Itsasoko zaborren jatorrietara

Itsasoko zaborren jatorrietara

Aitziber Laskibar Lizarribar

Urtero zortzi milioi tona plastiko isurtzen dira itsasora, munduan. Norbaitek itsasertzean utzi eta batu gabe geratzen diren zaborrak itsas barrenera eramaten dituzte olatuek. Eta zaborra pilatuz doa. Gero eta plastiko gehiago dute itsasoek. Modu kezkagarrian. Itsas hegaztien iraupena arriskuan jartzeraino.

Joan-etorrien higadurarekin, plastikoak txiki-txiki egiten dira. Itsasoko faunak janariarekin nahasten dituzte plastiko zatiak, eta jan egiten dituzte. Kaltea izugarria da; kasu askotan, atzera bueltarik ez duena: itsas hegaztien espezieen erdiek baino gehiagok sufritzen dute gaitza, eta, kalkulatzen denez, 2050ean itsas hegaztien %99 harrapatuta edukiko ditu. Berez kezkagarria den hegaztien egoera are gehiago okertuko dela ohartarazia dute ikerlariek. Eta kontuan hartu behar da azken 60 urteetan itsas hegaztien %70 desagertu egin direla.

Egoera hori iraultzeko sortutako proiektua da Libera; zaborrik gabeko natura amestu, eta horren alde lan egiten duena. Hainbat kanpaina jartzen ditu martxan, aldiro: itsasoko zaborra biltzeko jardunak, mendietakoa jasotzekoa eta erreka zein urtegietakoak batzekoak dira ezagunenak. Ehunka tona biltzen ditu.

Datuen garrantzia

Beste kanpaina bat du martxan egunotan: Metro kuadro bat hondartza eta itsasoen alde. Itsasotik plastikoa biltzean datza egitasmoa, baina helburu zehatz batekin: datuak biltzea. Boluntarioek zaborra jasoko dute zenbait hondartzatan eta itsasoan, egoeraren azterketa egiteko. Bizkaian, Sopelako Barinatxa hondartzan eta Muskizko Arenan egingo dute bilketa. “Kanpaina honetan garrantzitsuena ez da zenbat zabor biltzen den, horiek ematen dizkiguten datuak baizik”, azaldu dio HITZA-ri Sara Guemes Libera proiektuko partaideak. “Zein plastiko mota diren eta nondik datozen jakin nahi dugu, arazoari erroetatik heldu ahal izateko”.

Eta lekuak badu garrantzia: “Ez da berdina Bizkaian jasotzen den zabor mota edo Menorcan jaso daitekeena, adibidez”. Eremuaren idiosinkras iak berak badu zerikusia. Eta bertako produkzio motak. Inguruan bizi edo handik igarotzen den pertsona kantitateak eta motak. Aldagai asko hartu behar dira kontuan: Ez da gauza bera nekazaritza ingurua izan, industriala edo turismo handia jasotzen duena.

Eremu bakoitzaren izaera horiek aintzat hartu, eta itsas bazterretan jasotako zaborrek emandako datuak txertatuko dituzte azterketan. Helburua argia da: itsasoan amaitzen duten plastikoen jatorriak identifikatzea, aurrera begira eremu horietan kontzientziazio kanpainak zein bestelako neurriak lantzeko.

Ondoren etorriko diren kanpaina eta lanketak ere ez dira denean berberak izango: “Ez da gauza bera abeltzain bat kontzientziatzea, arrantzale bat, beste herrialde batera oporretan doan herritarra edo gaiarekin sentsibilizatuta dagoen pertsona”.

Praktika okerrak aldatzeko modua kontzientziazioa dela seguru daude Liberako kideak. Eta, horretan eragin nahian, beste egitasmo bat jarri berri dute martxan: natur eremu jakin baten babesle izateko kanpaina. Institutuetan landuko dute ikasturte honetan lehen aldiz, eta hautatutako eremuarekiko ardura hartu, proiektu zehatzak egin eta natur zati horiek babestea da helburua. Baita inguruko jendea inplikatzea ere; direla eskola ingurukoak, direla etxekoak, kirol taldeetakoak edo herritarrak. Ingurua hobetu, zaindu eta babestea izango da betebeharra, norbere besoetakoa balitz bezala. Bizkaian, Barakaldoko El Regato eskolak aurkeztu du bere burua horretarako.