Deustuko Gazte Lokala bota, eta etxebizitzak egin nahi ditu udalak

Deustuko Gazte Lokala bota, eta etxebizitzak egin nahi ditu udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Deustuko Gazte Lokaleko kideek aurreko astean jakinarazi zuten Bilboko Udalak eraikina husteko agindu diela. Irailaren 8an jakinarazi zien, idatziz, 26 urteko bizitza duen gune autogestionatua utzi behar dutela; sorpresaz hartu zuten. Aste honetan, gaiaren inguruan hitz egin du udalak Hirigintza batzordeari buruzko informazioa emateko agerraldian. Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak berak egin zuen azalpenak emateko agerraldi eskaera, eta ezusteko albistea eman zuen. Udalak Gazte Lokalaren eraikina eraisteko asmoa duela eta bertan etxebizitzak egingo dituela azaldu zuen, argi.

Egitasmoa zehaztua dutela adierazi du zinegotziak. Egun gazte lokala dagoen eraikina eraitsi egingo dutela esan du, eta beste eraikin bat egingo dutela botatakoaren lekuan: sotoa, beheko solairua eta beste lau altuera izango dituen eraikin berria. Lau solairu horietan etxebizitzak egingo dituzte. Abaunzaren esanetan, babestutakoak izango dira etxebizitza horiek, baina ez du zehaztu zer-nolako babesa izango duten. Edonola ere, proiektu osoa etxebizitza horietatik jasotako diruarekin ordainduko dela adierazi du.

Halere, gazteek lekua izango dutela esan du. Abaunzaren hitzetan, sotoa eta beheko solairua udal jabetzakoak izango dira, eta gazteentzako gordeko dute gune hori, bertan kultur eta gizarte alorreko jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Are gehiago, leku hori gazteek berek autogestiona dezaketela esan du hirigintza zinegotziak: “Helburua orain arteko berbera da; gazteek jarduera soziokulturaletarako erabil dezatela, baina arazoak ahalik eta gehien murriztuz”. Horretarako, gazteentzako gunea akustikoki isolatuko dutela azaldu du, eta “gutxieneko baldintza batzuk” betearaziko zaizkiela erabiltzaileei.

Adostutakoa bete gabe

Hain zuzen, zinegotziaren esanetan, gazteek adostutakoa ez betetzeagatik hartu du erabakia Bilboko Udalak. “Hitzartutako arautegia ez zen betetzen ari, eta eremu publiko horren ekipamendua berritu nahi dugu”.

Gazte lokaleko arduradunek eta udalak hitzarmen bat egin zuten 2008an, eta gazteek 1991tik erabiltzen zuten gune hori kudeatzen jarraitzea baimendu zuten hala. “Akordioan zehazten ziren debekuak hautsi dituzte”, argudiatu du Abaunzak udalaren erabakia: “Ezin zuten ez alkoholik kontsumitu ez saldu, eta taberna egin dute. Ezin zuten kontzerturik egin, baina egin egin dituzte, eta, gainera, iragarrita. Ezin zuten egin auzokideen salaketarik eragingo zuen ekintzarik, eta salaketak jaso ditugu”.

Oposizioa ez dago ados

Gazteek harriduraz hartu dituzte zinegotziaren hitzak. Gezurretan aritzea egotzi diote, eta etxebizitzak egiteko trikimailuak erabiltzea. Baina ez gazteek bakarrik. Abaunzak Hirigintza batzordean bere asmoen berri eman zuenean, oposizioko talde guztien kritikak jaso zituen.

“Kaleratzea justifikatzeko salaketa txosten bat eraikitzea” egotzi dio EH Bilduren bozeramaile Aitziber Ibaibarriagak udalari: “Gazte batzuk kriminalizatzen saiatzen ari dira bere hirigintza proiektua egin ahal izateko”. Udalberriko Amaia Arenalek ere harridura azaldu du erabakiagatik: “Hustearen alde agertu diren EAJko ordezkariek gune autogestionatuen eredu gisa defendatu zuten Deustuko gaztetxea urtarrileko udalbatzan”.

Francisco Samir Lahdou Goazeneko bozeramaileak ere gezurretan aritzea egotzi dio udalari: “Nire ama gazte lokalaren pareta ondoan zuela bizi izan da, eta sekula ez du kexurik izan”. Tabernari dagokionez, Gazte Asanbladak “barra inprobisatu bat” zuela azaldu du Lahdouk; “inola ere ez” negozio bat. “Argi dago dirua behar dutela autogestionatzeko. Freskagarriak, garagardoa eta kalimotxoa salneurri herrikoietan zerbitzatuta ekitaldi piloa egin dituzte auzoa biziberritzeko”.

PPko ordezkari Oscar Fernandez Monroyk ere harriduraz hartu du erabakia, baina beste zerbaitegatik: “Lokal batek sei urte daramatza ekitaldiak irregularki antolatzen, eta udalak beste alde batera begiratu du”. PPkoak ez du nahi eraikin berriak gazteentzako gunerik izan dezan.

Eztabaida guztiaren erdian, gazte lokaleko ordezkariak eta udalekoak astelehenean dira biltzekoak. Baina oraingoan zaila dirudi akordiorako aukerak.