Euskal Museoaren klaustroa aurki estaliko duela dio aldundiak; auzokideak kexu dira

Euskal Museoaren klaustroa aurki estaliko duela dio aldundiak; auzokideak kexu dira

Aitziber Laskibar Lizarribar

Kultur balio handikoa da Euskal Museoaren eraikina. XVII. mendean sortua da, eta kultura ondasun kalifikatu izendapena du; kultur ondareek jaso dezaketen izendapenik gorenena. Mikeldia gordetzen du, gainera, barruan. Eraikinaren altxor nagusi den klaustroak bertan du museoaren bitxirik preziatuena: Euskal Herriko arkeologia piezarik garrantzitsuenetakoa den harrizko Mikeldia 1864an aurkitu zuten Durangon, eta, noizkoa den jakiterik ez dagoen arren, 2.200 edo 2.300 urte inguru dituela estimatzen da. Erakunde, eragile eta alderdi guztiak datoz bat halako altxorra ondo gorde behar dela esatean. Baina ez ondo zaintze horrek zer esan nahi duen zehaztean. Eta polemika piztua dago.

Datorren urte hasieran klaustroa estalita egongo dela iragarri du Lorea Bilbao Kultura diputatuak. Aldundiak aukeratua duela, dagoeneko, estalkiaren diseinua, lanak azaroan adjudikatuko dituela, eta 2018ko urtarril amaieran edo otsail hasieran amaituta egongo direla lanak.

Gehiago erabiltzeko

Euskal Museoari zuku handiagoa atera nahi diola esanaz argudiatu du erabakia Kultura diputatuak. Estalkirik ezean, hainbatetan ezin dela gunea erabili adierazi du; Bilbon euria sarri egiten duenez, mugatuegi geratzen dela erabilera. Mikeldia eguraldi zakarraren eraginetik babestea ere bada proiektuaren helburua, Bilbaoren hitzetan; harribitxia hobeto babestea.

Batzar Nagusietan eman du asmoen berri Bilbaok, Kultura eta Euskara batzordean. Aurrerapauso gisa aurkeztu du ekintza, baina ez dute guztiek begi onez ikusi. EH Bilduren ustez, duen kultur balioagatik babes berezia duen eraikinari aldaketa handia egitea esan nahi du estalkia jartzeak, eta, beraz, beharrezko babes hori haustea. Hain zuzen, horixe ohartarazi zuen Iñaki Uriarte arkitektoak, Bilbaok proiektua publikoki aurkeztu aurretik. Bilboko Epaitegian salaketa ere jarria du Uriartek, klaustroa estaltzea ondarearen aurkako delitua izan daitekeela abisu emanda.

Salaketa horren inguruan galdetuta, aldundiak ofizialki ez duela salaketa horren jakinarazpenik jaso erantzun du Kultura diputatuak. Edozein kasutan Foru Aldundia “lasai” dagoela, proiektua Arkitektoren Elkargoarekin landu baitu.

Foru diputatuak proiektuaren berri eman eta egun gutxira, Zazpikaleetako auzo elkarteak agertu du kezka publikoki. Bihotzean elkarteak “erabateko desadostasuna” azaldu du proiektuaren inguruan. “Ez dago lan hori babesteko arrazoirik txikiena ere”.

Auzo elkarteak ohartarazi du urteak daramala Zazpikaleetako klaustroak auzokideentzat eta bisitarientzat zabaldu daitezela eskatzen. Horri entzungor egin eta orain “inolako kultur ekarpenik egiten ez duen” lana iragarri izana gaitzetsi du.

Areago, proiektuaren atzean beste zergati bat gordetzen dela iruditzen zaio: “Badirudi bere helburu gordea lotuta dagoela turismoarekin, ostalaritza eta dendak ustiatzearekin”. Hori non, eta dagoeneko halako ustiatzeez erabat aseta dagoen gune batean; non, eta kulturalki “oso berezia den gune batean”. Eta hausnartu beharra plazaratu du: “Klaustro bat ez da patio bat”. Hain zuzen, guneak lehen zuen belardia kendu eta harlauzez estali izana kritikatu du, aldaketa horrekin klaustroaren berezko izaera zapaldu dela iruditzen baitzaio.

Zazpikaleak arkitektura erreferentziak oso utziak dituen gune historikoa direla ere ohartarazi du Bihotzeanek. Plaza Berria jarri du adibide. Santiagoko katedrala eta haren “abside lotsagarria”. Erriberako atariak. Eta “espazioa okupatzeko modu onartezinak eta legez kanpokoak ere badirenak”. Erriberako merkatuari itsatsita egin zuten taberna aipatu du horren erakusle.

Zorua lehengoratu dadila

Horren guztiaren aurrean, ondare arkitektonikoa babesteko eskatu du. Baita lurrari egin dioten aldaketa “iraingarria” lehengoratzeko ere; berezko zuen lurra eta jatorrizko lore taulak berreskuratzeko. Azken finean, egindako moldaketak zuzendu eta zaharberritze zorrotza egiteko.

Baina Foru Aldundiak ez du erasorik ikusten egin nahi dituen aldaketetan. Klaustroa estaltzeko aurkeztu zuen ideia lehiaketara 20 proiektu aurkeztu zirela azaldu du. Epaimahaian Arkitektoen Elkargoak ere parte hartu duela, eta “inbaditzailea ez den proposamena” aukeratu dutela. Gunea estalita klaustroa herritarrentzat eskuragarriago egongo dela esan du, eta, “batez ere”, kultur ekitaldiak egiteko erabili ahalko dela.