, eta herritarrekin eztabaidan ari dira orain. Abagunea aprobetxatuz, hausnarketan eragiteko txostena osatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Oinezkoentzako bideak ugaritzetik haragoko ikusmira izan behar dute halako egitasmoek, ekologisten arabera. Diru sarrerak, generoak eta adinak mugikortasunean duten eragina azpimarratu du elkarteak txostenean, eta planak osatzean aldagaiak aintzat hartzea beharrezkoa dela uste dute.

Paradoxa bat: 1996tik gaur egunera 13.401 biztanle gutxiago ditu Bilbok, eta, hala ere, orduan baino 129.941 desplazamendu gehiago egiten dira gaur egun egunero. Ildo bereko beste datu bitxi bat: populazioak behera egin badu ere, errepide sareari eskaintzen zaion espazioa gero eta handiagoa da: 2006an hiriburuko lurraren %5,84 zegoen ibilgailuentzat bideratuta, eta 2015ean, berriz, %7,03. Kontrako noranzkoa hartuta doa Bilbo, hortaz: biztanle gutxiago dago, gehiago mugitzen dira, eta hirian gero eta toki gehiago hartzen dute ibilgailuek.

Lan arrazoiengatik izaten dira Bizkaiko hiriburuko lekualdatze gehienak. Lantoki eta bizitokien arteko distantziak nabarmen handitu dira azken hamarkadetan, eta, ekologisten arabera, prozesu bera gertatzen ari da oinarrizko ekipamenduekin ere: hirien kanpoaldean kokatzen dira osasun etxeak, ikastetxeak eta saltoki handiak. Bada, lana eta zerbitzuak lekuz aldatzeak eragin zuzena izan du hiriguneko mugikortasunean eta eguneroko joan-etorrietan. Ez da arrazoi bakarra, ordea. Gizartearen zahartzean jarri du fokua Ekologistak Martxan-ek, demografiak guztiz baldintzatuko baititu epe laburrean hirigunean mugitzeko baldintza eta moduak.

Datozen hamarkadetan adineko herritarren kopuruak gora egingo duela kontuan hartuz, aurrerantzean hartzen diren neurrietan oinezkoentzako guneetan eta irisgarritasunean arreta berezia jarri beharko dela azpimarratu dute. Izan ere, 2030ean bilbotarren %30,2k 60 urte baino gehiago edukiko dituzte, eta nabarmen igoko da 65 urtetik gorako populazioa: auzokideen %32,8 izango dira Txurdinagan eta Otxarkoagan, eta %32,2 Begoñan. Antzeko datuak dituzte Deustua eta Uribarri auzoetan ere.

Ohitura aldaketak nabari dira jada. Azken hamarkadan bilbotarrek mugitzeko hartu duten joerari erreparatu besterik ez dago. Hiritar gehienek oinez egiten dituzte eguneroko joan-etorriak Bilbon: desplazamenduen %64,7. Autoz, %12,3 mugitzen dira, eta gero eta gehiagok hautatzen dute bizikleta: 2003an, hiriko lekualdatzeen %0,3 egiten ziren bizikletaz, eta, gaur egun, %3,6 erabiltzen da. Desplazamendu gehienak oinez egiten badira ere, ibilgailuen kopurua nabarmena da oraindik Bizkaiko hiriburuan: 162.291 daude matrikulatuta eta horien artean 127.294 dira autoak. Beheranzko joera izan badu ere —2007tik 2015era 6.683 auto gutxiago daude matrikulatuta—, gora egin du motozikleta kopuruak: 3.906 gehiago zenbatu dira azken urtean, eta %29,2 igo da erabilera.

Saltoki handien eragina

Garraio publikoari dagokionez, goia jo duela uste du Ekologistak Martxan taldeak. Erabilerak behera egin duela baina azpiegitura gehiago eraiki direla nabarmendu du: metroaren hirugarren linea, adibidez. Autobusen erabilerak nabarmen egin du behera 2011 eta 2015. urteen artean, garraio partzuergoaren arabera. 1.791.000 bidaiari galdu ditu Bizkaibusek, eta 1.289.000 bidaiari Bilbobusek. Metroak eta Renfek ere bina milioi erabiltzaile baino gehiago galdu dituzte azken urteetan, eta joera horren hausnarketa beharrezkoa dela uste du talde ekologistak. “Kalitatezko garraio publikoa eskaintzeak ez du erabilera bermatzen”.

Orain arteko zenbaki eta datuak orokorrak dira. Eta, generoaren, adinaren eta errentaren aldagaiak aztertuta, ondorio zehatzagoak atera behar direla uste dute ekologistek. Garraio publikoari dagokionez, gora egin du emakumeen erabilerak 1993tik hona, eta behera, aldiz, gizonenak. Autoen kasuan ere, areagotu egin da andreen erabilera, baina, autoa erabiltzen duten gizonen aldean, desorekatua da portzentajea: 2013an, gizonen %43,7k erabiltzen zuten, eta emakumeen %29,2k.

Badira eguneroko joan-etorriak baldintzatzen dituzten bestelako faktoreak ere; tartean, saltokien kokalekuak. Eguneroko gauza txikiak erosteko, hiri zein herrietan dauden denda txikietara jo ohi dute herritarrek. Baina gero eta gehiago dira erosketa handiak egitera saltoki guneetara jo ohi dutenak. Hamar daude Bilbo Handia eremuan: Max Center, Megapark, Carrefour Sestao, Ballonti, Carrefour Erandio, Artea Bilbondo, Eroski Leioa, Eroski Berango eta Makro. Bada, guztien joan-etorriak zenbatuta, egunean 84.551 desplazamendu egiten dira saltokietara, Bizkaiko Foru Aldundiak 2016an zirkulazioari buruz osatutako txostenaren arabera. Megaparken, adibidez, 25.000 ibilgailu pila daitezke larunbat batean. Bada, hamar saltokietatik, Ballontikoak soilik du metro sarrera. Gainontzekoetara garraio publikoz iristeko saiakera bera odisea amaiezina bihur daiteke.

Bizitoki ereduan ere aldaketa izan da Bizkaian 1990eko hamarkadatik aurrera, txostenaren arabera, eta ibilgailuen erabileran eragin zuzena du etxebizitzaren kokaleku horrek. Azken hamarkadetan Bizkaiko hiriburuko populazioak inguruko herrietara jo du, lana hirigunean mantendu duen arren. Antolaketa modu horiek autoen menpekoak direla dio elkarteak, eta eragin zuzena dutela eguneroko joan-etorrietan eta, hortaz, hiriaren mugikortasunean.

Tabernetako terrazak

Oro har, autoentzako errepide zena oinezkoentzako bide bihurtzea izan da mugikortasun planetan gehien azaltzen den neurria, eta hala egin dute Bilbon ere. Ezbairik gabe, neurri eraginkorrena da, autoak desagertu eta oinezkoak jartzen direlako erdigunean. Orain arte hartutako neurriei garrantzia kendu gabe, kritika egin du talde ekologistak. Dioenez, bide horretan egindako esku hartze gehienak hiriburuaren erdigunean kokatu dira, eta auzoetakoak, aldiz, unean-unean eraiki dira, aldez aurretiko planifikaziorik gabe. Hiri osorako plana egitea beharrezkoa dela diote ekologistek horregatik, eta, auzoetatik erdigunera oinez egiten diren joan-etorriak aztertu ondoren, eguneroko ibilbide horietan esku hartzeak egitea beharrezkoa dela uste dute.

Ekologistek aipatzen duten eta auzokide elkarteek ere aspaldidanik salatzen duten bestelako arazo bat: oinezkoen espazioaren pribatizazioa edo jatetxe eta tabernen terrazen kasua. Bilbon, badira egitura finkoa duten hainbat taberna, terraza lurrera lotua dutenak eta kalearen erdigunean kokatuta daudenak. Kaleak blokeatzeaz gain, errepidearen efektu bera lortzen dute terrazek: oinezkoena den kalea erdibituta geratzen da. Ledesma da adibide nabarmenena.

Orain arte hartutako neurriak puntualak izan direla uste du elkarteak, eta beharrezkoa dela, oinezkoentzako kaleak eraikitzeaz gain, oinezkoen sarea duen hirigunea egitea: oinezkoentzako zein kale egokitzen den pentsatu beharrean, bide egoki eta eraginkorrena zein den aztertu, eta, diagnostiko horren arabera, elkarrekin konektatuta dauden oinezko bideen sarea osatu.

Bizikleten erabilera areagotzeak ere esku hartzeak eskatuko dizkio hiriburuari; izan ere, Bilboko Udalak egindako kalkuluen arabera, 12.000 desplazamendu egiten dira hiriburuan egunero bizikletaz, eta, orain arteko joerarekin jarraituz gero, gora egingo du kopuruak datozen urteetan. Auzoen arabera, egoera bat ala beste du bizikleta sareak hirigunean. Kanpoaldean dauden auzoetan irisgarritasun arazoak dituztela uste dute Ekologistak Martxan-ekoek, eta egoera horiei irtenbidea bilatzeko neurriak hartu beharko direla datozen urteetan.

Epe laburreko neurriak

Hirigunean orduko 30 kilometroko abiadura muga orokortzea adostu dute Bilboko Udalean. Baina oraindik ere argitu gabeko hainbat ertz ditu 2030era bitarteko esku hartzeak zehaztuko dituen Hiri Iraunkorrerako Mugikortasun Planak. Garraio publikoa bultzatzeaz gain, egunero hirigunera sartzen den auto kopurua murriztu nahi du, eta, horretarako, ordainsaria jarri ala ez hausnartzen ari da erakundea joan den urtetik. Alderdi eta herritarren artean hautsak harrotu ditu proposamenak, ordea.

Ez dute erronka malaka, 180.000 ibilgailu sartu eta ateratzen baitira egunero Bizkaiko Hiriburura, eta lan arrazoiengatik dira gehienak. 07:00etatik 09:00etara soilik, 20.000 ibilgailu sartzen dira hirira. Ekologistak Martxan-eko kideen esanetan, ordainsaria jartzea baino eraginkorragoa da hiriguneko kale eta errepideetan aldaketa progresiboak egitea. Autoen erabilera oztopatzen duen hiria eraikitzen hasita, herritarren ohiturak ere aldatuko direla uste dute ekologistek.

Enpresetan ere kontzientziak astindu nahi ditu udalak, eta 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan ere neurriak hartuko dituztela iragarri dute. Lantokiek langileen artean autoaren erabilera murrizteko neurriak hartzea bultzatuko du, besteak beste, eta gauza bera egingo du udal langileen artean ere.

Bizkaiko hiriburua abiadura geldoagoan mugitzeko neurriak hartuko dituzte berehala. Baina autoak moteldu baino, nola murriztu da arazoa hiriburuan.