Familian, liburu artean

Familian, liburu artean

Olaia Zabalondo

Gurasoen, seme-alaben eta liburuen arteko kalitatezko ordu bat eskaintzen du Kontuleku egitasmoak. Helburu asko ditu tailerrak; nagusietakoa, haurren artean literatura zaletasuna piztea.

Bizkaiko hainbat herritan da ezaguna: Bermeon, Gernika-Lumon, Berrizen, Sestaon, Ortuellan, Gorlizen, Lemoizen, Armintzan eta Urdulizen, besteak beste. Zornotzako Kontakatilu antzerki taldea arduratzen da tailerra eskaintzeaz. Bertako kide Aitor Ormaetxea da, Kontuleku tailerra eskaintzen duen aktoreetako bat, eta ipuinak, olerkiak eta abestiak ditu tailerretarako oinarri.

Bai Ormaetxeak eta bai bere kideek saioetan erabiltzen dituzten ipuinak mezuz beteta daudela azaldu du aktoreak. Hain zuzen, mezu horiek umeengana heltzea da tailerraren beste helburuetako bat. Edozein gai erabil daiteke ipuinak kontatzeko. Ormaetxeak heriotza aipatu du, adibidez: “Gai tabua da batzuentzat, baina emozioei aurre egiten ere ikasi behar da; hortik ikasten dugu denok”. Ipuinetako mezu asko gurasoentzat ere badira, aktorearen esanetan: “Mezuak, emozioak bezala, unibertsalak baitira; tristura hemen eta Txinan berdina da, nahiz eta kudeaketa, agian, ezberdina izan”.

Era berean, umeak liburutegietara hurbiltzeko ohitura hartzea ere gura dute; hau da, “umeak liburutegietako bazkide potentzialak bihurtzea”.

Bestalde, Kontuleku tailerraren bitartez, umeen eta gurasoen arteko harremanak ere sendotu gura dituzte. Guztiek aktiboki parte hartzen dute tailerrean.

Baita hortik kanpo ere. Tailerrean tresnak ematen dizkiete gurasoei, gaiak ondoren etxean seme-alabekin lantzeko. Tailerraren bitartez gurasoei argi utzi gura diete ipuinak kontatzeko ez dela beharrezkoa aktorea edota ipuin kontalaria izatea: “Gure aitona-amonek ipuinak kontatzen zizkiguten moduan egin dezakegu guk ere. Nik, liburua hartu, eta irakurri egiten dut, tarteka interpretazioren bat edo beste sartuta”. Bat-batekorako aukera ere badagoela dio, umeak “naturalak” direlako, “kutsatu” barik daudelako. Gauza horiek guztiak kontuan hartuta, gurasoek ipuinak kontatzeko eredu bat edo beste hartzen dute, “edozeinen esku baitago ipuinak irakurtzea”.

Gurasoek tailerrean emandako jarraibideak betetzen dituzten ez dakiela dio Ormaetxeak, baina jakin badakiela umeak etxean eurak imitatzen ibiltzen direla, bakoitzak bere etxean Kontulekua sortuta.

Bi taldetan

3 eta 7 urte bitarteko umeentzako egitasmoa da, eta bi taldetan banatzen dituzte parte hartzaileak; alde batetik, 3 eta 4 urteko umeen taldea egoten da. Beste alde batetik, 5, 6 eta 7 urtekoen taldea dago.

Bederatzi saio eskaintzen dituzte, eta astean behin batzen dira. Askok errepikatu nahi izaten dute. “Umeak inoiz ez dira nekatzen”. Baina izena emateko orduan, beti lehentasuna ematen diete Kontuleku tailerrean inoiz parte hartu ez dutenei.

Saio bakoitzean ipuin bat, olerki bat eta abesti bat lantzen dituzte. Amaieran, taldeko guztiek gustukoena izan dutena aukeratu behar dute: dinamizatzaileak berak, gurasoek eta umeek. Bestalde, hamar minutu izaten dituzte umeek euren kabuz liburutegiko liburuak aztertzeko. Tarte horretan, Ormaetxea gurasoekin geratzen da, zalantzak argitzeko edota interesgarriak izan daitezkeen artikuluei buruz mintzatzeko.

Eskaera gero eta handiagoa da. Gurasoak eta seme-alabak elkarrekin egoteko ordu bat eskaintzen du tailerrak, eta ez dira horrelako ekintza asko egoten. Kontulekutik “denak pozik” ateratzen dira. Herri guztietan errepikatu nahi izaten dute, eta tailerrean parte hartzeko itxaron zerrendak egoten dira, taldeak mugatuak izaten baitira. “Jendea gustura aritzen da, eta, beraz, ahoz ahokoak ondo funtzionatzen du”, dio Ormaetxeak.

Une “dibertigarriak”

Kontuleku tailerraren berri eduki zuenean egitasmo “polita” zela iruditu, eta parte hartzea erabaki zuen Nuria Sanchez bermeotarrak; bere semeak 5 urte zituen. “Liburuak eta ipuinak tresna izanik, umeak eta biok elkarrekin ondo pasatzeko aukera izango genuela pentsa nuen”.

Sanchezen arabera, liburuen eta ipuinen irakurketaren bidez umeek eta gurasoek elkarrekin une “dibertigarriak eta politak” bizi ahal dituztela erakusten du Kontulekuk: “Gurasoei zein seme-alabei liburuen magia erakusten die, bai eta liburutegian liburu magiko asko aurki daitezkeela ere”.

Tailerrean parte hartu aurretik semeari ipuinak kontatzeko ohitura bazuela dio Sanchezek, baina Kontulekuk ohitura hori “sendotu eta indartu” diela.

Saioak “arinak eta atseginak” dira, haren hitzetan. “Barre piloa egiten dugu”. Hala, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak sendotzen diren bitartean, irakurzaletasuna txikitatik sustatzeko balio duela seguru dago. Eta gomendagarria dela: “Guretzat, bai niretzat eta bai nire semearentzat, esperientzia oso aberasgarria izan zen. Oso ondo pasatu genuen, eta, egia esan, oso oroitzapen politak dauzkagu”.

Gaur egun, Sanchezen semea bideo jokoen zale amorratua bada ere, gauean liburu bat irakurtzea gustuko du.

Izena emateko garaia

2017-2018ko ikasturtea hasita, Kontulekuren ikasturtea ere hastera doa. Urrian hasiko dira lehenengo taldeak, eta abendura bitarte izango dira. Beraz, interesa duten horiek guztiek tailerra eskaintzen duten herrietako liburutegi, udal edota kultur etxeetan eman beharko dute izena.

Normalean ikasturtean bederatzi saioko hiru tailer egiten dituztela azaldu du Ormaetxeak. Hortaz, orain lekurik ez daukatenek Gabonen ostean eduki dezakete beste aukera bat, eta beste bat Aste Santuaren ostean.