Estekatua

Igor Elordui Etxebarria

Irailaren 6an, Kataluniako Parlamentuak Erreferendumaren Legea onartu, eta Els Segadors abesten hasi ziren diputatuak. Esan beharrik ez da egongo, honezkero, baina despistaturen batek galdetzekotan: Els Segadors Kataluniako himno ofiziala da. Irakurri nion Miren Amurizari irailaren 8an BERRIAko Bira bere zutabean inpresioa egin ziola, ez zuela abestia ezagutzen baina solemnea iritzi ziola, kutsu epikoduna. Aurrerago galdetzen zuen gurean zer kantatuko ote genukeen gisako egoeraren batera iritsiz gero. Egun berean hari berari tiraka idatzi zuen Larrepetit Onintza Enbeitak. Hala zioen: “Irudi hunkigarria izan da aste honetakoa: Kataluniako parlamentua zutik Els Segadors kantatzen erreferendum legea onartuta. Eta gu hemen, Euskal Herrian, elkarrekin kantatzeko ereserkirik gabe”.

Ez naiz sartuko euskal ereserkiaren (edota, bidenabar, izenaren, banderaren…) diskusioan. Besteak beste, iruditzen zaidalako, sinboloak inportanteak izanik, badagoela gauza inportanteagorik euskal estatu konfederatu zein Espainia konfederatu barruko Euskadi, Euzkadi, Euskal Herria, Nafarroa, Baskonia edo dena delako horren bidean. Adibidez, Euskal Herri osoko zenbat diputatuk ahalko lukete kantatu gaur egun Eusko Abendaren Ereserkia (Gora eta Gora), Gernikako Arbola, Eusko Gudariak, Ikusi Mendizaleak… lotsagarri geratu barik? Zenbatek ulertuko lukete letra?

Edozelan, eztabaida horretara iritsi bitartean, nire egiten dut, eta egunotarako nire himno lez hartzen dut, zenbait euskal kantari, musikari eta bertsolarik egin duten Lluis Llachen L’Estaca eta Gorka Knörren Agure zaharra euskarazko bertsioaren nahasketa ezin ederragoa. Badira mementoak, egunak, garaiak, gorputzak zer edo zer egitea eskatzen dizutenak; gogoa daukazunak gainezka egingo duen itsasoan ur tanta bat gehiago izateko; zeuk ere tiraka egiteko beharra sentitzen duzunak. Askoz gehiago ezin, eta (maketatzaile, zuzentzaile eta enparauen baimenarekin), hona hemen, idatziz, bi kanta, bi herri eta bi hizkuntza estekatuta:

L’avi Siset em parlava

de bon matí al portal

mentre el sol esperàvem

i els carros vèiem passar.

Ez al dek, gazte, ikusten gure

[etxola zein dan?

desegiten ez badugu, bertan

[galduko gera.

Baina guztiok batera

[saiatu hura botatzera,

usteltzen hasita dago-ta,

[laister eroriko da.

Si jo l’estiro fort per aquí

i tu l’estires fort per allà,

segur que tomba, tomba,

[tomba,

i ens podrem alliberar.

Però, Siset, fa molt temps ja,

les mans se’m van escorxant,

i quan la força se me’n va

ella és més ampla i més gran.

Usteltzen badago ere, karga

[badu oraindik,

berriz arnasa hartzeko

[esaigun elkarrekin:

Baina guztiok batera…

Si jo l’estiro fort per aquí…

L’avi Siset ja no diu res,

mal vent que se l’emportà,

ell qui sap cap a quin indret

i jo a sota el portal.

Haur batzuk ikusten ditut eta

[inguraturik,

aitona zaharraren kanta nahi

[diet erakutsi:

Baina guztiok batera…

Si jo l’estiro fort per aquí…

Baina guztiok batera…

Si jo l’estiro fort per aquí…