Ekonomia suspertu eta turismoa erakartzeko bidea landu du Elantxobek

Ekonomia suspertu eta turismoa erakartzeko bidea landu du Elantxobek

Natalia Salazar Orbe

Aldapan behera kokatuta, itsasora jaisten den sakonunean dago Elantxoberen bihotza. Xarmaz beteriko herria da, baina deserosoa ere suerta daiteke herritarren egunerokorako. Gora eta beherako ibilbide malkartsuei aurre egin behar diete, egunero. Oztopo horri aurre egiteko konponbideak eta herriaren ekonomia suspertzeko baliabideak martxan jartzeko plana du udalak. Gaur egungo elantxobetarren egunerokoa aldatzeko proiektu anbiziotsu baten nondik norakoen berri eman du; besteak beste, maldari aurre egiteko igogailua jartzeko aurreproiektu baten azterketa eskatu dute. Horrez gain, antzinako aterpetxeko eraikinean hutsik geratu diren espazioak alokairuan emango dituzte. Guneok itsasoaren sektorera eta zerbitzuetara bideratutako jardueretarako erabili beharko dira.

Herriko Lurzoru Industrialaren Eskaintzaren 3. fasea zertan den azaldu berri du udalak, azken osoko bilkuran. Udal aterpetxearen jarduerari bukaera eman ondoren, eraikin horretan portuarekin lotutako jarduera ekonomikoak ezartzea aurreikusi dute. Herrian eragina izango duten jarduerak lehenetsiko dituzte. Gune horiek alokairuan atera aurretik, kontuan hartuko dute aterpetxearen eraikina atzeratzeko aurreproiektua. Izan ere, Kosta Mugapeak Elantxoben itsas pasealekua egiteko proiektua aurreikusi du. Eta udalak konpromisoa hartu du antzinako aterpetxea atzeratzeko. Ura agentziak eta aldundiak eskatutako baldintzak betetzeko lanean ari dira. Denera, 11 gune jarri dituzte alokairuan. Horietako batean kokatuko dute Ermintxo Elantxobeko Kirol Enbarkazioen Elkartea.

30 urteko kontzesioak egingo dituzte. Alokairuak emateko orduan, kontuan hartuko dituzte guneak herriko jarduera ekonomiko baterako edo portuarekin lotutako jarduera ekonomikoetarako erabiliko dituzten eskaerak. Eta laguntza emango diete herrian erroldatutako jarduera ekonomikoei edota pertsona juridikoei. Alokairuak eskatzeko epea zabaldu dute berriz ere.

Portutik herriaren goialdera arteko igogailuaren proiektuari dagokionez, hastapenetan besterik ez dago. Oraingoz, berau jartzeko aurreproiektuaren azterketa agindu dute. Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari laguntzak eskatuko dizkio udalak. Proiektuaren arabera, igogailuak ibilbide bertikala izango du Makues erretegitik begiratokira arte. Begiratokitik portuko latsarrirako tartea inklinatua izango da.

Ibilbideak

Herritarren ongizatea eta turismo jasangarria dituzte ardatz martxan jarriko dituzten beste bi proiektuk. Mugikortasun aktiboa sustatzeko ibilbide osasungarria eratu dute. Herriko maldak leuntzeko baliagarria izango da.

Bestalde, kalitatezko turismoa erakartzeko asmoz, herria oinez zeharkatu eta ezagutzeko zenbait ibilbide osatzeko plana garatu dute. Baliabide eta ibilbide naturalak eta tematikoak, kulturalak eta historikoak identifikatzea da asmoa.

Herriko ondareari ere erreparatu diote. Foru aldundiak ondare balioa duten partikularren eraikinak berritzeko diru laguntzak onartu dituela gogorarazi dute. Laguntzok eskatu behar dituzten herritarrei eskaera prozesuan laguntzeko prest azaldu da udala.