Zu, iraila

Nerea Ibarzabal

Buruilak uda ez du hiltzen, baina negua du oroitzen”, dio irailari dagokion egutegiko orriak. Argazkian sagar gorri batzuk saskiratzen ageri da norbait. Eta pentsatu dut asko esaten duela zutaz iraila bizitzeko duzun moduak, edo, are gehiago, hilabete bat bazina, ziur asko iraila zinatekeela.

Iraila da ingurukoen begiradak irakurtzea berriro- eta liburuak usaintzea. Bulegoko mahai bat da, udako beroak lurrunduko zituelakoan utzi zenituen mota guztietako tentsioak oraindik tiraderetan gordeta dauzkana. Derrigor, orain, idazten hasi behar duzun orri zuri bat da, inspirazio behartu bat, bertsolari txapelketa bat, ateak irekitzeari beldurra. Iraila elkarrizketa deseroso bat da, baina zeure buruarekin, iraila zeu zarelako.

Iraila erabakiak dira, zuri hainbeste gustatzen zaizkizun horiek, eta galderak etorkizunari buruz; besteek zutaz espero dutenari iskin egingo diozun beste behin, edo espero duten dena egingo duzun, beti bezala.

Tesiak, hizkuntzak, polikiroldegia, kanpora joan edo barrura begiratu, umerik oraindik ez edo bigarrena ekarri, zoriontasun indibidualaren edo ongizate kolektiboaren aldeko borrokan sakonduko ote duzun aurten. Irailak dena lotzera bultzatzen zaitu, eta itota sentitzen zara gero, iraila zeu zarelako.

Iraila da ez jakitea noiz eman gerra bat galdutzat eta borrokatzen jarraitzea, zure eguzkitako krema, soineko fin eta toallazko ezkutuari helduta. Aterki on bat erosteko momentua da, jakinik galdu egingo duzula —hainbeste gauza onekin gertatu izan zaizun moduan—. Iraila da argazkiak ikustea eta pentsatzea ez zarela inoiz hor bezain polit egongo bizitza osoan. Amaitutako gauzak idealizatzen ditu irailak, iraila zeu zarelako.

Irailak zeure onetik ateratzen zaitu, bi gauzaren artean egote horrek; ez jakiteak noiz den euri eta noiz bero, zerbait amaitzen ez jakiteak, zerbait hasten ez asmatzeak, eta birritan pentsatzeak biluzi aurretik.

Zeure onetik ateratzen zaitu, iraila zeu zarelako.

Eta hor zaude, parkean, tupea horitzen hasi zaien arbolen azpian, gaur eguzkia atera dela eta jertsetxo fin bat soilik hartuta soinean, dagoeneko hotzegia den iraileko haizeari entzungor eginez, eta disimuluan zeure burua besarkatuz epeltasun bila.

Hori baino metafora hoberik zure bizitzarentzat.

Hamaika urtaro, hileroko, azalberritze, ile mozketa, poz eta pena bizi izan dituzun arren, zeure baitan irail bat, trantsizio etengabe bat zaren horrek, oraindik ez duzulako zikloak onartzen ikasi.