Meaztegiko golf zelaia berpizteko bidea hartu du zuzendaritza berriak

Meaztegiko golf zelaia berpizteko bidea hartu du zuzendaritza berriak

Asier Arrate Iruskieta

Trapagarango golf zelai publikoa herrialdeko eta kanpoko golf zaleak erakartzeko eraiki zuten 2005ean. Severiano Ballesteros golfari profesionalak diseinatutako zelaiak inbertsio handia izan zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren partetik. Eskualdean lana sortzeko eta turismoa erakartzeko indar bilakatzeko asmoa zuten. Azken hamar urteetan, ordea, proiektuak ez ditu lortu esperotako helburuak; gainbehera etengabean egon da. Horregatik, aldundiak orain arteko enpresa kudeatzailearekin zuen kontratua eten, eta zelaiaren eta azpiegituren kudeaketa enpresa berri bati adjudikatu zion uztailean, zozketa publiko bidez. Imanol Pradales Lurralde eta Ekonomia Sustapeneko ahaldunaren esanetan, proiektu berriaren lehen bi hilabeteek “itxaropena” piztu dute.

Pradalesek, Batzar Nagusietako talde mistoak eta Alderdi Popularrak eskatuta eman du Meaztegi golf zelaiko egoeraren berri. Jakinarazi duenez, uztailaren 1etik Global Golf Norte S.L. enpresa dago zelaiaren kargu. Enpresak zozketa publikoan aurkeztutako bi kontratuak eskuratu ditu: zelaiaren eta zelaiko azpiegituren mantentzea eta kudeaketa, eta zelaiko tabernaren eta jatetxearen ustiapena. Lehen kontratua 2021eko abenduaren 31 artekoa izango da. Bigarrena, jatetxe eta tabernarena, bi urtekoa. Ahaldunak adierazi duenez, Golf Norte enpresak eskaintza “oso interesgarria” aurkeztu zuen.

Marketina eta pedagogia

Proiektua lau puntutan oinarritzen dela azaldu du Pradalesek: “Eskaintzen den zerbitzuaren hobekuntza, kirolaren dinamizazioa, lan pedagogikoa eta plan komertzial baten garapena”. Dinamizazio arloan, golf zirkuituak antolatuko dituzte. Horrez gain, klubekin eta babesleekin harremanak sustatuko dituzte, eta atzerriko klubei Bilboko aireportuaren bitartez loturak eskainiko dizkie.

Arlo pedagogikoan, zuzendaritza berriak akademia bat irekiko du, eta golfa eskualdeko ikastetxeetan sustatuko du. Azkenik, arlo komertzialean, marketin eta sare sozialetako lana indartzea dute helburu. Ahaldunak azaldu duenez, enpresak “konpromisoa” hartu du bost urterako plan estrategikoa eta epe laburrerako plan eragilea garatzeko. Horretaz gain, enpresak eguneroko jarduna kontrolatzeko sistema bat ere abiatuko du.

Pradalesek nabarmendu du proiektu berria “bide onetik” doala erakuslen duela azken bi hilabeteetan erabiltzaile kopurua handitu izanak: abonatuak %2,47 gehiago dira 729tik 747ra igaro dira eta abonuak %4 gehiago 567tik 590era. Erabiltzaileek 6.800 aldiz erabili dute zelaia uztailetik abuztura, eta 11 txapelketa antolatu dituzte. Trapagarango zelaiko abonatuen kopurua gainbeheran joan da ireki zenetik, eta aldundia zelaia ixtekotan ere izan zen diru galeren ondorioz.

Batzar Nagusietako gainontzeko alderdiek ere “positibotzat” jo dute zelaiaren kudeaketa berria. EH Bilduk eta Talde Mistoak ikastetxeetan egingo den lana goraipatu dute, eta Podemosek txalotu egin du “behingoz” enpresa espezializatu bat jartzea Meaztegiko golf zelaiaren zuzendaritzan. PSEk, bestalde, proiektu berriaren emaitzak ikusteko denbora eskatu du.

Bestalde, Pradalesek baieztatu du zelaiaren kudeaketaren ardura zuen Grupo Ansareori jarritako abaletik “zehaztu gabeko” diru kopuru bat kenduko diotela, ez zuelako adostutako kontratua bete. Ansares taldeak aldundiaren erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu du. Epaiaren zain daude bi aldeak.