Bilboren erraiak agerian

Bilboren erraiak agerian

Natalia Salazar Orbe

Bilbo erraietatik begiratuta. Deustuko sifoiaren pasagunean sartu, eta, itsasadarraren azpitik Arte Ederren Museora arte, hiriburuaren barrenak agerian utziko dituzte. Saneamendu azpiegitura ibilbide turistiko bilakatuko da bi egunetan. Barrenak atzean utzi, eta 160 metro gora eginda, Bilboren ikuspegi zabala, irekia, erabatekoa, eskainiko dio bisitariari Iberdrola dorreak. Sekreturik gabe, dena agerian. Helburu hori du Bilboko Open House jaialdiak: normalean bisitarientzat itxita egoten diren eraikin edo espazio interesgarrien ateak zabalduko dituzte. Hiriburuaren ikuspegi ezohikoa eskainiko duen jaialdia bihar eta etzi gauzatuko dute. Denera, 47 espazio zabalduko dituzte, orain artean ikusi ez diren eran ezagutzeko.

Antzezlan biribilen okerrak saihesteko baliabideak eta agertokiari eta dekorazioari eusten dieten egiturak agerian geratuko dira; oihalaren atzean dagoen guztia ikusi ahal izango da, besteak beste, Arriaga antzokian. Gaurtik aurrera, bertan Tricicleren obra antzezteko beharrezko izango diren gako teknikoak azalaraziko dituzte, orain artean ez bezala. Ikus-entzuleentzako ezkutuan egon den atal logistikoaren gainean jarriko dute fokua, behingoagatik bederen. Bide berari jarraituko dio Euskalduna Jauregiko agertokien atzealdeak ere.

Herritarrek hirigintzaren diseinua eta planifikazioaren balioa uler dezaten nahi dute jaialdiaren antolatzaileek. Eraikin bakoitzak atzean historia eta erabaki zehatzak dituela agerian utziko dute. Hiriak bizitako momentu historiko garrantzitsuei lotutako hiru garai arkitektoniko azalaraziko ditu Open Housek: Bilbo komertziala eratzen duen garairik tradizionalena da bata: 1300. urtetik 1879ra bitartekoa. Bilbo industriala du ardatz bigarrenak: 1876tik 1983ra bitartekoa. Hiriko burgesiaren eraikinak barne hartzen ditu. Besteak beste, Txabarri eta Olabarri jauregiak eta garai hartako etxebizitzen eraikinek osatzen dute. Azkenik, zerbitzuen eta kulturaren Bilbo izendatu dute 1983tik 2017ra bitartean doan garaia. Eraikin modernoak dira garai horren adierazgarriak: Iberdrola dorrea zein San Mames estadioa, kasu. Hiru garai horietako arkitektura baliatuta, Bilboren garapena erakustea da helburua.

Etxebizitza bitxien katalogoari dagokionez, Euskadi plazan dauden Etxarrikoek badute berezitasunik. Hala azaldu dute jaialdiaren sustatzaileek: atari ikusgarria dute, eta kanpotik ezinezkoa da ikustea. Deustuko Etxe Amerikarrak ere etxebizitza moderno tipologia baten erreferente dira nazioartean. Beste era bateko interesa sor dezake ogiaren industriari lotuta dagoen Harino Panadera Iralako udal eraikinak.

Nola parte hartu

Eraikin ospetsuak eta etxebizitza edo espazio ezezagunak ezagutzeko bisitetarako ez da izenik eman behar. Parte hartu nahi duenak jaialdiaren web orrian sartu, eta katalogoan dauden espazioak bisitatzeko ordutegia zein den ikustea du onena.

Espazioetako bakoitza seinaleztatzeko, pegatina handi bat jarriko dute lurrean. Bertan, boluntario bat aurkituko dute, eta bisita zer-nola garatu behar den jakinaraziko die. 20 pertsona inguruko taldeetan antolatuta, beste horrenbeste minutuko bisitak egingo dituzte.

Katalogotik kanpoko jarduera berezi batzuk ere izango dira. Guggenheim museoari dagokionez, bi bisita berezi prestatu dituzte. Jeff Koonsen Puppy eskulturaren barrualdea ezagutzeko aukera emango du batak. Eta normalean ikusterik ez dagoen eraikinaren atal batzuk irekiko dizkie bisitariei besteak.