Erabakitzearen alde, busti

Erabakitzearen alde, busti

Natalia Salazar Orbe

Erabakitzeko eskubidea babesteko jarduerek ez dute etenik. Kataluniako prozesua defendatzeko ekitaldi ugari antolatu dira, eta, Euskal Herrian ere, Gure Esku Dago-k azaroaren 5erako hainbat herritan deitu dituen galdeketen aldeko aldarrikapenez josita datoz hurrengo orduak. Dinamikak berak antolatutakoez gain, bada bestelako herri mugimenduek bultzatutako babes ekitaldirik ere. Algortan antolatu du bat Itsasoruntz ekimenak. Bihar goizerako egin du deialdia. 11:00etan elkartuko dira, Portu Zaharrean. Surf oholak eskuan, Gure Esku Dago-ren ikur den eskua irudikatuko dute. Helburua argia da: “Getxon zein Uribe Kostako beste herrietan egingo diren herri galdeketei sostengua adieraztea”. Surflariek zein surflari ez direnek ere parte har dezakete deialdian. Surf oholak eta trajeak euren esku izango dituzte bertan. Kamiseta berdea ekartzeko eskaera egin dute. Dantzek, bertsolariek eta musikak lagunduta egingo dute ekitaldia.

Pozik hartu du ideia Getxoko Gure Esku Dago dinamikak. Hala azaldu du Mariasun Monzon kideak: “Oso garrantzitsua da Itsasoruntz-ek antolatu duen babes ekitaldia, herritik sortutako ekimena delako. Guk ezer mugitu gabe herriko taldeak gerturatzen zaizkigu galdeketaren alde gauzak antolatzeko. Errugbi taldekoek ere antolatu zuten babes ekitaldi bat euren kabuz. Hori herriaren inplikazioaren adierazgarri da, eta oso garrantzitsua”.

Igandean aurkeztuko dute azaroaren 5erako prestatu duten galdera. Adostua dute jada, eta Kataluniari babesa agertzeko antolatu duten ekitaldi batean jakinaraziko dute: 13:00etan, Telletxen.

Orain artean herrian garatu duten prozesuari buruzko balorazio baikorra egin du Monzonek: “Herritarren %11k babestu zuten galdeketa. Sinadura bilketarekin aurreikusi genuena baino askoz babes handiagoa lortu genuen. Eta hori termometro bat da. Emaitza ez da izugarria izango, baina ziur gaude ezarri dugun erronka lortuko dugula”.

Sektore guztiak inplikatzea izan da euren helburu nagusia. “Nabari da mota guztietako jendea dagoela inplikatuta. Eta beste asko ari dira inplikatzen. Susmo ona daukagu”.

Galdakaon ere igandean aurkeztuko dute asteon adostu duten galdera. Getxo, Leioa, Berango, Erandio, Mundaka, Ibarrangelu, Elantxobe, Areatza eta Atxondoren antzera, azaroaren 5ean egingo dute galdeketa han ere.

Bestalde, joan den larunbatean erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestua irakurri zuten herriko ia 70 zinegotzi eta zinegotzi ohik. Herri galdeketak jo zituzten tresnarik egokientzat herritarren borondatea modu demokratikoan adierazteko eta erabakitzeko eskubidea betetzeko. Eguzkiñe Gezuraga Galdakaoko Gure Esku Dago dinamikako kidea da. “Garrantzitsua iruditu zitzaigun herrian ordezkaritza izan duten pertsonek atxikimendua adieraztea. Balorazioa oso ona da. Erantzuna oso ona izan da”.

Galdakaoko herritarrak soilik daude deituta galdeketara. Usansolok erabaki du oraingoz dinamika horri ez heltzea. Hala, 16 urtetik gorako 20.000 biztanle inguruk izango dute bozkatzeko eskubidea. Galdeketa babesteko, 3.000 sinaduratik gora lortu dituzte; boto eskubidea dutenen %15ek eman zioten babesa, beraz. Beldurrez hasia zuten prozesua, baina, emaitza hori ikusita, atzera egiterik ez zutela jabetu ziren.

Hastapenetan argi zuten helburu indartsu bat ezarri behar zutela. “Ikusi genuen Gure Esku Dago-ren Euskal Herri mailako antolakuntzak ez zuenean ezartzen helburu amankomun bat —giza katea edo estadioak betetzea, kasurako—, alegia, herrira mugatzen ziren ekimenetan, indarra galtzen genuela”. Helburu indartsu gisa galdeketa egitea zuten denek buruan, baina ez zitzaien iruditzen “erreala”.

Hala ere, herrian giroa berotzen ari da. “Jendea hasi da boluntario gisa aurkezten”. Kataluniako gertakariek, gainera, haserrearazi egin dituzte herritarrak. “Askok pentsatu dute: ‘Ezin izango dugula egin? Bada, ikusiko duzue zelan egingo dugun'”.

Erandion, joan den larunbatean aurkeztu zuten galdera: “Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?”. Ideologia ezberdinek bat egiteko zoru komuna ezarri dute hala. Angel perez Sanchezek azaldu du: “Denetariko pertsonak elkartu gara. Horregatik adostu dugu galdera oso zabala, Erandion nola erabaki gura dugun jakiteko”.

Manifestaziorako deia

Denek ala denek azpimarratu dute bihar arratsalderako Gure Esku Dago-k Bilbon antolatu duen manifestaziora joateak zer garrantzi duen. “Hemen beste une batean gaude, baina prozedura ia berdina izango da. Herritarren artetik ateratako asmoarekin ea noraino iristen garen. Zaila izango da, baina baikorrak gara”, Sanchezen arabera. Kataluniari babesa agertzea oso inportantea dela deritzo Monzonek. Bestalde, Gezuragak uste du Kataluniaren aurka Espainiako Gobernua erakusten ari den jarrera beste edozein herriren aurka erakuts dezakeela. “Gauza asko entzun ditugu: armarik gabe dena konpon daitekeela… demokrazia eta zuzenbide estatua gora eta behera ibili dituzte ahotan. Baina benetan ezin dugu esan zer nahi dugun. Oinarrizko gauza bat da, eta ez digute uzten aurrera egiten. Geure burua defendatu behar dugu. Kataluniari gertatu zaio orain, eta guri ere gerta dakiguke. Gure elkartasuna behar dute. Herrien arteko elkartasunik gabe zer geratuko litzaiguke?”. 17:30ean aterako da manifestazioa, Casilla plazatik.