Gabriel Arestiren bidea aztergai ‘Euskal Harria’ liburuaren 50. urteurrenean

Gabriel Arestiren bidea aztergai ‘Euskal Harria’ liburuaren 50. urteurrenean

Aitziber Laskibar Lizarribar

Mende erdia da Gabriel Aresti idazle eta poeta bilbotarrak Euskal Harria poema liburua idatzi zuela. Lan borobila, eta urteurren borobila. Aukera baliatu beharra zegoela sentituta, elkartu, eta Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte jardunaldiak antolatu dituzte Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti elkarteak, Bilboko Udalaren babesarekin. Datorren asteazkenean izango da egun osoko ekitaldi sorta, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan.

Aresti modu batean edo bestean gertutik ezagutu duten eta norbere sorkuntzaren bidean emaitza oparoak utzi dituzten idazle, musikari, antzezle eta bertsolariak arituko dira goizetik arratsera. Besteak beste, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia eta Jon Kortazar idazleek, Andoni Egaña bertsolariak, Xabier Kintana euskaltzainak eta Mikel Martinez aktoreak aletuko dituzte Arestiren ibilbidearen ertzak. Baita Oskorri musika taldeak ere. Eta Joseba Sarrionandia idazleak. Bertan egongo ez den arren, haren hitzak entzungo dira asteazkenean Bilbon.

Goiz hasiko da Arestiren ibilbideari gorazarre egiteko eguna. 09:30ean, harrera eta ongietorria izango dira Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin. Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultur elkarteko kidea arituko da hizlari.

Ordu erdi geroago, Oskorri taldeak egingo du ekarpena. Zuzeneko emanaldi laburra egingo du, Arestiren hitzekin osatutako abestiekin.

Ondoren, Xabier Kintana euskaltzainaren eta Iñaki Mendizabal kazetariaren solasaldia izango da. Jon Kortazar Literatura katedradunak eta Itsaso Guemes kazetariak hartuko dute hitza gero. Hain zuzen, idazlearen poema ezezagunekin udalak iaz kaleratu zuen liburua aletuko dute Mailu batekin: biola batekin hitzaldian.

Mikel Martinez antzezleak Gabriel Arestiren Hernaniko hitzaldiaren dramatizazioa egingo du 11:15ean. Eta, ordubete geroago, Oskorriren doinuak entzungo dira, berriro, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Ibarrolari omenaldia

Beste euskal artista bat ere omenduko dute asteazkeneko jardunean: Agustin Ibarrola. 1967an, bere irudiak eskaini zizkion Ibarrolak Arestiri; hain zuzen, Euskal Harria liburuaren lehen ediziorako erabili zirenak. Liburu hori eta Ibarrolaren grabatuak aztertuko ditu Susana Jordra artistak 12:30ean, eta ondoren egingo da omenaldirako ekitaldia.

Arratsaldeko saioa 19:00etan hasiko da, Sarrionandiaren hitzekin. Grabatuta utzitako audioa entzungo da lehenik, eta, jarraian, Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaia idazleen arteko solasaldia izango da. Miren Rubio kazetaria arituko da hizketaldia gidatzeko lanetan.