Erreferenteen garrantzia

Erreferenteen garrantzia

Natalia Salazar Orbe

Zelai zabal eta berde baten erdian, aulki bat. Eta hara igota, emakume bat, kantuan. Irudi horrek iragartzen du Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bertsoa protagonista; baita emakumea ere. Gero eta presentzia handiagoa hartzen ari diren emakumeen isla izan liteke. Izugarri aldatu dira-eta bertsolaritzaren irudiak. Bat-bateko kantuen dema dagoeneko ez da lotzen sagardotegi batean ari diren lau gizon heldu samarren irudiarekin. Txapelketetan baino gehiago, plazetan nabari da aldaketa. Gizonak nagusi ziren oholtzetan emakumeak lekua hartuz doaz. Aurtengo Euskal Herriko txapelketan ere nagusi dira gizonak, nabarmen: 42 lehiakideetatik 13 dira emakumeak. Hala ere, Bizkaiko bertsolarien artean parekatuta daude: hamar bertsolari lehiatuko dira final-laurdenetan, eta, horietatik bost, emakumeak dira. Gai jartzaileen aldetik ere, emakumeak nagusi dira: hamazortzitik hamahiru dira andreak. Txanponaren beste aldean, bertsolarien lana baloratu behar duten epaileak daude: hogei dira guztira. Horietatik, bost besterik ez dira emakumeak. Bertsolaritza ari al da berdintasunerako bidean pausoak ematen? Galdera hori abiapuntu hartuta, hausnarketa egin dute asteburu honetan final-laurdenetan lehiatuko diren hiru bertsolarik: Miren Amurizak, Nerea Ibarzabalek eta Onintza Enbeitak. Bidea zabaldu bada ere, oraindik zeregin ugari dagoela erakutsi dute hiruren iritziek.

Aldaketa bada. Hirurak bat datoz. Amurizak argi du: “Euskal Herriko Txapelketan erdi eta erdi izatea [bizkaitarrak] bada zerbaiten adierazgarri”. Hala ere, plazari erreparatu behar zaio, haren ustez, aldaketa hori benetakoa den ikusteko. “Bertsolaritza plazan dago, eta, bertan, esango nuke emakumearen presentzia hori are nabarmenagoa dela”. Neska gazteak aritzen dira. Horren adierazgarri da ekainean lehiatu zen Bizkaiko Eskola arteko Bertsolari Txapelketa. “Erdiak edo gehiago neskak izan ziren. Baita Bizkaiko txapelduna ere”. 16 urtetik 18ra arteko “adin kritikoan” askok utzi egiten dutela azaldu du, ordea.

Ibarzabalen ustez, aldaketa ez da nabarmenegia txapelketetako zenbakiei erreparatuta. “Lurraldeetako txapelketei erreparatuta ez dago berdintasun kuantitatibo hori. Mutilak askoz gehiago ausartzen dira hasierako faseetan parte hartzen, nahiz eta euren buruarekin hain seguru ez egon”.

Zenbakiak baino harago begiratu behar dela sinetsita dago: “Gehiago kezkatzen nau zein diskurtso dabilen oholtzetan, zein diskurtso dagoen gaietan edota zer hartzen duten kontuan epaileek. Hori ere landu beharrekoa da: zer botatzen dugun bertsotan, eta gure hitz horien ardura hartzea, bai gizonek zein emakumeok”.

Amurizak ere uste du erantzukizuna partekatua dela. “Gai jartzaile taldeak hausnarketa hori egitea eta beste gai batzuk mahai gaineratzea eskertzekoa da, noski. Baina gure erantzukizuna da edozein gairi beste ikuspuntu batetik begiratzea eta beste filtro batzuetatik pasatzea”. Ibarzabalen ustez, epaileek kontuan hartu beharko lukete genero ikuspegiari bertsolariek ematen dioten tratamendua.

Enbeitarentzat, “bistakoa” da azken urteetako aldaketa. Hala ere, emakumeen eta gizonen arteko proportzio hori ez dela erreala azaldu du hark ere. “Bizkaiko Bertsolari Txapelketan 70 bertsolari inguru aritu ginen, eta, horietatik hamalau besterik ez ginen emakumeak”. Duela hogei urte baino hobeto daudela azaldu du. “Plaza ere aldatu egin da. Hori argi dago. Emakumeak hor egoteak ekarri du gizonezkoen artean ere beste aukera batzuk zabaltzea: beste bertsokera batzuk edota beste gai batzuk lantzea”.

Proportzionaltasunik ez dago bertsolari eta gai jartzaile lanetan edo epaile beharretan ari diren emakumeen artean. Aldea nabarmena da. Amurizak uste du “prozesu baten barruan” doala dena, “jabetze prozesu baten barruan. Ikusiko dugu zer ematen duen horrek”.

Ibarzabalek ere argi du arlo horretan lan sakona egin behar dela. “Iruditzen zait epaile lanak erantzukizun eta ardura oso handiak iradokitzen dizkigula. Neskei oraindik irakasten zaie ez dutela sartu behar ardura handiko gauzetan edo lanetan”. Epaile izateko, emakume gehiago erakartzeko lanari beharrezko deritzo. “Emakume kopurua ugarituz gero, baloratzeko modua ere aldatuko da. Interesgarria litzateke, beraz: ez bakarrik gaiak proposatzeko, baita jasotzen diren erantzunak baloratzeko ere”.

Oztopoak

Emakumeek egunerokoan aurre egin behar dieten oztopoak izan ditu aztergai Enbeitak. “Emakume izate hutsagatik zalantzan jartzen gaitu gizarteak”. Era horretako egoerak bizi ostean, inor epaitzeko indarra ateratzea zailagoa dela deritzo. Dena den, beharrezkotzat jo du emakume epaile gehiago izatea. “Horrek lagunduko luke askotan egoten diren mezu subliminalak harrapatzen. Nola azaldu egoera bat bizi izan ez duen gizon bati, bertsolari batek bota duen bertsoko txantxa batean emakumeen aurkako mezu subliminal bat dagoela? Ez du ulertuko. Emakume batek harrapatzea errazagoa da”.

Hiru bertsolariek badakite emakumeentzat gizonentzat baino zailagoa dela oholtza handietara iristea. Berrizkoaren arabera, “txapelketako parte hartzaileak orotara hartuta, gutxiengo bat gara emakumeok”.

Ibarzabalek barrutik ezagutzen ditu nesken eta mutilen artean sarri egiten diren bereizketak, bertso eskolak ematen ditu eta. “Nahi gabe ikusten da zeintzuk hezten dituzten erraz asko jardun eta edozer esan arren lasai asko gelditzeko, eta zeintzuei barneratuarazi dieten gauzak gaizki ez egiteko jokabidea; lotsa sentitzeko gaitasuna gehiago sumatzen da neskengan. Gehiago bultzatzen gaituzte horretara. Ez da egiten mutilekin egiten den bezala. Alegia, ez zaie animatzen esanez: ‘Berdin dio ondo edo txarto egiten duzun. Atera zaitez!’. Arlo hori mutilengan eta neskengan berdin ez dela lantzen iruditzen zait. Horren eragina ikusten dugu gero. Normala da”.

Gizartearen isla

Desoreka hori, baina, gizartearen isla besterik ez da. Bertsolaritza ezin baitaiteke ulertu gizartetik at dagoen elementu gisa. Ibarzabalenak dira hitzak: “Bertsolaritza gizartea dagoen bezala dago. Beste kontu bat da guk ahal dugun mailan eta eremuetan eragiten aritzea, baina denok gatoz beste motxila batekin, beste leku askotan jasotako gauzekin”.

Ildo beretik mintzatu da muxikarra: “Egunerokoan sufritzen ditugun eraso txikiak barneratzen ditugu. Oholtzara igotzeko gizarteak ezarritako trabak eta gizartearen jarreraren ondorioz zuk zeure buruari ezarritakoak gainditu behar dituzu”. Emakume batek herriko jaietan oholtzara igotzeko ere, gizonek ez bezala, birritan pentsatzen duela dio. “Oholtzan Amets Arzallus ikusten duenak bertsolari bat ikusten du gaur egun. Emakume bat agertzen bada, emakume bertsolari bat ikusten dute. Markatuta gauden unetik oholtzan agertzea guretzat beti da zailagoa”.

Harrobian dago itxaropena. Horretarako, ordea, garrantzitsua ere bada gazteek eurentzako erreferenteak aurkitzea oholtza gainean. Amurizaren ustez, “guk egin dugula ikusten badute, pentsatuko dute ea zergatik ez duten egingo eurek ere”.

Ibarzabalen iritziz, neskato batek oholtzak gizonezkoz beteta soilik ikusten baditu, ez du pentsatu ere egingo bera hor egon daitekeenik. “Umetan, edo gaitasun kritiko handirik ez daukagun adinean, ikusten dugunaren arabera ulertzen dugu zein toki tokatzen zaigun, eta zein ez. Ume batek emakumeak eta berak erreferente gisa erabil ditzakeenak ikusten baditu oholtzan, pentsa dezake baietz, bere lekua izan daitekeela”.

Antzera pentsatzen du Enbeitak ere. 16 eta 18 urte arteko neskentzat erreferenteak ikustea oso inportantea dela, alegia. “Gure sasoian baganekien Kristina Mardaras zegoela, Txapelketa Nagusira aurkeztu zen lehen emakumea. Baina plazetan ez zen ikusten erreferente argirik. Gaur egun, badaude Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Alaia Martin… Abanikoa asko zabaldu da. Horrek laguntzen du belaunaldi berriak erakartzen”.

Bide luzea egiteko

Hirurek, beraz, argi dute: bide handia egin da, eta pauso handiak eman dira bai kuantitatiboki zein kualitatiboki ere. Hala ere, oraindik parekotasunera heltzeko bide handia dago egiteko. Bide horretan buru-belarri jarraituko dute lanean.

Zallan dute horretarako hurrengo saioa. Bihar egingo dute han laugarren final-laurdena. Bitxia izango da. Izan ere, lehenengoz jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa bat Enkarterriko herri horretan. Eskualdean ari da harrobi gero eta sendoagoa osatzen. Etzi egingo dute bosgarrena, eta datorren larunbatean, azkena.

Bizkaiko ordezkaritza zabala izango da biharkoan. Bertan ariko dira Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Jone Uria Albizuri, Miren Amuriza Plaza eta Onintza Enbeita Maguregi. Etzi Zumaian ariko dira, bestalde, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia eta Nerea Ibarzabal Salegi. Tolosan lehiatuko dute azken final-laurdena. Bertan izango dira Etxahun Lekue Etxebarria eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Aurreko saioetan aritu dira, bestalde, Beñat Ugartetxea Ostolaza eta Oihana Bartra Arenas. Oraingoz, bizkaitarrik ez da sailkatu zuzenean finalaurrekoetara. Baina 2013ko zortzi finalistetatik izena eman duten seien artean izango da bizkaitarrik: Igor Elortza Aranoa.

Maialen Lujanbiok txapela jantzi zuenekoaren antzeko irudia errepikatuko den ikusteko dago XVII. Txapelketan. Abendura arte ez da argitzerik izango.