Bizitzeko hiria eraiki nahian

Bizitzeko hiria eraiki nahian

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Salaketa bat: “Nortasunik gabe geratzen ari da Bilbo”. Konponbide bat jarraian: “Eskatu eta aldarrikatzeaz harago, guk geuk ekarpena egin nahi dugu hirian, herritarrena den Bilbo bat eraiki nahi dugu guk ere. Baina, horretarako, beharrezkoa da auzokideen hitza aintzat hartzea”. Bat datoz Javier Perez Abandoko foro herritarreko kidea, Maria Pilar Arias Olabeaga Bizirik plataformako kidea, Carlos Ruiz Gure Etxea Uribarri elkarteko kidea eta Cristobal Rivera Otxarkoagako Familien Elkarteko kidea. Hiri bereko bizilagunak dira laurak, baina errealitate ezberdinak dituzte. Hiri eredua birpentsatu behar dela diote herrikideek, eta beraien hitza aintzat hartzeko besterik ez diotela eskatzen Bilboko Udalari; alegia, hiria hiritarrekin batera eta hiritarrentzat egitea. Norabide horretan jarraituko dute auzo elkarteek lanean. “Elkartuta indartsuagoak gara”.

Hiriburuko auzo elkarte eta eragile sozialekin batera mobilizazioa egingo dutela iragarri du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak asteon. Elkartea kritiko azaldu da udalak deitzen dituen eta “ezertarako balio ez duten” parte hartze foroekin. Auzoetako eskaeren aurrean Bilboko Udala “entzungorrarena” egiten ari dela salatzeko eta “bizitza kalitate hobea duen Bilbo” aldarrikatzeko, hiriburuko elkarte eta gizarte eragileen artean indarrak bilduko dituztela azaldu du federazioak. Esandakoarekin bat datoz Perez, Arias, Ruiz eta Rivera ere, baina erroetara jo dute mahaiaren bueltan eseri eta berehala.

Erdiak, kanpoaldean

Auzoetara begira jarri aurretik hainbat datu eman ditu Ruizek. “Bilboko bizilagunen %50 mendi magalean dauden auzoetan bizi dira; hots, periferian daudenetan. Gainera, hiriburuko populazioa gero eta zaharragoa da: gaur egun, 65 urtetik gorakoak dira biztanleen %29”. Jarraitu du hizketan. “Baldintza horiek aintzat hartuta, erdigunetik gero eta urrunago bizi, orduan eta bizi kalitate eskasagoa dago”.

Betolaza, Mintegitxueta (Monte Caramelo), Masustegi eta Buia dira, Ruizen arabera, baldintzarik okerrenak dituzten auzoak. “Ez dago han bizitzerik. Etxebizitzak oso gaizki dituzte, zaharkituta, eta ez zaie berritzerik egin. Irisgarritasuna ere oso txarra da”. Betolaza auzoaren goiko aldera iristeko 350 koska igo behar direla dio. “Garraio publikoa defizitarioa da oro har, eta, zerbitzuei dagokienez, zer esan, oinarri-oinarrizkoa dute: eskolak eta anbulatorioak”.

Hitza hartu dio Riverak, berehala. “Nik urrunago joko nuke. Uste dut Bilbo-dekoratu bat egin dela: Terra Mitica bat turistentzat. Guztia, lehen industria eta portu jarduerak ziren tokian. Industria eta lana galdu ditugu, eta turismoari begirako ekonomia ezarri”. Ostalaritzari lotutako lanak direla prekarioenak, hala azpimarratu du Riverak. Bat dator Ruiz: “Industriak sekulako beherakada izan du hiriburuan eta inguruko herrietan. Uste dugu denok pintxoen salmentarekin eta tabernetako terrazan saldutakoekin biziko garela. Argi dago Bilbon baliabide eta gaitasun nahikoa daudela bestelako ekonomia eredu bat ezartzeko, baina ukatu egiten dira”. Errealismoz eta ironiaz erantzun dio Riverak, irriz. “Pentsa, itsasontziak ere lapurtzen dizkigute!”. Naval ontziolan eraikitzen ari diren kableontzia eramaten saiatu zen armadorea joan den astean.

“Bizitza berreskuratzeko”

Ontziolak duen egoera jarri du, Otxarkoagako auzokideak, ekonomiak duen egoeraren isla. “Hiriburuan enpresa asko joan dira pikutara azken urteetan”. Otxarkoagako auzokidea da Rivera, eta auzoan enpleguari dagozkien gaietan sentsibilizazio berezia dutela aitortu du. “Gurea langileen auzoa izan da historikoki”. 1960ko hamarkadan sortu zen auzoa, frankismo betean, eta Bizkaiko hiriburura iritsitako beharginak pilatu ziren bertan. 1981ean, etxebizitzak eraberritzeari ekin zioten. “Irisgarritasunarekin arazoak ditugu. Etxebizitzetan igogailuak jartzeko lanean ari gara orain, eta plan bat ere aurkeztu dugu udalean”.

Baina igogailuena ez da arazo bakarra. Riverak ohartarazi duenez, etxebizitzek berriz konpontzeko premia dute. 1981ean berritu ziren zortzi etxe dorre berriro berritu behar dira, eta dorre bakoitzeko milioi erdiko gastua egin beharra dago. Auzokide askorentzat ordaindu ezineko dirutza eskatzen du horrek. Kontuan hartu behar da, azken ikerketen arabera, mila eurotik behera kobratzen dutela Otxarkoagako biztanleek, batez beste. Diru laguntzak lortzea ere ez dutela batere erraza azaldu du Riverak. “Oso baldintza zorrotzak jartzen dituzte”. Laguntzak Madrilen eskatu behar dituztela azaldu du; zati bat diru laguntzen bidez ordaintzen dela, eta gainontzekoa, maileguen bidez. “Udalak ez du ezer egiten”.

Hamarkadetan etxebizitzak eraiki eta banatzeko erabili izan diren irizpideek auzoen arteko desoreka areagotu egin dutela ohartarazi du Otxarkoagakoak. “Guk badaukagu bereizgarri bat: 3.600 udal etxebizitza eraiki zituzten, eta urte askotan hor sartzen zituzten sozialki beheko katean zeuden pertsonak”. Luzaro mantendu den ondorio bat eragin zuen horrek: “Marjinazioa kontzentratu egin da”.

Ekipamenduak ere eskatzen ari dira Otxarkoagan 2012tik. Riverak azaldu duenez, merkataritzarako espazioak beharrezko bihurtu zaizkie auzoan. “Banketxe eta dendak jartzeko gunerik ere ez dugu, ezta taberna eta jatetxeak jartzeko ere”. Bizitza ekonomikoa eta soziala berreskuratzeko beharrezkoak direla dio. Beste hainbat tokitan gehiegizko ostalaritza arazo bada, faltan sumatzen dute Otxarkoagan. Edonola ere, bestelako zerbitzuak ere faltan dituztela azpimarratu du Riverak. “Kiroldegia eraikitzea, kasurako, 1995eko HAPOan jasoa dago, eta oraindik ez da egin. Dirurik ez dagoela esan digute behin eta berriz. Orain, aldiz, aurrekoa bete gabe dagoela, beste HAPO bat eztabaidatzen ari gara”.

Olabeagan ere antzera dabiltza. Auzoan apenas duten dendarik. “Denetatik duen okindegi bat besterik ez dugu auzoan”. Auzoaren defentsak behartuta sortu zen Olabeaga Bizirik plataforma, 2003an. Bilboko Udalak hiribururako sarrera eraiki nahi zuen bertan, eta lanak gelditzeko elkartu ziren bizilagunak, Ariasen hitzetan. “Auzoa txikitu nahi ziguten”. Lortu zuten azpiegitura erraldoia geratzea, eta, ordutik, zerbitzuetan eta garraioan jarri dute fokua. “Apenas dugun garraio publikorik”. Azken urteetan Bilboko Udalarekin dituzten harremanak hobetu egin direla dio plataformako kideak, eta pixkanaka eta batzuetan berandu bada ere eskatu dituzten hainbat neurri ezarri dituztela. Bilboko hegoaldeko tren saihesbidea lurpetik joatea adostu berri dute, esaterako.

Eztabaida prozesuan dagoen HAPOan auzoari onurak ekarriko dizkioten hainbat neurri hartu direla uste du Ariasek. Albotik bota dio Ruizek: “Zuei, Olabeagan, ondare industriala ere kendu dizuete eta!”. Piztu da bat-batean Arias. “Bai, egia da hori. Begira, nik errespetatu eta ulertzen dut herritarrak gustura egotea itsasadarraren bazterrean terrazak dituzten tabernetan. Baina guri sekulako disgustua eman digute”. Euskalduna ontziolaren zamatoki zenaren gainean porlanezko plataforma bat jarri zuen duela urtebete Astillero tabernak. “Bilboko Udalean kexatu ginenean hauxe erantzun ziguten: ‘Harriak besterik ez dira'”.

Iraganarekiko errespetua

“Zuentzat zer ziren, bada, harri horiek?”, galdetu dio Perezek Ariasi, ezjakintasunez. “Guretzat auzoa dira harri horiek guztiak, gure iraganaren eta gure identitatearen parte. Hori suntsitu digute”. Bilboko Udalak ez du hori ulertzen, ordea. Abando auzoa zerbitzuei lotutakoa da zuzenean. Erakusten den Bilbo ederraren erdigunea da, eta hori salatu du Perezek. “Atrakzio parke bat dirudi denak, eta nortasunik ez duten inguruak sortu besterik ez dute egiten”. Epe laburrean Iparragirre kalea oinezkoentzako bihurtu nahi zutela-eta bildu zituen udalak Abandoko auzokideak duela gutxi. “Egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko eskatu genien. Asfaltoa jartzetik harago, egitasmoaren eragina ere aztertua zuten ala ez ezagutzeko. Ba, ez ziguten ezer esan”.

Erantzukizun falta. Bi hitz horiekin azaldu du Perezek erakundeek duten jarrera. “Sentipena dut gauzak egiten direla egiteagatik, eta azpiegiturak eraikitzeko kontratuak ere arinkeria handiarekin egiten direla”. Termibus autobus geltoki berriko lanak jarri ditu adibide gisa. “Orain dagoen behin-behineko geltokiko txarteldegia bizilagunen etxe bloke batean sartu dute, eta autobusen joan-etorriekin ere ernegatuak dituzte auzokideak. Izugarria da”.

Lehentasunak eta oinarriak

“Guk Bilbo egin nahi dugu. Baina hiri izateko lehen oinarria da jendea bizi den habitata izan behar duela. Hori ardatz gisa hartzen bada, negozioa eta aisialdia bigarren mailara pasatu behar dira, derrigorrean”. Lehentasunen hierarkizazioa egitea beharrezko ikusten du Perezek, eta, horretarako, ezinbestekotzat du gaur egun agintzen duen ekonomia eredua baztertzea. “Ekonomiak epe laburreko joera hartu du, eta hirian ere hala jokatzen dugu. Arkitektonikoki, epe laburrerako egitasmoak egiten direla esango nuke, epe luzeko proiektuetan indar egin baino”. Funtziorik gabeko eraikinak egiten dituztela dio Perezek, eta etxebizitzak ere gero eta kalitate txarragokoak egiten direla. Bat egin dute gainontzekoek ere.

Miribillako frontoia hartu du, horren harira, Riverak. “Arbelekin eraiki zuten, eta erori egin zaizkie. Okerrena da berdin gertatu zitzaiela Txurdinagako auzo etxean”. Ruizek jarraitu du zerrenda egiten: “Arangoitiko igogailuarenak ere ez du izenik, beti dago hautsita. Azpiegiturak egiten dira saltzeko ala espektakulurako. Kalkulu baten arabera daude eginda, eta ez behar direlako”.

Udalak azpiegiturak eraikitzeko erabiltzen duen politika izan du jo-puntuan Ruizek. “Udala eraikuntza enpresen menpe dagoen erakunde bat da. Ez du ezer egiten presioa dagoela nabaritzen ez baldin badu”. Publiko eta pribatuaren arteko harremanean, Bilbon pribatua gailentzen dela ohartarazi du. Adjudikazioak ere horrela egiten direla, diruak mugituta. “Gerora arazoak sortzen dira, eta etengabe berritu behar dira”. Uribarriko eskailera mekanikoak ere izan ditu hizpide. “Oraindik ez dut ezagutu denak ondo dabiltzan egunik. Halako azpiegituretan etengabe konpontzeko lanetan aritzeak izugarrizko gastua sortzen du”.

Uribarrin ere irisgarritasun arazoak dituzte aspaldidanik. Aldapan gora eraikitako auzo gisa ezagutzen dute askok, eta Artxandako funikularrak arazoak arindu ditzakeela uste dute auzokideek. “Funikularrak egiten duen bidearen erdigunean geltokia jartzea aldarrikatzen gabiltza aspaldidanik. Lezamako Bide Zaharrean geldialdia eginez gero, bertan bizi diren 3.500 herritarrek erabiliko lukete”. Bi arazo konponduko lituzke neurri horrek, Ruizen arabera. “Gaur egun, defizitarioa da funikularra, eta, auzokideen erabilerarekin, finantzaketa hobetuko litzateke. Bestetik, edozein gestio ala erosketa egin behar duten auzokideek, autoa hartu beharrean, garraio hori erabiliko lukete”.

Autoak eta aparkalekuak

Aparkalekuekin ere arazoak dituzte Uribarrin. “7.000 toki ditugu auzoan, eta 32.000 auto daude matrikulatuta”. Ruizek argi du: kale eta auzoetan herritarrek, hots, oinezkoek izan behar dute lehentasuna, eta autoen presentzia bigarren mailara igaro behar da. Baina egiten diren mugikortasun planek aintzat hartu behar dute autoekin dagoen arazoa, eta, azaldu duenez, halako planak auzoko errealitatea kontuan hartu gabe marrazten dira.

Castaños kalea jarri du adibide gisa. Orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarri zuten uztailean, Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan dagoen neurri gisa. “Semaforoak kendu, eta urdinez marraztutako oinezko pasabideak jarri dituzte, hain justu itsuak diren sei bizilagun dauden eremu batean. Semaforoen soinuaz gidatzen ziren bidea gurutzatzeko; zer egin behar dute orain?”. Auzoak ezagutzea eta bertan dauden bizilagunen beharrak aztertzea beharrezkoa dela dio Ruizek. “Bilbon 500 itsu daude, eta horientzako den hiriburua ere egin behar da”.

Aparkalekuen arazoa badute Abandon ere, Perezen hitzetan. “Azterketa bat egiten gabiltza gure kabuz, aparkalekuen arazoari heltzeko. Egia esan, lur azpian daudenak ezagutu ere ez ditugu egiten, eta horien gaineko ikerketa bat esku artean izatea interesgarria litzateke, badagoelako lur azpiko Bilbo bat ia ezagutu ere egiten ez duguna, baina existitzen dena”.

Ariasek irriz erantzun dio Perez eta Ruizek aparkalekuen arazoarekin erakutsitako kezkari. “Zatozte Olabeagara Athleticen partida dagoen egun batean, eta saia zaitezte autoa auzoan uzten”. Irriz jarraitu du Olabeagako auzokideak. “Lehen, sikiera, espaloiak errespetatzen zituzten, baina orain kaos hutsa da”.

Etorkizuneko planari begira

1995ean onartu zuen Bilboko Udalak azken HAPOa, eta datozen urteetako Bilbo definitzeko egitasmoan dago murgilduta orain. Baina mesfidati daude auzotarrak. Ruiz ziur dago orduan gertatu zena errepikatuko dela: “200 ekarpen aurkeztu genituen auzo elkarteek, baina, gerora, udalak planaren 600 moldaketa egin zituen, eta gure iritzi eta proposamen guztien gainetik pasatu zen”. Oraingoan, 400 ekarpen dituen txostena aurkeztu du auzo elkarteen federazioak. “Ikusiko da zer gertatuko den”. Ruizen ustez, HAPOa zehazteko udalak bultzatzen dituen parte hartze prozesuek “ez dute ezertarako balio”. Bat egin dute gainontzekoek ere. “Nik sentipena dut kolpe leungailu moduan erabiltzen dituztela parte hartzeko batzordeak, aldarrikapenak geratzeko tresna gisa”, zehaztu du Perezek.

Badira hilabete batzuk Bilboko Udalak HAPOaren eztabaida faseak izan duen parte hartzearen inguruko datuak eman eta balorazioa plazaratu duela. Pozik azaldu dira udal ordezkariak, “600 agentek baino gehiagok” parte hartu dutelako, era batean ala bestean. “HAPOa egiteko abiapuntua bera ere okerra da”, dio, ordea, Ruizek. “Planaren aurreproiektua Bartzelonako tekniko talde batek egin du. Zer dakite beraiek Bilbori buruz?”.

Eztabaida horren erdian, herritarren parte hartzerako araudia aldatu zuen Bilboko Udalak martxoan, eta aldaketa “atzerapausotzat” jo dute auzo elkartekoek. Barrutietako Kontseiluetan auzotarren parte hartzea bultzatzea funtsezkoa da elkarteko kideentzat, eta iruditzen zaie indarrean dagoen prozedurak ez duela hori ahalbidetzen. Bost proposamen egin zituzten auzo elkarteetako kideek: Barrutietako Kontseiluetan auzotarren presentzia handitzea, “talde politikoen ordezkaritzarekin parekotasunean” aritzea, murrizketarik ez egitea, erabakiak hartzeko “konpetentzia erreala eta baliabide teknikoak” izatea, boto eskubidea izatea, eta, azkenik, barrutiak berrantolatzea, egungo osaketa desorekatuta dagoela uste dutelako.

Eraiki nahi den AHTaren tren geltokiaren egitasmoa aipatu du Riverak. “HAPO berria aplikatzean egoerak ez du hobera egingo. Abandon, geltokia lurperatzen dutenean, izugarrizko espekulazioa sortuko da”. Ruizek azaldu du gauza bera nabari duela Zazpikaleetan. “Lehen eraikin historiko bat zegoen tokian Zara denda bat jarri zuten”.

Auzoetan bizi dituztenei buruzko hausnarketak partekatu ondoren, Aburtori dei egin diote, zuzenean: “Egiten ditugun ekarpenak entzun behar ditu; bestela ez gaitzala deitu parte-hartze prozesuetara joateko. Gu ez gaude eskatzeko soilik, guk ere bultzatu nahi dugu bestelako Bilbo bat, eta ostalaritzara mugatuko ez den ekonomia sortu nahi dugu. Kanpotik datozenei zerbitzua ematetik harago doan hiriburua eraiki behar dugu”. Eta horretarako bidea marraztua du, dagoeneko, Bilboko auzo elkarteen federazioak: eragile sozialekin eta federazioan ez dauden gainontzeko auzo elkarteekin harremanak landu, eta “bestelako Bilbo bat” aldarrikatzeko protesta eta presioa egingo du datozen hilabeteetan.